Eibarren sei udaltzain postu betetzeko deialdiaren aurkako epaiak agerian utzi du, administrazioan euskarari gaztelaniaren maila bera eman ezean, ezinezkoa dela euskararen erabilera normalizatzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea.
Eibarko Udaleko sei udaltzain postu betetzeko lan deialdian ezarritako euskara eskakizunaren aurkako epaia eman du Gipuzkoako epaitegi batek. Epai horrek, beste behin, agerian jarri du ezinbestekoa dela euskarari gaztelaniak duen maila bera ematea administrazioan. Berdintasunik gabe, administrazioan euskararen erabilera normalizatzea eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzea ezinezkoa da.
Azken bost urteetan antzeko ehun epai inguru izan dira. Kopuru horrek administrazioaren euskalduntzea ahalik eta gehien galgatzea helburu duen oldarraldi sistematiko eta bidegabearen aurrean gaudela adierazten du. Oldarraldiaren intentzionalitate hori are nabarmenago geratu zen duela aste batzuk, hura sustatzen ari diren eragileen mezuak eta audioak publiko egin zirenean. Ez dira kasu isolatu eta espontaneoak; oldarraldiaren atzean eragile sindikal eta politikoen sare bat dago.
Euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako ekinbide hau errotik gerarazi ezean, ondorio oso larriak izango dira administrazioaren euskalduntzean eta, oro har, euskararen berreskurapenean. Izan ere, jada ikusten ari gara eragin kaltegarri horren lehenengo adierazpenak: hainbat lan deialditako hizkuntza eskakizunetan beherapenak onartzen ari dira hainbat instituzio, epaitegietatik kaltea etorri aurretik badaezpadako jarrera hartuta, baina finean kaltea eginez.
Herri honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren hamaika ekimenen eta mobilizazioren bitartez —azkena maiatzaren 9an, euskal gehiengo sindikalak deituta, Bilbon, milaka herritarren parte hartzearekin— euskararentzako lege babes egokiaren beharra nagusitu da iritzi publikoan. Orain, eskakizun hori lege aldaketa zehatzetan gauzatu behar da, eta hori Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesuan gertatu behar da. Baina ez edozein modutako lege aldaketa. EAJk proposatzen duenak, derrigortasun indize orokorra ezabatzeak, ez du inolako konponbiderik ekarriko; alderantziz, ziurgabetasun juridikoa eta hizkuntza eskubideen babesgabetasuna areagotuko ditu. Hamarkadetan indarrean egon den egitura juridikoaren pitzaduraren aurrean eta oldarraldiaren dimentsioaren aurrean, hizkuntza eskakizunen sistema irauli, bi hizkuntzen eskakizuna lanpostu guztietan ezarri eta biei maila juridiko bera ematetik etorriko da konponbidea, EH Bilduk proposatu duen bezala.
Azkenik, epai honek indartu baino ez du egiten euskararen ofizialtasun osoaren, hizkuntza politiketan jauzia ematearen eta euskaltzaleak maila guztietan aktibatzearen beharra. Horri erantzutera dator larunbatean Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxa, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatua, eta horretan parte hartzeko deia luzatzen diegu LABetik euskal langileei, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko behar den dena aldarrikatzeko.

