2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaJaurlaritzari eskatu diogu, ekintza sindikala gauzatzeko ere, langileen mugikortasuna jasota egotea salbuespenen...

Jaurlaritzari eskatu diogu, ekintza sindikala gauzatzeko ere, langileen mugikortasuna jasota egotea salbuespenen artean

LAB sindikatuak idatzi bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzan. Hain zuzen ere, alarma egoeraren ondorioz hartutako neurriek jasotako salbuespenen artean, eskubide zibil eta politikoekin lotura duten bilera publiko eta manifestazioei ez zaie erreferentziarik egiten. Hala, eskatu dugu salbuespenen artean langileen mugikortasuna bermatzea ekintza sindikala gauzatzeko ere. Izan ere, oso egoera zaila bizitzen ari gara lan eta arlo sozialean; EEEak, ABEEEak, oinarrizko zerbitzu ez nahikoak, kaleratzeak, lan baldintzen prekarizazioa, kontratazio falta… Hortaz, langileek euren eskubideak ekintza sindikalarekin defendatzeko beste biderik ez dute, eta jarduera hauek guztiak gauzatu ahal izateko kaltetutako langileen mugikortasuna bermatzea ezinbestekoa da.

Honela gauzak, kasu hauetarako mugikortasuna salbuetsita ez badago, patronala-administrazioaren eta langileen arteko oreka hautsiko litzateke, legezko eta bidezko lan baldintzak bermatzeko bidean. Dekretuak lantokira joateko aukera eskaintzen du; bada, aukera bera izan beharko lukete euren lan eskubide eta sozialen defentsan ari diren langileek; mugikortasunean inolako mugarik izan gabe, lan zentroetan aplikatzen diren prebentzio eta segurtasun neurri berak kontutan hartuta (1,5 metroko distantzia, garbitasun eta babes baliabideak…).

Erabaki politiko ausarten beharra

Herritarren oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, LAB sindikatuak nabarmendu nahi du egoeraren larritasunak etxeratze agindua edota konfinamendu perimetraletatik haragoko erabaki politiko ausartak eskatzen dituela:

-Zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazio politikarekin amaitu behar da. Inbertsio gehiago bideratu behar dira hezkuntzara, osasungintzara eta gizarte zerbitzuetara, ratioak murriztu eta langile gehiago kontratatu behar dira. Oso nabarmen geratzen ari da hori osasungintzan; pandemia bati aurre egiteko osasun sistema publiko indartsua ezinbestekoa izanik, ez da erabakirik hartu norabide horretan.

-Zaintza sistema publiko baten beharra dago. Helduen zaintzak eredu aldaketa sakona eskatzen du; onartezina da negozioa egitea pertsonen zaintzarekin. Kalitateko zerbitzu bat eman ahal izateko langileen lan baldintzak hobetu egin behar dira, publifikazio prozesuak bultzatuz edota ratioen lege berri bat eginez. Haurren zaintzari dagokionez, ez ohiko kurtsoa izanik, haurrak etxean konfinatuak dauden kasuetarako zaintzarako baimenak ematea eskatzen dugu.

-Enplegu asko suntsitu da, eta gazte eta emakumeak dira kaltetuenak. Milaka lanpostu daude kolokan, ERTEak amaitzean langile askok ez dutelako enplegua bermatua. Enplegu politika berri bat behar da.

-Pobreziak eta behar sozialek gora egin dute, eta babes sozial sistema hobetzeko neurri bakar bat ere ez dugu ezagutzen.

Langileok antolatu eta mobilizatzen jarraituko dugu, zerbitzu publikoen defentsan, enpleguaren defentsan eta pentsio duinak eta oinarrizko behar sozialak herritar guztiei bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.