2026-11-07
HomeEkintza PolitikoaEuskal Herrian ez daukagu kalitatezko enplegu berria sortzeko behar dugun baliabiderik

Euskal Herrian ez daukagu kalitatezko enplegu berria sortzeko behar dugun baliabiderik

Enplegua errekuperazio zantzuak erakusten hasi da urrian. Adin tarte guztietan eta emakume zein gizonezkoen artean irailean baino langabezia gutxiago zenbatu da, irailean baino 1.623 langabe gutxiago dauzkagu egun. Urte arteko bilakaera aztertuz gainera, iaz data hauetan baino 26.822 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Beraz, enplegua errekuperatzen ari dela esan dezakegu.

Zein da, ordea, errekuperatzen ari den enplegua? Aurreko asteko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak konfirmatu ditugu gaurkoan. Izan ere, iazko urtearekin alderatuz, 25 urte azpiko gazteak izan dira enplegua gehien errekuperatu dutenak, batez beste %15 jaitsi bada langabezia; gazteen kasuan %26 izan da aipatu jaitsiera. Gogoan izan behar dugu pandemia lehertu osteko lehen hilabeteetan gazteen enplegua izan zela gehien galdu zena alde handiarekin, eta egun ere, 2019ko datuekin alderatuz, gazteak dira langabezia datu okerragoak metatzen dituen kolektiboa.

Gazteen enplegua ari da errekuperatzen, beraz, sektore kalteberenen enplegua, prekarioa, behin-behinekoa. Aurtengo urrian egin diren kontratu guztietatik %92 behin-behinekoa izan da. Datuek beren kabuz hitz egiten dute.

Atzo jaso genuen berriaren arabera lan erreforma indargabetuko dute Espainiako Estatuan. Kalitatezko enplegua sortzeko ezinbesteko baldintza da hori, lan erreforma indargabetzea, eta arau berriak ezartzea. Titularretatik haratago, indargabetze hori nolakoa izango den, nolako enplegu araudia adostuko duten, patronalaren interesei aurre egiten ausartuko diren… ikusteke dago oraindik. Hainbatetan esan dugun moduan, lan erreforma indargabetzea ezinbesteko baldintza da kalitatezko enplegua sortzeko, baina ez bakarra.

Politika sozioekonomiko guztiek errotiko aldaketa eskatzen dute. Egun gertatzen ari den produkzio sistemaren krisia ikusi besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Esku-lan merkea bilatuz eta kutsadura beste herrialde batzuetara esportatuz bertako industria beste herrialde batzuetara, Asiara batik bat, lekualdatu zuten. Orain, mikrotxip-ez gain hainbat lehengaien falta dugun honetan beste herrialde batzuetako produkzioari diogun menpekotasuna agerian geratzen ari da, Euskal Herriko eta mundu osoko produkzio sistema ez dela sostengarria. Are gehiago, sostengarria ez izateaz gain aberastasuna esku gutxi batzuetan metatzea errazten du, bertako eta beste herrialde batzuetako langileen kontura milioi askotako irabaziak izan dituzten enpresek erruz banatu baitituzte dibidenduak, eta orain, lehengai falta dutela argudiatuz euren burua kaltetu gisa aurkezten digute, langileen aurkako neurriak hartuz.

Egoera honetan Madrilera begira soilik jarraitu ahal dugu: lan erreforma indargabetzen duten, nolako erreforma adosten duten, aldaketarik badagoen politika ekonomikoetan… edota horrez gain, Euskal Herrian, bertako errealitateari erantzungo dion proposamenak eraikitzeari ekin. LABek bigarren honen aldeko hautua egiten du, Euskal Herriak behar duen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan proposamenak eta urratsak eginez eta langileon lan eta bizi baldintzen duintzea lortzeko eztabaidak irekiz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.