2024-05-17
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzarako garapen profesionalerako eredu berri bat proposatu dugu osasuneko mahai sektorialean

Osakidetzarako garapen profesionalerako eredu berri bat proposatu dugu osasuneko mahai sektorialean

Mahai sektorialaren bileran, aurreko ereduan oinarritutako garapen profesionalerako ezohiko deialdi baten proposamenaren aurrean, LABek Osakidetzan eredu berri bat aplikatzea aldarrikatu du eta erakundearen zuzendaritzari eredu berri hori definitzeko negoziazio-esparru bat irekitzeko eskatu dio.

LABek oso jarrera argi eta kritikoa izan du Osakidetzan 2005ean ezarri zen garapen profesionalaren ereduari buruz. Zentzu honetan planteatu dugu garapen profesionalaren eredu bat, asistentziaren kalitatea hobetzea helburu duena, eta langileei ere aintzatespena ematen diena lan-baldintzak hobetuz. Izan ere, proposatzen dugun eredu berriak ezaugarri hauek izan beharko lituzke:

  • Langileen eskubidea izatea.
  • Burutzen balorazio subjektiboak ezabatzea, prozesu guztiz objektiboa, automatikoa eta unibertsala izanik, motibazioa, parte-hartzea eta talde-lana giltzarriak direlarik.
  • Merezimenduak aldatzea. Euskararen ezagutzaren eta erabileraren balorazio nabarmena. Irizpide klasistak kentzea, kategoria guztietarako merezimendu berberak baloratuz.
  • Genero ikuspegia kontuan hartzen duena.
  • Ordainsari ekonomikotik haratago joatea. Ordainsari hori soldatan sartu behar da, eta izaera lineala izan behar du, hau da, kopuru berdinak kategoria guztietarako edo diskriminazio positiboa diru-sarrera txikienak dituzten kategoriekiko.
  • Erabateko aldaketa prestakuntzari buruzko ikuspegian, ikastaroen negozioarekin amaituz eta aukera-berdintasuna bermatuz mundu guztiarentzat, baita gaur egun Osakidetzako ikastaroetan sartzeko aukera oso gutxi duten kategoria eta pertsonentzat ere. Prestakuntza Osakidetzak eskaini behar du, eta lanbide-talde guztietara iritsi behar du, modu unibertsalean, egonkorrean eta eguneratuan.

Bestalde, EPE berriari dagokionez, aurreko bileran egindako 3.545 lanpostuko eskaintzari eutsi zaio, baina Osakidetzak 40 plaza gehitu ditu familiako mediku kategorian. LABek berriro adierazi du kopuru hori ez dela nahikoa Osakidetzako egoera larriari aurre egiteko, plantilla zahartuta dagoelako, erretiro-zifrak gora egiten ari direlako, langileen egiturazko defizita dagoelako eta behin-behinekotasuna %40koa delako. Salbuespenezko egoera horrek, Osakidetzarena ezezik euskal administrazio publiko osoarena ere badenak, salbuespenezko neurriak eskatzen ditu, hala nola plantillak finkatzeko prozesuak abian jartzea eta Euskal Herrian lege propio bat ezartzea, Madrilgo legediak eta EAJren interesek ezarritako mugetatik askatzea ahalbidetuko diguna. Finkatzeko EPE horien aurretik, LABek aspalditik eskatu du plantillan sartu behar direla gaur egun kontabilizatzen ez diren baina egiturazko eta beharrezko funtzioak betetzen dituzten behin-behineko milaka lanpostuak. Osakidetzak berak gaurko bileran adierazi duenez, 4.162 lanpostu zenbatu ditu.

Azkenik, behin-behineko kontratazioetan ere euskararen ezagutza bermatzeko eskatu dio LABek Osakidetzari, erakunde publikoan euskararen erabilera normalizatzeko bide bakarra baita, Euskara Planak berak eta Eusko Legebiltzarrak eskatzen duten bezala. Egia da azken zirriborroak Euskara Planak agintzen duenera hurbiltzeko pauso txiki bat eman duela, baina oraindik ez dugu ikusten Osakidetzaren aldetik behar besteko bermerik eta borondaterik.

Ildo horretan, SATSE erizainen sindikatuaren jarrera aipatu nahi dugu, Osakidetzako zuzendaritzak proposatutako urrats txiki hori kritikatu baitu, eta, beraz, bizkarra ematen zaio eta oztopoak jartzen zaizkio euskararen erabileraren normalizazioari Osakidetzan, euskal herritarren eta erakunde publikoko langileen hizkuntza-eskubideen aitortzan eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko ahaleginean gutxien egiten duen euskal administrazio publikoan, alegia.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Eman haizea euskarari lelopean egingiko mobilizazioan parte hartu dugu LAB sindikatuko kideok. Iruñeko hainbat auzotako gurasoek bultzatutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik haurrak euskaraz eskolatzeko eskubidea aldarrikatzea xede izan duena.

Herritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen dugu Profersarako

Trantsizio ekosozialaren aldeko apustuan berresten gara, ekoizpen-ereduaren jasangarritasuna, ingurumena eta bizitzen zaintza uztartuko dituena, enplegua eta lan-baldintzak mantenduz.

Imarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko

LAB, Hiru, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, "Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du" lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.