2026-02-01
HomeOsasungintzaOsasungintzaSinatu egin dugu Osakidetzako langile guztiontzat den aintzinatasunean oinarritutako Garapen Profesionalaren ez-ohiko...

Sinatu egin dugu Osakidetzako langile guztiontzat den aintzinatasunean oinarritutako Garapen Profesionalaren ez-ohiko deialdia

Osakidetzak gaurko bileran mahai gainean jarritako garapen profesionalerako ezohiko deialdia sinatu egin du LABek, historikoki babestu dugun garapen profesionalaren eredu berriaren ezaugarriak jasotzen dituena.

Gaur sinatutako ezohiko deialdiaren proposamena, gure eredua izan gabe eta gabezia nabarmenak dituena, aurrerapauso garrantzitsua da Osakidetzak langileekin duen zorra konpentsatzeko eta guztiak parekatzeko urratsak ematen laguntzeko. Ildo horretan, LABetik nabarmendu nahi dugu deialdi hau, lehen aldiz, langile guztientzat dela, antzinatasunean soilik oinarritzen delako, eta prestakuntzaren negozioa eta trikimailua kanpoan uzten duelako; eta deialdi hau ere, lehen aldiz, guztiz objektiboa izango da, buruzagitzen irizpide subjektiboak kontuan hartzen ez direlako. Horregatik LABetik defendatzen dugu deialdi honen ezaugarriek markatu behar dituztela Osakidetzak idatziz negoziatzeko konpromisoa hartu duen GP eredu berriaren oinarriak. Esan dezakegu gaur LABek sinatu duen deialdiak hobekuntza nabarmena dakarrela Osakidetzako langile guztiei lapurtutako eskubide baten berreskuratzean eta langile arteko lan-baldintzak parekatzeko bidean ere.

Hala ere, ezin dugu ahaztu Osakidetzako zuzendaritzek urte hauetan guztietan izan duten jarrera: garapen-eredu berri bat negoziatzeari uko egin diote, eta martxan zegoen deialdi bat eta hurrengo deialdi guztiak bertan behera utzi dituzte. Horrek guztiak langileen arteko konparaziozko bidegabekeria onartezinak eragin ditu. Alde horretatik, gogorarazi nahi diogu Osakidetzari ezohiko deialdi honek ez duela erabat kitatzen Osakidetzak langileen zati handi batekin duen zorra, hainbat urtez ukatu baitzaie lanbide-garapenerako eskubidea.

Bestalde, Osakidetzak konpromisoa hartzen du eredu berriaren negoziazioak irauten duen bitartean urtero ohiko deialdiak egiten jarraitzeko, baina eredu zaharrean oinarritutako deialdiak izango dira. LABetik Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala atzerapausorik eman eta, eredu berririk ez dagoen bitartean, eutsi diezaiola LABek sinatu duen ezohiko deialdi honen ezaugarriei: maila antzinatasunagatik soilik lortzea, Osakidetzan bertan behar beste prestakuntza ez izatearen mende egon gabe eta kanpoko enpresei erosi behar izan gabe, eta hurbileko buruzagitzen balorazioen mende egon gabe, langileen otzantasuna bermatzeko presio-bide gisa erabiltzen baita.

Azkenik, gogoratu nahi dugu langileen borrokak eta presioak bultzatu dutela Osakidetza horrelako proposamen bat egitera, Osakidetzak berak bere garaian garapen profesionalerako deialdiak bertan behera uztean sortu zuen gatazka bati irtenbidea emateko.

LABek Osakidetzan duen konpromisoa da langileen lan-baldintzak eta eskubideak benetan hobetzea eta eredu alternatibo negoziatua defendatzea, eta bi irizpide horietan oinarrituta babestu dugu gure sinadurarekin garapen profesionalerako deialdi hau.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...