2026-06-14
HomeEkintza SindikalaLangileentzako bermeak izango dituzten pleguak eskatu dizkiogu Nafarroako Gobernuari esku-hartze sozialeko sektorean

Langileentzako bermeak izango dituzten pleguak eskatu dizkiogu Nafarroako Gobernuari esku-hartze sozialeko sektorean

Prentsaurrekoa eman dugu gaur Iruñean. Honekin, Nafarroako Gobernuak berriki argitaratu eta aldatu dituen baldintza agiriek esku-hartze sozialaren sektorean izango dituzten ondorio larriak salatu ditugu: kaleratzeak, kategoriaren degradazioa, Nafarroako Hezitzaileen Eskolan tituludun diren pertsonak hezitzaile-kategorian sartzeko ezintasuna eta hizkuntza-diskriminazioa. Egoera honen aurrean, mobilizazioa deitu dugu datorren abuztuaren 11rako, asteazkena, 11:00etan, Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Sailaren aurrean, Iruñeko Gonzalez Tablas kaleko 7.ean, eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diegu sektoreko langileei.

Martxoaren 16an, Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmenaren batzorde paritarioak, patronalak eta alderdi sozialak, lizitazio berrien aurrean, Nafarroako Autonomiaren eta Pertsonen Garapenaren Agentziari eskatu genion sektorean bi urteko esperientzia duten pertsonak gaitu zitzatela lanean jarraitzeko eta kontratazio berrietan hezitzaile izan ahal izatea sektorean bi urteko esperientzia duten hezitzaile laguntzaileak.

Maiatzaren 6an, sektoreko LABeko ordezkarien eta Nafarroako Autonomiaren eta Pertsonen Garapenaren Agentziako zuzendari kudeatzailearen arteko bileran, jakinarazi genion agentzia horri, ondorio larriak izango zituela adingabeen pleguek integratzaile sozialak hezitzaile gisa ez onartzeak.

Uztailaren 12an, argitaratutako pleguekin, 100 langile baino gehiago kaleratuko zituztela salatu genuen, Eskubide Sozialen Sailean elkarretaratze bat eginez eta zuzendariarekin bilduz. Bilera horretan, sektoreko langileak babesteko beharrezko zuzenketak jasoko zituztela adierazi ziguten.

Ordutik beste behin bildu gara Nafar Gobernuko ordezkariekin eta beste bitan patronalarekin, gure kezka eta eskaerak proposamen ezberdinetan batuz.

Gaur emandako prentsaurrekoan salatu dugu Nafarroako Gobernuak uztailaren 28an argitaratutako adingabeen pleguek eta horien zuzenketek sektoreko langileak kaleratzen jarraitzen dutela, titulazioak lortzeko eta lanpostuei eutsi ahal izateko aldi baterako aukerarik eman gabe jarraitzen dutela, euskara diskriminatzen jarraitzen dutela eta eragozten dutela hezitzaile eskolako integratzaile sozialak, egunen batean, hezitzaile izan ahal izatea.

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu pleguak geldiarazteko eta plantillak kontuan hartzeko, trantsizio-prozesu ordenatua eta bermeduna ahalbidetzeko, betiere sektoreko langileen eskubideak errespetatuz. Nafarroako gizarte- eta lan-errealitatearekin bat datozen pleguak behar dira, arlo sozialeko titulazio guztiak barne hartzen dituzten diziplina anitzeko taldeak sortuz, esku-hartze eraginkorrerako beharrezkoak baitira.

Kaleratzeei ez!

Plegu duinak, plantillen bermeekin!

Inposaketa gehiagorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.