2025-12-13
HomeEkintza PolitikoaHerriaren hitzan eta langileriaren interesetan oinarritutako bigarren trantsizioaren beharra aldarrikatu du LABek...

Herriaren hitzan eta langileriaren interesetan oinarritutako bigarren trantsizioaren beharra aldarrikatu du LABek Nafarroarako

Gaur goizean egindako agerraldian, LAB sindikatuak Nafarroan indarrean egon den erregimenarekin amaitu eta herri alternatiba osatzearen beharra azpimarratu du. Ainhoa Etxaidek adierazi duenez, “Nafarroan horrelako aldaketa bultzatu eta lortuko duena Herria da. Aldaketa ez da gaur egungo parlamentutik etorriko, ez da azken hamarkadetako erregimena sustengatu duten alderdietatik etorriko. Ildo honetan, PSNk egiturazko arazoa dauka: Madrilen menpe dago, eta ondorioz Madrilen zehazten diren interes partidistak nafarren gainetik jartzen ditu. PSN ustelkeriaren parte da, indarrean egon den erregimenaren gatibua da”.


Era berean, Etxaidek UGT eta CCOOen jarrera deitoratu du: “langileek eta gehiengo sozial zabalak eskatzen duen aldaketari bizkarra eman diote, Barcinaren morroi azalduz eta UPN-PSN itun berria eskatuz”. LABen ustez, Alberto Pascual UPNko kargua eta Nafarroako Kutxako Idazkari ohia Lan Auzitegiko idazkari izendatzeak aipatutako morroitzaren adierazle da. “Zer nolako mesedeak zor dizkiote UPNri, Pascual bezalako testaferro bati babesa emateko?” galdetu du Igor Arroyok.

“Atzo Patronalaren burua den Sarriák argi eta garbi azaldu zuen zer den elite ekonomikoari komeni zaiona, UPN eta PSNren arteko ituna. Nabarmen geratu da elite ekonomikoa erregimena berritzeko lanean ari dela. Eta zoritxarrez, UGT eta CCOOek ere horrekin bat egiten dute”. Gauzak horrela, Arroyoren iritziz “jadanik ez dago lekurik inongo sektore kritikorako PSN, UGT edo CCOOen baitan”.

LABen ustez, Nafarroan alternatiba oso bat eraiki beharra dago, bai lantokietan, bai kalean eta baita Parlamentuan ere. Ainhoa Etxaideren hitzetan, “Nafarroak bigarren trantsizioa behar du, lehenengoaren okerrak errotik zuzenduko dituena, alegia, erabakitzeko eskubidean eta langileen interesetan oinarrituko dena. Gobernua aldatzea mugarria izango da trantsizio horretan. Baina aldaketa prozesua bururaino eramateko, eragile sozial eta sindikalek nafar bizitzan paper eta protagonismo berria jokatu behar dute. Alternatiba errealak eraikitzen dituen eta politiketan aldaketak behartzen dituen gehiengo sindikal eta sozial berriak osatzea da Nafarroan benetako trantsizioa lortzeko berma”.

Patronalaren menpeko kontzertazio sozialaren eredua gainditu eta klase ikuspegitik benetako herri alternatiba eraikitzeko beharra defendatzen du LABek. "Erregimena berritzeko saiakeren aurrean, aldaketa sozial eta politikoari bide emateko Herri mobilizazioari eutsi behar zaio". Ildo honetan, datozen egunetan dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Igor Arroyok: “Gaur bertan Lizarran hasi den Euskal Herriko Duintasun Martxan, martxoaren 22an euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioan, apirilaren 5ean abortatzeko eskubidearen aldeko nazio manifestazioan edota apirilaren 12ko “Aldaketaren Plaza” ekimenean, Nafarroan aldaketa sozial eta politikoa eskatzen duen mugimendu anitza irudikatuko da”.
 

Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia
 «Erregimen espainolistarekiko alternatiba Herriaren eskutik etorriko da»
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...

Pasaiako Udalak azpikontratatuta duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko akordioa lortu dugu

ELA eta LAB sindikatuek hitzarmen kolektibo berri bat sinatu dute Pasaiako udalak Matia Goxara enpresaren bidez azpikontratatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko.