2026-10-17
HomeEkintza SindikalaUDAPAko langileek lan-istripuen kontrako mobilizazioa egingo dute

UDAPAko langileek lan-istripuen kontrako mobilizazioa egingo dute

UDAPAko enpresa batzordearen oharra:

Joan den abenduaren 11n, lan-istripu larria gertatu zen, patata ekoizten eta merkaturatzen duen UDAPA S.Coop. enpresaren instalazioetan. Zehazki, goizeko 5:30ak aldera, lankide bat lanean hastera zihoala, egiten ari diren indusketa-lanei dagokien zanga batera erori zen. Istripuaren ondorioz, langilea ospitalera eraman behar izan zuten egindako zauri eta lesioen ondorioz. Une honetan plantan dago.

Argi daukagu lan-istripuak ez direla zorte txarraren edo kasualitatearen ondorio, lan- harremanen, prekarietatearen eta lan-erregulazioaren ondorio baizik.

Istripua gertatu baino egun batzuk lehenago, prebentzioko delegatu batek enpresako arduradunei ohartarazi zien ez direla segurtasun-neurri egokirik hartzen ari indusketa-lanetan, eta jakinarazi zien zer arriskuri aurre egin behar dieten langileek; besteak beste, irekidurengatik erortzeko arriskuari. Baina enpresak ez zituen aintzat hartu langileen ordezkarien eskakizunak.

UDAPAko langileok argi daukagu: bizitza eta lanpostu duinak behar ditugu. Gure lanetik onik eta bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Lan-istripu hori edo beste edozein lan-istripu ez dira gertakari isolatuak; ekonomia, langile-klasearen osasuna eta bizitzaren gainetik lehenesten duen ekoizpen-eredu baten isla dira.

Lan-istripuak onartezinak dira. Gaur egun, baliabide pertsonal eta tekniko nahikoak daude istripuak saihesteko, baina kostu ekonomikoa dakarte, eta enpresek eta patronalek ez dute prebentzioan inbertitu nahi. Produktibitatea eta epe laburreko onura ekonomikoa lehenesten dituzte beti, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik.

Salatu nahi dugu laneko ezbehar-kopuruari buruzko datuak okerragoak direla urte batetik bestera, eta gobernuen aldetik ez dugu aldaketa esanguratsurik ikusten. Gobernuei eskatzen diegu segurtasuna bermatzeko eta langileen osasunari lehentasuna emateko. Lantokietan neurri eta tresna eraginkorrak bermatu behar dira, eta ezin zaizkie enpresei soilik egokitu horiek betetzea. Administrazio publikoek enpresen gaineko kontrola eta jarraipena areagotu behar dute.

Argi daukagu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuak bezalako gaitz indibidual, familiar eta sozialarekin amaitzeko ditugun arma bakarrak. Norabide-aldaketa bat behar dugu, eredu- aldaketa bat, non langileen osasuna eta bizitza izango den elementu nagusia. Horregatik, UDAPAko Enpresa Batzordetik gertatutakoa ikertzeko eskatzen dugu, eta, era berean, langileei dei egiten diegu lan-baldintza duinen aldeko borrokara batu daitezen. Bihar abenduak 15 asteartea, elkarretaratzea burutuko dugu enpresaren ateen aurrean 14:00etan, Gasteizko Paduleta kaleko 1.an.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek...

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...