2026-09-07
HomeEkintza Politikoa35/02 sumarioa baliorik gabe gera dadila eskatu dute CGT, CNT, EHNE, ELA,...

35/02 sumarioa baliorik gabe gera dadila eskatu dute CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE EILAS sindikatuek

CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE EILAS sindikatuek 35/02 sumarioaren epaiketa euskal jendarte guztiari erasaten diola salatu eta bere baliogabetzea exijitu dute.

CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen oharra 35/02 sumarioaren harira

«Sei hilabetetik gora luzatu da Madrilen berrogei pertsonaren kontra izandako auzia; hauetako asko Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko eta Batasunako kide izan ziren, edota Euskal Herritarrok koalizioko buru.

Hilabete hauetan jende, eragile eta erakunde ugarik egin ditu auzibide honen aurkako adierazpenak, baita enpresa-batzorde askok ere. Espero zen moduan, ez da inolako egintza konkreturik zehaztu frogatze aldera auziperatuek ETArekin lotura izan edota harekin kolaboratu zutenik. Joera ideologiko desberdineko hainbat legelari ospetsuren esanetan “inguruaren teoria” delakoa erabiltzen da esparru ideologiko edo kultural bat inkulpatzeko eta auzitara eramateko; haatik, kontzeptu hori guztiz lausoa eta arbitrarioa da.

Prozesua hasi aurretik gertatu ziren irregulartasunez gainera (beharrezko ez ziren atxiloketak, inkomunikazioak, espetxeratzeak, fidantza izugarriak, kontu korronte blokeatuak, Estatuko lurraldetik ateratzeko eragozpenak, aldika sinatu beharra, txosten alderdikoiak…) aipatu behar da epaiketan egin diren frogak polizien testigantza beste oinarririk ez dutela izan, eta halako praktikarik Europa guztian ez da ezagutzen.

Beraz, kargu-froga gisa agertu dira delitu ez ziren ekintzak, baita hala aitortu ere; pertsonen eta erakundeen helburu politikoak juzkatzen dira, ez erabiltzen dituzten bitartekoak; jardun politikoa epaitzen da, ez zigorgarriak liratekeen egintzak.

Epaiketa hau ez da auziperatze arbitrarioa pairatu duten pertsonen aurkako eraso hutsa; izan ere, euskal jendarte guztiari ere erasaten dio, honek egoera benetan demokratiko eta librera iritsi nahi duenean, non ez den jazarpen eta auzibide politikorik gertatuko.

Horregatik, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE EILAS organizazioek eskatzen dute prozedura baliorik gabe gera dadila, akusatuei absoluzioa eman diezaietela edota artxiba dadila, auziperatu guztiak aske gera daitezen.

Halaber, honakoa exijitzen dugu:

• Epaiketa politiko gehiagorik ez dadila izan
• Auzibide judizialetan bazter dadila etsaiaren zuzenbide penala aplikatzeko praktika
• Baldintzarik gabe errespeta daitezela aniztasun politikoa eta oinarrizko eskubideak, hala nola elkartzekoa, askatasun ideologikoa eta adierazpen askatasuna
• Bizikidetza demokratikorako oinarri sendoak ezar daitezela

Hau guztia posible izan dadin jendarte mobilizatu baten borondate irmoa beharrezkoa izango da aurrerantzean ere, jokabide antidemokratiko guztiak arbuiatze aldera, eta bake eta konponbide egoerara iritsi arte.

Euskal Herrian, 2014ko martxoaren 12an»
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.