2026-08-01
HomeEkintza SindikalaNiesseneko LABek Adegiren blokeorako jarreraren aurrean duen kezka Urkulluri helarazi dio

Niesseneko LABek Adegiren blokeorako jarreraren aurrean duen kezka Urkulluri helarazi dio

ABB taldeko Oiartzungo Niessen enpresak 100 urte betetzen dituela eta arduradunek Jaurlaritzako, Aldundiko eta Errenteria eta Oiartzungo agintariak gonbidatu dituzte. Enpresa Batzordeak bisita aprobetxatuz Eusko jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta gainerako erakunde-arduradunei zuzenduriko gutun bat igorri diote Urkulluri. Gutunean Adegi patronala negoziazio kolektiboan hartutako blokeorako jarreraren aurrean duten kezka eta ezinegona adierazten dute.

ABB Niesseneko LABeko Sail Sindikalak Urkulluri emandako gutuna

ABB Niesseneko LABen sail sindikalak, gutun honen bidez, gure kezka eta ezinegona adierazi nahi dizue Adegi patronala, oro har, negoziazio kolektiboa, eta guri dagokigunez, Gipuzkoako metalgintza hitzarmena blokeatzen ari delako.

Adegik baztertu ditu sindikatuek egin dituzten eskaintza guztiak Gipuzkoako metalgintza hitzarmena berria sina dadin, berau izanik Gipuzkoako metalgintza sektorean, gure enpresa horretan sartuz, lan egiten dugun langile gehien gehienen lan harreman eta eskubideen oinarri.

Adegik arbuiatu zuen ere Eusko Jaurlaritzaren eskaintza, Euskadiko hitzarmen kolektiboak salbatuko zituen Lanbide-arteko hitzarmena lor zedin. Diren sektoreko hitzarmen kolektiboak negoziatu eta babestu zitzan eskatu dien Eusko Legebiltzarrari nahiz Gipuzkoako Aldundiari entzungor egin die.

Berriki, eta aurreko guztiak gogobetetzen ez zuenez, Adegik urrats berria egin du, eta jendartera ekarri du lan harremanen indibidualizazioa helburu zuen eta zorionez ahazturik geneuzkan garaietara leheneratzen gintuen proposamena, gaur arte sortu den elkar-hartze soziala eta laborala suntsituz.

Adegik, hortaz, prekarizazioaren eta lan merkatua desarautzearen eta mehatxuan eta ezarpenean oinarritzen den lan harremanen eredu baten aldeko hautu irmoa egin du.

Adegik lan erreformaren aldeko jarrera garbia hartu du; erreforma Gipuzkoako gizartearen eta politikari gehienen sostengua ez izateaz gain, gure gizartean txirotasun eta desberdintasun handiagoa sortzen ari da.

Adegiren jarrera honek, batik bat, enpresa txiki eta ertainen arteko sinergia eta lankidetzan oinarritzen den gure industria-ehuna suntsi dezake. Hauen eredua ez da oinarritzen balio erantsiaren, kalitatearen, teknologia eta prestakuntzaren eta lanbide-trebakuntzaren aldeko hautuan, Gipuzkoa lehiakorragoa izan dadin. Langileen soldatak murriztuz eta lan baldintzak kaskartuz aurreztu nahi dute soilik.

Lehiakorrak izatea eta lan baldintza duinak edukitzea bateraezinak ote dira? Ez al da bata bestearen berme? Adegik Europari baino, Espainiari egiten dio so. Han ez dago konponbiderik, txirotasun gehiago eta krisialdi handiagoa baizik.

Adegik ez ditu babesten, ez eta ordezkatzen ere, Gipuzkoako enpresarien interes orokorrak, are gutxiago haren gizartearena. Ez dio axola Gipuzkoa pobrea izatea, bertan ezberdintasuna nagusi izatea eta autoritarioa izatea, horrela gutxi batzuen irabaziak areagotzen direla bermatzen baditu.

Egoera honelakoa izanik, klase politikoak, oro har, ez dezake ezikusiarena egin. Hau ez dugu patronalaren eta sindikatuen arteko arazoa. Zer nolako herri nahi dugun, sortzen den aberastasuna nola banatu dago jokoan eta batez ere, nolako harreman mota sortuko den. Negoziazio kolektiboaz mintzatzen garenean, hortaz, guztiz politikoa den gai bati buruz ari gara.
Honela, ABB Niesseneko LABen sail sindikalak klase politikoari eskatzen dio ez dezala inondik inora babestu Adegi, bere interesak Gipuzkoako jendartearen interesen aurrean jarriko dituen bitartean eta gizartearen gehiengoaren interesak eta gure herrialdearen benetako ekonomia babestuko ez dituen bitartean.

ABB Niesseneko LABeko Sail Sindikala

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.