2026-09-24
HomeIndustriaMetalgintzaInoiz baino beharrezkoagoa jotzen dugu Gipuzkoako metalgintzako langileek hitzarmen eguneratu eta duina...

Inoiz baino beharrezkoagoa jotzen dugu Gipuzkoako metalgintzako langileek hitzarmen eguneratu eta duina izatea

LABek anbizioz eta ilusioz ekingo dio Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari. Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz 4 hilabetez bildu ezin izan ondoren, bihar, uztailak 7, hasiko dira Gipuzkoako metalaren hitzarmena berritzeko negoziazioak.

Zalantzazko une hauetan, LABek uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela Gipuzkoako metalgintzako langileek negoziazio esparru arautzaile propioa, egonkorra eta langileen eskaera nagusiei erantzuten diena izatea. 9 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, asko dira konpondu beharreko gaiak.

LABek plataforma berritu eta gaurkotu bat aurkeztuko du bihar, hainbat elementu berritzaile eta sozial biltzen dituena, hala nola, lana eta familia uztartzea errazteko neurriak, lizentziak hobetzea, deskonexio digitalerako eskubidea bermatzea, aukeraberdintasuna eta emakumeek metalgintzan duten presentzia bermatzea, azpikontratatutako langileen subrogazioa bermatzea, gazteen kontratu-egoera hobetzea… Halaber, plataforma honek elementu historikoak eta funtsezkoak biltzen ditu, hala nola erosteko ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, lanaldia murriztea familiaren zaintza errazteko, lan-prekarietatearen aurkako elementuak, besteak beste, behin-behinekotasuna murriztea eta ABEEak mugatzea, edo lan-erreforma kanpoan uztea ultraaktibitatea bezalako neurriekin eta hitzarmena aldebakarrez bertan behera uzteko aukerarik ez izatearekin.

LABen argi dugu bide hau langileekin batera egin behar dugula; horregatik, plataforma ehunka langilerekin elkarbanatu dugu, ekarpenak jaso ditugu eta datozen urratsak ematerakoan ere langile kolektibo guztiaren ekarpenak ezinbestekoak izango direla argi daukagu. Horregatik, aktibazioa eta borroka ere lan zentro guztietara hedatu beharko da; tokian tokiko aldarrikapen eta borrokak sektorearekin uztartuz.

Gainera, sektorean emakumeon egoera nolakoa den ikusirik, metalgintzako LABeko emakumeekin ere bilerak abiatu genituen, bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa izango da.

Ez dago aitzakiarik hitzarmenaren negoziazioari aurre ez egiteko. Bihar, patronalaren benetako negoziatzeko borondatea zein den ikusteko aukera ona izango da. LABek indar guztiekin egingo du borroka, oraingoan bai, hitzarmen duin bat lortzeko Gipuzkoako metalgintzako langile guztientzat.

Bilera bihar goizeko 9:30ean izango da Donostian, Adegi patronalaren egoitzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

50 mobilizazio baino gehiago egin ditugu EAEko udal sektorearen lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko

LABek eta ELAk deituta, milaka udal langilek EUDELi eta EAJri, EH Bilduri eta PSEri exijitu diete Udalhitzeko mahaiara edukiak behingoz ekartzeko. EAEko udaletan urte asko...

Elkarlan zintzorako deia egin dugu Nafarroan lan mundua euskalduntzeko urratsak eman daitezen

LAB bidelagun izango gaitu ELAk, lan mundua euskalduntzeko konpromiso zehatzak eta elkarlanerako borondatea erakusten baditu; bestela, euskalduntzearen kaltetan izango da. Langileok euskaraz lan egiteko eskubidea...

SEULA enpresak kudeatzen duen kale garbiketa zerbitzuan sei greba egun deitu ditugu Aguraingo jaien bete-betean

Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.