2024-05-05
HomeEkintza SindikalaOtsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan

Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei otsailaren 16ko eta martxoak 24ko greba egunetara batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba ygunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz. Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen. Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok, ordea, ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da, beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera, gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban, bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean.

Bitartean, Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da.

Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatuak bi greba egunetara deitzen dugu, otsailaren 16 eta martxoaren 24rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia ere zabaldu nahi dugu; ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Mobilizazioen deialdiak:

-Otsailak 11: Kontzentrazioak (Gipuzkoako Erresidentzia guztietan)

-Otsailak 14: 10:00etan, auto karabana (Domus VI Erresidentziatik)

-Otsailak 16: 11:00etan, manifestazioa Bulebarretik

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.