2026-09-28
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsasun arloko politika publikoak errotik aldatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Osasun arloko politika publikoak errotik aldatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Joan den ekainaren 26an deitutako kontzentrazioen ondoren, jarraipen handia izan zutenak, eta osasun sailaren erantzunik jaso ez zenez, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok beste urrats bat eman dugu mobilizazioetan, eta berriz ere dei egiten diegu Osakidetzako langileei eta herritarrei uztailaren 9an, 18:00etan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera.

Joan den ekainaren 26an, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak deitu genituen Donostiako, Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan, baita Osakidetzako Lehen Arretako osasun-zentroetan ere, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikak eta euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria salatzeko. Mobilizazio horien jarraipen garrantzitsua, zalantzarik gabe, lantokietan bizi den egoera eskasaren eta osasunaren arloko politika publikoak errotik aldatzeko beharraren erakusgarri da.

Ildo horretan urrats zehatzak eta irmoak eskatzeko, eta Osasun Sailaren erantzunik jaso ez denez, elkarretaratze berriak deitu ditugu datorren ostegunean, uztailaren 9an, 18:00etan, Bilbon (Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gran Via 85), Donostian (Boulebardeko kioskoan) eta Gasteizen (Olagibeleko Osasun Zentroaren aurrean). Osakidetzako langileei eta herritarrei parte hartzera gonbidatzen ditugu, ongizate kolektiboko tresna den osasun publikoaren defentsan. Tresna hori indartu eta garatu egin behar dugu guztion ongia bermatzeko. Zalantzarik gabe, koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen garrantzia, eta, zehazki, osasun publikoarena.

Azken urteotan, osasuna negozio iturri bihurtu da batzuentzat. Hala, osasun publikoa ahuldu egin dela ikusi dugu, eta horren ondorioak agerikoak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan. Langileen ahalegina eta inplikazioa izan da gure osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu duena, egunerokoan gertatzen den bezala. Langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan-karga onartezinak; babes-neurrien falta kezkagarria; eta langile urriek osatutako ekipoak, Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko.

Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira.

Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria eragin dute: aurrekontu-partidak EBko batez bestekotik behera; enpleguaren suntsiketa; egiturazko plantilla oso urria; kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera; lan-eskubideen murrizketak; pribatizazioak; lan-karga onartezinak, etab.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari, premiaz eta atzerapenik gabe, errotik alda ditzatela osasun-arloko politika publikoak, eta neurri hauek har ditzatela:

• Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena.

• Enpleguaren arloan:
◦ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan
txertatuz.
◦ Plantilla egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzea.

• Murrizketa guztiak lehengoratzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak.

• Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.

• Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes- material nahikoa eta egokia; arreta-maila guztietako lan-arriskuak baloratzea eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.

Egoera hori zuzentzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Bestela, protestak areagotuko ditugu, bat ere baztertu gabe.

Asko dugu jokoan! Orain inoiz baino gehiago, kalitatezko osasun publikoaren alde!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.