2024-05-02
HomeIrakaskuntzaHaur Eskolak0-3 zikloak errespetua behar du Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko agintariengandik, ez...

0-3 zikloak errespetua behar du Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko agintariengandik, ez hitz huts gehiago

Iruñeko Udalak bereari eustea lortu du; Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin lortu ere. Baina 0-3 zikloko komunitateak zalantza ugari ditu oraindik: Noiz sortuko da zerbitzua? Noiz hartuko du Hezkuntza Departamentuak bere gain? Noiz izango da doako Nafarroa osoan? Noiz utziko diote agintariek komunitate honi adarra jotzeari?

Oraindik ez dakigu noiz sortuko den 0-3 ziklorako zerbitzua Hezkuntza Departamentuan. Kudeaketa hori iaz egin behar zen, baina Gimeno jaunaren utzikeriagatik oraindik konpondu gabe dago. Badirudi dena urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan egingo den aldaketaren zain dagoela. Baina zer epez ari gara? Noiz jarriko da indarrean 0-3 zikloko zerbitzua? Argi eta garbi ikusi dugu zein den Hezkuntza Departamentuak eta Jorge Aguirrek, hots, PSNk Parlamentuan duen hezkuntza arloko arduradunak, gai honi dagokionez hartu duten jarrera. Lehenbizikoarekin ezin izan dugu zuzeneko elkarrizketarik izan; eta bigarrenak, berarekin biltzeko aukera izan dugun guztietan, inolako interesik eza, erabateko pasotismoa eta argudiorik eza utzi ditu agerian. Horrela bada, eta ikusitakoak ikusita, ez ginateke batere harrituko denbora galtzeko estrategia berri baten aurrean egongo bagina, hilabeteak igaro daitezen ezer egin gabe, tramite hori gauzatu gabe.

Gaur den egunean, orandik ez dakigu Nafarroako Gobernuaren haur eskolen titulartasuna noiz aldatuko den ere -Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudea ditzan-. Badakigu hitzeman dutela aldaketa hori 2021-2022 ikasturtean sartuko dela indarrean, baina ederki dakigu ere zenbat balio duen PSNren hitzak. Hori dela eta, erantzun eta epe argiagoak eskatzen dizkiogu.

Nafarroako Gobernuak gaitasuna du bere titulartasuneko eskoletan neurriak hartzeko. Are gehiago, nahi izanez gero, Iruñeko Udalak hain modu zorrotzean egin duen euskarazko plazen murrizketa orekatzeko gaitasuna du. Baina horren ordez, bere onespena eman dio Maya eta Esporrinen erabakiari. Horregatik, zalantzan jartzen dugu Nafarroako Gobernuak benetan arazo horri irtenbidea emateko borondatea duen. Bere asmoa, ziurrenik, beste bat izango da, berriz ere 2019-2023ko akordio programatikoari helduz, bizikidetzaren, berdintasunaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren izenean aritzea hain zuzen ere. Beste behin ere kontzeptu horien aurkako modura aurkeztu nahi gaituzte euskaldunok, errealitatea desitxuratuz eta horiek gauzatzea oztopatzen dugunak euskaldunok garela sinetsaraziz. Baina ez gara gu horren errudun; beraiek dira behin eta berriz oztopoak jartzen dituztenak eta Nafarroako bi hizkuntzen arteko elkarbizitza oztopatzen dutenak.

Iruñeko Udalak, pedagogia gaietan duen ezjakintasuna agerian utziz, erabaki guztiz atzerakoi bat hartzeko ausarkeria erakutsi du; euskara zokoratzeko helburu bakarrarekin, albo batera utzi ditu zuzendari guztien ahobeteko kritika, Iruñeko udal haur eskoletako langileek egindako greba eta baita gutxieneko zentzuzko hizkuntza-irizpide guztiak ere. Eta hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Gobernu “aurrerakoia” Iruñeko Udalaren proposamen atzerakoia ontzat ematen ari da, horrekin 0-3 zikloko hezkuntza-komunitateari geratzen zitzaizkion itxaropen-zirrikitu oro itxiz atzera bueltarik gabe.

Eta burugabekeria hori ez da hemen amaitzen. Iruñeko Udalaren eskolen doakotasunaren kontua, konkista sozial gisa saldu nahi digutena, enegarren zentzugabekeria baino ez da; egiazki, ordea, Na+k PSNri bere aurrekontuak babesteagatik ematen dion gozokia baino ez da. 

Nola azalduko duzue orain arte elkarrekin eskaini diren eskoletatik batzuk ordainpekoak izatea eta beste batzuk ez? LABen iritziz, 0-3 zikloak doakoa izan behar du, baina Nafarroako haur eskola guztietan, guzti-guztietan.

Horregatik, Iruñeko Udalari eta Nafar Gobernuari eskatzen diegu 0-3 zikloari errespetua izan diezaiotela; errespetua familiei, hezitzaileei eta haurrei. Aski da halako adar-jotze eta denbora galtzeez. Konpromiso irmoak eskatzen ditugu; nazkatuta gaude ezer esaten ez duten hitz hutsalez. 

Egoera hau desblokeatu behar dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.