2024-05-06
HomeEkintza PolitikoaEgoerak erronka berriak eskatzen ditu: lan erreformaren indargabetze osoa eta lan kode...

Egoerak erronka berriak eskatzen ditu: lan erreformaren indargabetze osoa eta lan kode propioaren garapena

Publikatu diren langabeziaren datuen arabera, enpleguak errekuperatzen jarraitzen du, dagoeneko pandemia aurreko zenbakietan kokatuz. Hego Euskal Herrian 1.076 langabe gutxiago dauzkagu, eta afiliazioak ere gora egin du.

Enpleguaren ikuspegitik datu positiboak dira, izan ere, enplegua behar dugu kalitatez bizitzeko, baina enplegu horrek bizitza duina izatea ahalbidetu behar liguke, eta hor dugu koxka. Izan ere, badugu orain urte gutxiko esperientzia: 2008aren ondorengo urteetako krisi ekonomikoa 2012ko lan erreformarekin kudeatu zen, kaleratzea erraztuz, negoziazio kolektiboa ahulduz eta finean, langileriaren eskubideak erasotuz patronalaren interesen aurrean. Eta “errekuperazio” urteak izan omen ziren horietan ere araudi berarekin jarraitu genuen, errekuperazio hori ez zen langileon mesederako izan, ezta gutxiago ere. Norbaitzuk esango digute sindikatuok propaganda hitzak erabiltzen ditugula, beti kritikarako prest. Baina guk datuek diotena berretsi besterik ez dugu egiten.

Azken hamarkadan jendartearen pobretze eta prekarizazioa hedatu da. Egun, Hego Euskal Herrian orain dela 10 urte baino pobrezia arrisku tasa altuagoetan gaude. Hitzarmen kolektiboen babesa duten langile kopuruak behera egin du nabarmen, nahiz eta azken urteetan langile gatazkak eta grebak ugaritu ahala babesa zertxobait hobetu ahal izan dugun. Soldata arrakala batzuk estrukturalki mantendu dira, generoaren araberakoa kasu, eta beste batzuk handitu egin dira: gazteen soldata eta batezbestekoaren artekoa, soldata altu eta baxuenen artekoa edota nazionalitatearen araberakoa. Horri, urte hauetan eros-ahalmenaren galera orokorra gehitu beharko genioke, sektore kalteberenak izanik gehien galdu dutenak: gazteak, soldata baxuena dutenak eta migranteak.

Gainera, pandemiari aurre egiteko harturiko neurrien ondorioz sorturiko krisia ere araudi berarekin kudeatu dute, eta argi geratu da gurean, patronalaren beharren arabera erabili eta botatzeko enplegua sortu izan dela. Gogoan izan behar dugu zein erraza izan zen hasierako hilabeteetan langileak kaleratzea, lehen hilabeteetan galdu zen enpleguaren %90 baino gehiago behin-behinekoa baitzen. Hilabete honetan errekuperatu den enpleguaren %88a ere behin behinekoa izan da.

Eta luze jarraitu genezake prekarizazio modu berriez, digitalizazioaren arriskuez etab. hitz egiten. Langileriarentzat errealitatea gogorra da eta etorkizuna arriskuz betea. Horregatik dugu hain beharrezkoa lan erreformaren indargabetze osoa eta etorkizuneko erronkei aurre egingo dien lan legediaren garapen propioa.

Espainiar Estatuan lan erreformaren “indargabetzea” ari dira negoziatzen. Kezkaz begiratzen diogu Madrili, ez baitugu egoerak eskatzen duen moduko aldaketarik ikusten, dirudienez, ez dago agendan langileontzat hain kaltegarriak izan diren hainbat neurri aldatzea, kaleratzeak erraztea kasu.

Langileriak lan erreforma indargabetze osoa behar du, premiaz. Langileria babestuko duen lan araudia beharrezkoa dugu, eta argi dugu hori ez dela Madriletik etorriko. Bertako lan araudia, lan kode propioa, bertako langileei eta errealitateari erantzungo diona. Hori da LABen eskaintza.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.