2026-10-08
HomeZerbitzu PribatuakTrenbideakAbuztuan aparteko 1000 ordutik gora egingo da Metro Bilbaon

Abuztuan aparteko 1000 ordutik gora egingo da Metro Bilbaon

Aste Nagusiko eta Munduko Saskibaloi Txapelketako zerbitzu gehitzeak eraginda. Zuzendaritzak nahiago ditu ezohiko ordu horiek behin behineko langileekin egin enplegua sortu baino.

LAB sindikatuak salatzen du abuztuan 100 txanda osagarritik gora egingo direla Aste Nagusirako eta Munduko Saskibaloi Txapelketarako gehitutako zerbitzuak bete ahal izateko, hiriarteko trenak prentsa oharrean aitortu duenez. Zuzendaritzak duela urtebete zuen bi hitzordu horien berri baina aurreikuspenik ez izateak Metro Bilbaoko gidari eta geltokietako langileei aparteko orduak eragitea dakar.

Enpresa batzordeak zuzendaritzarekin izan zuen azkeneko bileran, abuztuaren 6an, LABek txanda horiek egiteko aparteko orduak egiteaz gain, ordu horiek geroago atseden ordu gisa berreskuratzeko aukera ere eskaintzeko proposatu zuen. Enpresak onartu zuen proposamena baina aitortu zuen txanda gehienak, %80tik gora, jada esleituta zeudela ordurako.

LABek gogorarazi nahi du duela hilabete gutxi kanpoko hautaprobak izan direla Bezeroen Arretan, Gidatzen eta Eremu Teknikoan aritzeko langileak bilatzeko. Geltokietarako hautatu dituzte jada 11 pertsona, honezkero lanerako prestatuta daudenak, baina gidatzeko, ordea, atzeratuta doa prozesua eta, hartara, oraindik ez dago arlo hori indartuko duen behin behineko langilerik. Aurreikuspen falta horri gehitzen bazaio enpresako zuzendaritzak, hiriarteko trenaren 19 urteotan, beti nahiago izan duela aparteko orduak ordaindu enplegua sortuko lukeen beste edozein neurri baino. Oraingoan txanda osagarri eta txanda luzatuen artean abuztuan eta iraileko lehenengo egunetan aparteko 1.000 ordu inguru sartzea ekarriko du. LABek zorrotz aztertuko ditu tarte horretan ordaintzen diren aparteko orduak, Langileen Estatutuak inork urtean ordaindutako 80 orduko lege mugarik gainditu ez duela egiaztatzeko.

LAB sindikatuak eskatzen du Metro Bilbaon aparteko orduak ZERO izan daitezen, edo oso gutxi izan daitezen, zerbitzua okerren doan egoeretara mugatuz, baina ez daitezen erabili zerbitzu bereziak eskaintzeko eta zerbitzua areagotzeko. Aparteko orduak ez dira lan banaketarekin bateragarriak. Metro Bilbaoren jarduera eremuan langabezia tasa kezkagarria dago eta aparteko orduak egiteak ez du indize horiek jaisten laguntzen. Bizkaiko Foru Aldundiak dioenez, munduko txapelketa horrek 314 enplegu berri sortu eta lehendik zeuden 581 lanpostu mantenduko ditu ostalaritzan, eraikuntzan, denda txikietan, higiezinen jardueretan, edari eta argindar alorretan. Eremu pribatuan denak. Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren mendeko Metro Bilbao bezalako enpresa publiko batean, ordea, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortu beharrean aparteko orduak egitea sustatzen da. .
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.