2026-10-01
HomeEkintza PolitikoaPikete Feministak instituzioak interpelatu ditu, zaintza lanak behingoz aitortu ditzaten

Pikete Feministak instituzioak interpelatu ditu, zaintza lanak behingoz aitortu ditzaten

EAEko gizarte zerbitzuetan grebara deitu dugu martxoaren 4aren etorrerarekin. Zaintza lanak aitortzea aldarrikatuko dugu goizean goizetik, funtsezkoak diren sektore feminizatu hauetan dagoen prekarietatea salatzeaz gain, sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario baten alde. Hain zuzen ere, Pikete Feministak Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleak hartu ditu, eta instituzioak interpelatu ditu.

Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hasi dugu Pikete Feminista; Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Gasteizen ere instituzioen itzulia egin dugu. Hiru hiriburuetan gune esanguratsuetara eraman ditugu gure aldarriak; Bilboko Misericordia helduen egoitzara edo Donostiako Askatasunaren Hiribidera, kasu. Azken honetan, protestaren baitan errepidea moztu dugu bost minutuz, gure aldarrikapenak jendarteratzeko:

-Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.

-Gizarte zerbitzuen eredua aldatu behar da; besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.

-Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.

-Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak hartu behar dira, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratuz. 

-Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.

-Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zainketa-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.

Azken finean, gizarte zerbitzuen sistemak eredu aldaketa oso bat behar du. Urteak daramatzagu langile, erabiltzaile eta erabiltzaileen senitartekoak administrazio ezberdinak interpelatzen. Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz. Gizarte zerbitzuak publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartu behar dira instituzioetan. Langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartzea beharrezkoa da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.