2026-11-18
HomeEkintza SindikalaMuturreko prekaritate egoerak daude lan heriotza eta istripuen atzean

Muturreko prekaritate egoerak daude lan heriotza eta istripuen atzean

Irunen mobilizatu gara gaur, joan den astean bertan hildako langilea gogoan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Langile honek lehen lan-eguna zuen enpresan. 2022. urtea hasi besterik ez da, eta, gutxienez, bost langilek galdu dute bizia lanean. Honi gehitu behar zaizkio asteotan gertatutako lan istripu larriak, Añorgako Cementos Rezolan gertatutakoa, kasu. Azken istripu honen aurrean, kontzentrazioa egin dute gaur bertako langileek enpresa-batzordearen deialdiari jarraituz.

Hain zuzen ere, B.J. langilea oso larri dago Añorgako enpresan joan den ostegun arratsaldean istripua izan eta gero. Langile migrantea istripuaren ondorioz elbarri geratuko da. Langilea azpikontratatuko langilea zen, eta GERFOR SLU Bartzelonako enpresarentzat egiten zuen lan. Bi egun besterik ez zeramatzan enpresa horrek Cementos Rezolan lanean, eta istripua gertatu zen moduagatik (makina batekin lanean ari zela berau amildu zen 6 metroko altueratik) argi dago beharrezko prebentzio neurriak ez zirela hartu.

Azpikontratazioak heriotz arriskua areagotzen duela argi geratu da beste behin ere, eta migranteei buruz zabaltzen diren gezur handien atzean dagoen errealitatea azaleratu da berriro ere: asko eta asko lan baldintza gogorretan lanean ari dira, euren bizitza arriskuan jartzeraino.

LABek gertatutakoa salatzen du eta bere elkartasuna adierazi nahi dio ezbeharra jasandako langileari, eta Cementos Rezolan enplegu zuzenaren aldeko borrokan jarraitzeko konpromisoa hartzen du, azken hilabeteetako lanuzteekin egiten ari den moduan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek, ELAk, UGTk, CCOOk eta ESK-k greba-egunak deitu ditugu Petronorren azpikontratetan, negoziazioaren blokeoaren aurrean

Petronorren azpikontratetako langileek urteak daramatzate lan-baldintza oso gogorrak jasaten. Soldata duinak, enplegu-egonkortasuna, atsedenaldi egokiak, lan-arriskuen prebentzioa eta lan-baldintza duinak aldarrikatzea ez da pribilegioak eskatzea: findegiaren jarduera egunero posible egiten duten langileentzako eskubideak eta bidezko hobekuntzak dira.

Bertako LGS behar dugu, Euskal Herriko langileen errealitateari erantzuteko

Espainiako Gobernuak gaur onartu du Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera, baita langile publikoen soldaten %4,5eko igoera ere. LABen ustez, erabaki horiek langile batzuen egoera ekonomikoa hobetuko badute ere, Hego Euskal Herrian eragin mugatua izango dute, eta ez diete gure langileen beharrei erantzungo. Gainera, langile publikoen soldaten igoera Madrildik inposatua eta ez-nahikoa da.

Beste mobilizazio egun bat Osakidetzan

Mahai Sektorialean aurrerapauso nahikorik ez dagoenez, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu gaur lan zentro guztietan: 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretan.