2026-06-09
Blog

Gero eta premiazkoagoa da Enplegu Publikoaren Legea aldatzea, administrazioaren euskalduntzea legez babestu ahal izateko

Eibarren sei udaltzain postu betetzeko deialdiaren aurkako epaiak agerian utzi du, administrazioan euskarari gaztelaniaren maila bera eman ezean, ezinezkoa dela euskararen erabilera normalizatzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea.

Eibarko Udaleko sei udaltzain postu betetzeko lan deialdian ezarritako euskara eskakizunaren aurkako epaia eman du Gipuzkoako epaitegi batek. Epai horrek, beste behin, agerian jarri du ezinbestekoa dela euskarari gaztelaniak duen maila bera ematea administrazioan. Berdintasunik gabe, administrazioan euskararen erabilera normalizatzea eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzea ezinezkoa da.

Azken bost urteetan antzeko ehun epai inguru izan dira. Kopuru horrek administrazioaren euskalduntzea ahalik eta gehien galgatzea helburu duen oldarraldi sistematiko eta bidegabearen aurrean gaudela adierazten du. Oldarraldiaren intentzionalitate hori are nabarmenago geratu zen duela aste batzuk, hura sustatzen ari diren eragileen mezuak eta audioak publiko egin zirenean. Ez dira kasu isolatu eta espontaneoak; oldarraldiaren atzean eragile sindikal eta politikoen sare bat dago.

Euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako ekinbide hau errotik gerarazi ezean, ondorio oso larriak izango dira administrazioaren euskalduntzean eta, oro har, euskararen berreskurapenean. Izan ere, jada ikusten ari gara eragin kaltegarri horren lehenengo adierazpenak: hainbat lan deialditako hizkuntza eskakizunetan beherapenak onartzen ari dira hainbat instituzio, epaitegietatik kaltea etorri aurretik badaezpadako jarrera hartuta, baina finean kaltea eginez.

Herri honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren hamaika ekimenen eta mobilizazioren bitartez —azkena maiatzaren 9an, euskal gehiengo sindikalak deituta, Bilbon, milaka herritarren parte hartzearekin— euskararentzako lege babes egokiaren beharra nagusitu da iritzi publikoan. Orain, eskakizun hori lege aldaketa zehatzetan gauzatu behar da, eta hori Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesuan gertatu behar da. Baina ez edozein modutako lege aldaketa. EAJk proposatzen duenak, derrigortasun indize orokorra ezabatzeak, ez du inolako konponbiderik ekarriko; alderantziz, ziurgabetasun juridikoa eta hizkuntza eskubideen babesgabetasuna areagotuko ditu. Hamarkadetan indarrean egon den egitura juridikoaren pitzaduraren aurrean eta oldarraldiaren dimentsioaren aurrean, hizkuntza eskakizunen sistema irauli, bi hizkuntzen eskakizuna lanpostu guztietan ezarri eta biei maila juridiko bera ematetik etorriko da konponbidea, EH Bilduk proposatu duen bezala.

Azkenik, epai honek indartu baino ez du egiten euskararen ofizialtasun osoaren, hizkuntza politiketan jauzia ematearen eta euskaltzaleak maila guztietan aktibatzearen beharra. Horri erantzutera dator larunbatean Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxa, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatua, eta horretan parte hartzeko deia luzatzen diegu LABetik euskal langileei, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko behar den dena aldarrikatzeko.

Bart gauerdian, langile bat hil da Laudioko Vibrantz enpresan izandako leherketa baten ondorioz

Vibrantz enpresan, Laudioko pintura-ekoizpenean diharduen enpresan, mantentze-lanetako langile bat matxuratutako labe bat konpontzen ari zen istripua gertatu den unean. Labearen leherketak bete-betean harrapatu du 49 urteko J.B.V. langilea.

Urtea hasi zenetik, 33 dira Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak. Patronala absentismoaren inguruko mamua zabaltzen ari den bitartean, hildako langileen zerrenda loditzen doa. Gogorarazi behar dugu urtero Euskal Herrian larritasun ezberdineko 100.000 lan-istripu inguru aitortzen direla ofizialki. Datuak gordinak bezain latzak dira: prebentzioaren integrazioa ez da gauzatzen, eta enpresek inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute, instituzioen konplizitatearekin. OSALANek enpresetan presentzia izan beharrean, komunikabideetan iragarritako ekintzekin justifikatzen du bere jarduna, milaka euro publiko xahutuz.

LABek EAEko zein Nafarroako gobernuei eskatzen die enpresetan indarrean dagoen araudia betearaz dezatela, marketin-kanpainak alde batera utzita.

Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea enpresaren atarian

LAB sindikatuak bat egiten du Vibrantz enpresako batzordeak egindako deialdiarekin. Era berean, Aiaraldeko Greba Batzordeak arratsaldean egingo duen mobilizazioarekin ere bat egingo du. 

Auzitegiak arrazoia eman digu eta Bilboko portuko amarratzaileen patronalak inposatu nahi izan dituen murrizketak atzera botatzea #LortuDugu

Justiziak amaiera eman dio lan-esplotazioa areagotzea eta urteetako borroka eta negoziazio kolektiboaren bidez lortutako eskubideak murriztea helburu zuen enpresa-operazio bati.

LABen garaipen sindikal eta judizial handia lortu dugu Amarradores Puerto de Bilbao SAren zuzendaritzaren aurka. Bilboko Lan Arloko Epaitegiak emandako epaiak osorik onartu du LABek aurkeztutako demanda, eta justifikaziorik gabekotzat jo du enpresak langile guztiei ezarri nahi zien lan-baldintzen funtsezko aldaketa.

Enpresa lan erreformaren mekanismoak erabiltzen saiatu zen indarrean dagoen lan-baldintzen akordioa aldebakarrez hausteko, eskubide kontsolidatuak ezabatzeko eta lan-baldintzei buruz erabakitzeko bere gaitasuna areagotzeko. Enpresaren asmoa zen plantillaren disponibilitatea handitzea, lanaldiak aldatzea, erreten-sistema ezabatzea, oporren erregimena okertzea eta lanaren antolamenduaren gaineko enpresa-kontrola indartzea.

Epaiak banan-banan desmuntatzen ditu enpresaren argudioak. Epaileak ondorioztatu du ez dagoela arrazoi ekonomikorik, antolamendukorik edo produktiborik plantillaren lan-baldintzen aurkako halako erasorik justifikatzeko. Era berean, gogorarazi du zuzendaritzak suntsitu nahi zuen sistemak hogei urte baino gehiago zeramatzala martxan, eta ez dela negoziazio kolektiboaren bidez lortutako oreka haustea justifikatzen duen funtsezko aldaketarik gertatu.

Enpresa-mozkinak handitzen jarraitu nahi duen patronalaren beste adibide bat dugu hau, urteetan milioi askoko irabaziak lortu arren, aberastasuna sortzen dutenen kontura irabaziak handitzen jarraitu nahi duenarena. Lan-eskubideak murrizten saiatzen zen bitartean, enpresak irabaziak izaten jarraitu du eta tarifa-igoerak eskatu zituen, gerora Portu Agintaritzak onartu egin zituenak.

Enpresaren estrategia argia izan da: bere posizioa aprobetxatu nahi izan du bere enpresa-erabakien ondorioak langileen bizkar jartzeko, eta atea ireki nahi izan dizkio lan-eredu prekarioago bati, enpresarentzat malguagoa izango dena eta plantillarentzat gogorragoa.

LABetik salatzen dugu gatazka hau ez dela soilik liskar juridiko bat izan, kontrajarritako bi ereduren arteko konfrontazioa baizik. Alde batetik, langileak haien etekinak handitzeko doitu daitekeen aldagaitzat hartzen dituztenen eredua. Eta bestetik, LAB sindikatuan defendatzen duguna: enplegu duina, negoziazio kolektiboarekiko errespetua, aberastasunaren banaketa eta langile klaseak bere lan baldintzei buruz erabakitzeko duen gaitasuna oinarri dituena.

Epai honek erakusten du antolakuntza sindikalak balio duela. Langileak antolatzen direnean, indar kolektiboa eraikitzen denean eta enpresa-jabeen erasoei mobilizazioaren eta borrokaren bidez erantzuten zaienean, posible da erasook geldiaraztea eta lortutako eskubideak defendatzea.

Plantillak gatazka osoan zehar erakutsitako erabakimena nabarmentzekoa da. Beren konpromisorik gabe, beren batasunik gabe eta enpresen inposaketei aurre egiteko prestutasunik gabe, garaipen hau ez litzateke posible izango.

Era berean, Bilboko Portuko Amarratzaileen patronalari exijitzen diogu atzerapauso bat eman dezala lan-baldintzen funtsezko aldaketa inposatzen saiatu ondoren egin dituen errepresalia sindikal eta laboral guztietan eta aldebakarrez ezarritako neurrietan. Gogoratu dezagun patronalak LABeko ordezkari sindikal bat eta behin-behineko langile bat kaleratu zituela, eta langileei salaketak jarri zein espedienteak ireki dizkiela. Mehatxu horiekin zerbait lor dezaketela uste badute, erabat okertuta daude, borrokan jarraitzen dugu eta gaurko garaipenak indar handiagoa ematen digu. Jarrai dezagun, beraz, antolatzen; batetik, kaleratzeen aurka borrokatzeko, baina baita ere, behin-behinekotasunaren aurka, plantillaren zati bati ezarri zaizkion baldintza prekarioen aurka eta langile guztien lan baldintzak hobetzearen alde ere. Ez gaituzte geldituko!

Gainera, ebazpen hau ohartarazpen bat da Euskal Herriko patronalentzat. Denak ez du balio. Ezin da ezohiko prozedurarik erabili akordio kolektiboak edukiz husteko, ezta benetako arrazoirik gabe lan-murrizketak ezartzeko ere. Langileen eskubideak ez dira diru-irabazien kontuaren zerbitzura dauden salgaiak.

LABenkontraboterezko sindikalismoa bultzatzen jarraituko dugu, abertzalea, feminista eta klase ikuspegia duena. Amore ematen ez duen sindikalismoa da gurea, modernizazioz mozorrotutako murrizketarik onartzen ez duena eta euskal langileriaren bizi-baldintzen kontura aberastu nahi dutenekin aurrez aurre jartzen dena.

Garaipen hau plantillari dagokio eta antolakuntzaren, borroka kolektiboaren eta langileen duintasunaren garaipena da.

LABek eta ELAk Asuncion Klinikako langileentzat bermeak eta Tolosalderako benetako osasun publikoa exijitzen dituzte

Langileek agerraldia egin dute klinikaren atarian eta salatu dute ez dakitela zein izango den beren eta Tolosaldeko osasun publikoaren etorkizuna.

Luzaroan itxaroten egon ondoren, egiaztatu hal izan dute Tolosalderako aurkeztu den Plan Funtzionalak ez duela eskualderako ospitale publiko bat aurreikusten. Aitzitik, bereizmen handiko zentro bat edo baliabide soziosanitario bat planteatzen du, orain arte ohartarazi duten bezala. Eredu borrek Tolosaldeko herritarrek jasoko dituzten osasun-zerbitzuak nabarmen murriztea ekarriko luke.

Gainera, planak ez ditu zehazten funtsezko hainbat gai: kontsulten ordutegiak, maiztasuna edo eskainiko den zerbitzu-zorroa, besteak beset. Ondorioz, ez dago inolako bermerik herritarrek behar dituzten osasun-zerbitzu guztiak dituen arreta sanitario integral eta kalitatezkoa jasoko dutenak. Era berean, ez dago gaur egun Asuncion Klinikako langileen lanpostuen jarraipena bermatuta.

Langileek adierazi dute urte asko daramatzatela, herritarrekin batera, Tolosaldean ospitale publiko baten aldeko aldarria egiten. Prozesu honetan hiru aldarrikapen nagusi planteatu zituzten hasieratik, eta gaur egun, horietako bat bera ere ez dago behar bezala bermatuta.

Izan ere, Plan Funtzionalaren edukia kontua hartuta, gaur egun Asuncion Klinikan lanean ari direnn 370 langile inguruk ez dute beren lanpostuaren jarraipena ziurtatuta. Ez da ahaztu behar langile horietako askok urteak daramatzatela euskaldeko herritarrei funtsezko zerbitzu publiko bat eskaintzen, kudeaketa pribatizatu batekin eta askotan, prekaritate egoeretan.

Horregatik guztiagatik, LAB eta ELA sindikatuek honako hauek exijitzen dizkiote Osasun sailburuari:

– Asuncion Klinikako langile guztien subrogazioa.

– Asuncion Klinikaren publifikazioa, dagoeneko dauden instalazioak eskualdeak behar duen osasun-zerbitzua emateko baliatzea baztertu gabe.

– %100 publikoa izatea eta zerbitzu guztiak eskaintzea.

Sindikatuek nabarmendu dute langileen lan-eskubideen alde Tolosaldeko herritarrek behar duten osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde borrokan jarraituko dutela.

Maderas de Llodioko langileek enpresaren azken proposamena onartzea erabaki dute eta gatazkaren amaierari bidea ireki diote

Asanbladan hartutako erabakia 260 egunetik gorako greba eta mobilizazioari eutsi ondoren iritsi da.

Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeak jakinarazi nahi du gaur egindako asanbladaren ondoren langileek enpresak aurkeztutako azken proposamena onartzea erabaki dutela. Erabaki horri esker, datozen egunetan gatazkaren behin betiko amaierari eta dagokion akordioaren formalizazioari bide emango zaio.

Enpresa Batzordetik orain arte lortutako guztia balioan jarri nahi dugu. 260 egunetik gorako greba eta etengabeko mobilizazioaren ondoren, Maderas de Llodioko langileek irmotasun handia erakutsi dute langileen interesen eta eskualdearen etorkizun industrialaren aurka alde bakarrez erabakiak hartu dituen enpresa baten aurrean.

Langileek argi utzi dute ez daudela prest horrelako erabakiak erantzun irmo eta antolaturik gabe onartzeko. Orain arte lortutako guztia, baita gaur egun mahai gainean dauden neurri eta konpromisoak ere, beren lanpostuak eta etorkizuna defendatu dituzten langileen borrokaren, batasunaren eta konpromisoaren emaitza dira. Antolakuntza kolektiboa, batasuna eta mobilizazioa funtsezkoak izan dira alternatibak sortzeko eta gatazkaren hasieran ezinezkoak ziruditen akordioak lortzeko.

Datozen egunetan akordioaren xehetasunak eta gatazka honi amaiera emateko jarraituko den prozedura azalduko ditugu. Oraingoz, soilik jakinarazi dezakegu langileek mahai gainean zegoen azken proposamena onartzea erabaki dutela; hilabete hauetan garatutako mobilizazioaren ondorio zuzena den proposamena, hain zuzen ere. Era berean, datozen egunetan prentsaurreko baten deialdia egingo dugu, zortzi hilabete baino gehiagoko borrokaren eta lortutako akordioaren balorazio zabalagoa egiteko.

Azkenik, gure eskerrik beroena adierazi nahi diogu eskualde osoari egunero jasotako babesagatik. Hasieratik ulertu zen borroka hau ez zela soilik Maderas de Llodioko langileen borroka, baita enpleguaren, industriaren eta eskualde oso baten etorkizunaren defentsa ere.

Uste dugu gatazka honek uzten duen irakaspen nagusia argia dela: borrokatzeak merezi du. Eta akordio hau borroka eta determinazio horri esker lortu da.

Maderas de Llodioko Enpresa Batzordea. 

LABek hurrengo Nafarroako metalgintzaren hitzarmenaren alde borrokatzeko konpromisoa berretsi du

Nafarroako metalgintzako ordezkarien gaurko batzarrean edukiz guztiz husten ari diren herrialdeko metalgintzako hitzarmena iraultzeko hautua egin du LABek, are gehiago UGT eta CCOO sindikatuek, duela aste batzuk, aipatutako hitzarmena gehiago okertzen duen akordioa sinatu dutela ikusirik.

LABek argi du azken urte luzeetan Nafarroako metalgintzako hitzarmenak duen inertziarekin bukatu beharra dago. UGTren eta CCOOren gehiengoak ondorio garbi bat izan du eta erreferentziazkoa izan beharko zen hitzarmen bat, industria arloko herrialdeko bertze edozein hitzarmenarekin alderatuta hagitz urrun gelditu da. Errate baterako, ez ditu bajak konpentsatzen, 1.695 orduko lanaldia du eta soldatak ez dira ezta KPIren arabera eguneratzen.

Eta egoera horren aitzinean LAB ez da begirale huts bat izanen, ez da negoziaketetara inor kontuan hartuko ez dituen proposamen batzuk egitera joanen den sindikatu bat izanen. Proposamenak egingo ditu, noski, baina kaleak eta lan-zentroak astintzeko konpromisoa ere hartuko du, sinetsita baitago hori dela UGT eta CCOOren gehiengoa mantentzen duen (bien batuketa geroz eta txikiagoa bada ere) hitzarmen honen edukietan eragiteko modua.

Hautu hau ezinbertzekoa bilakatu da ikusirik, duela aste batzuk, aipatutako gehiengo “sindikal” horrek sinatutako akordioa eta bere egiteko moduak. Bi bilera eskasen ondotik, UGTk eta CCOOk aldi baterako kontratazioak, hau da, prekarizazioa, 6 hilabeteetatik 12 hilabeteetara luzatzea adostu dute. Hau ez da inondik inora sektoreak behar duena. Egonkortasuna eta lan baldintzen duintzea da sektoreak behar duena, are gehiago hitzarmen honen pean gehien bat dauden lantegi txiki horiek.

Norabide horretan aurkitu nahi duenak bere ondoan izango du LAB. Hitzarmena are gehiago okertu nahi duten horiek parez pare aurkituko dute.

Sinatu Kubaren alde

Kubarekin elkartasunez, mundu mailako kanpaina internazionalista abiatu du Munduko Federazio Sindikalak, ahalik eta sinadura gehien lortzeko asmoz. https://firmoporcuba.com/ estekaren bidez eman daiteke atxikipena.

LAB parte den Munduko Federazio Sindikalaren ekimenaren helburua da bakearen, subiranotasunaren eta Kubarekiko elkartasunaren aldeko eskaera global eta masiboa egitea. Hori dela eta, gure sindikatutik euskal langileei dei egiten diegu beren sinadurarekin bat egiteko, jatorrizko herrialdearen atalean ‘Euskal Herria’ ipinita.

Ameriketako Estatu Batuek irlari inposaturiko blokeoa eta interbentzio militarraren mehatxua inoiz baino gordinagoa den honetan, ezinbestekoa du Kubak mundu osoko langileriaren elkartasuna. Kuba fronte guztietan babestea eta bakarrik ez dagoela munduari erakustea beharrezkoa da.

Borroka bat irabazi dugu, orain Tubos Reunidosen etorkizun industriala defendatzea dagokigu

Ekainaren 1ean Konkurtso Administrazioarekin izandako bilerak ondorio argi bat utzi du LABentzat: plantillak arrazoia zuen.

EEEa, altzairutegiaren itxiera eta logistika kanporatzea bertan behera uzteko erabakiak berresten du lehen egunetik defendatu duguna. Zuzendaritzak ezarri nahi zituen neurriak ez ziren Tubos Reunidosen arazoei irtenbidea emateko bidea, eta arazoa ez dira inoiz izan plantilla eta haren lan-baldintzak.

Horregatik, neurri horiek kentzea plantillaren garaipena da, eskualdearen garaipena da eta borroka sindikalaren garaipena da.

Hilabete luzez zalantzan jarri, kriminalizatu eta hainbat esparrutatik erasotua izan den borroka. Langileei inoiz eragin ez zuten egoera baten erantzukizuna egotzi nahi izan zitzaien. Mobilizazioa eta greba oztopo gisa aurkeztu nahi izan zituzten, benetan enpresaren erabakien ondorio zuzena zirenean; izan ere, erabaki horiek enplegua eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizun industriala arriskuan jartzen baitzituzten.

Gaur harrotasunez esan dezakegu borrokatzeak merezi izan duela.

Konkurtso Administrazioarekin izandako bilerak beste kontu bat ere agerian utzi zuen. EEEaren kontsulta-aldian, zuzendaritzak neurri horiek ezinbestekoak zirela defendatu zuen, kalte handiagoak saihesteko eta enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Hala ere, EEEaren negoziazio-prozesua amaitu eta aste gutxira, Tubos Reunidos hartzekodunen konkurtsoan sartu da.

LABek argi dauka: zuzendaritzak plantilla eta haren ordezkaritza sindikala engainatu zituen EEEaren negoziazioan. Kaleratzeak hartzekodunen konkurtsoa saihesteko aukera bakarra zirela esan zuten, eta gaur badakigu hori gezurra zela. Aste gutxi batzuk geroago, enpresa berdin-berdin sartu da konkurtsoan. Kaleratze-plan bat justifikatzen saiatu ziren, gertakariek eurek gezurtatu duten kontakizun baten gainean.

Tubos Reunidosen, arazo nagusia urteetan zehar enpresa egoera larri batera eraman duten erabakiak hartu dituen zuzendaritza izan da.

Industria-proiektua sendotzeko erabili behar zen eragiketa batetik eratorritako ia 170 milioi euro akziodunen artean banatzea ahalbidetu zuen kudeaketaz ari gara. Zor jasanezina sortu duten finantza-erabakiez ari gara. Enpresaren sinesgarritasuna erakundeen aurrean, gizartearen aurrean eta plantilla propioaren aurrean larriki hondatu duen kudeaketaz ari gara.

Eta urte hauetan gertatutakoa argitzeko eta Tubos Reunidos egoera honetara eraman dutenen erantzukizunak zehazteko beharra indartzen duten informazio eta jarduera judizial berriak agertzen ari diren zuzendaritza bati buruz ere ari gara. 

Gehiengo sindikalak erantzukizun horietan jartzen zuen arreta; beste batzuek, aldiz, zuzendaritzaren kontakizuna bere egin eta plantilla seinalatzea erabaki zuten. Hala ere, denborak gauza asko bere lekuan jartzen ari da.

Erakundeei ere zuzendu nahi gatzaizkie. Hilabete gehiegitan, ia zalantzan jarri gabe, zuzendaritzaren kontakizuna onartu dute; plantillari seinalatzen zioten titularrak sortzen lagundu dute, eta ez egoera honetara ekarri dutenak seinalatzen zituztenak. Gainera, sarri askotan gardentasun baino opakutasun handiagoz jokatu dute.

Orain fase berri bat irekitzen da, eta erakundeek erabaki beharko dute zer paper jokatu nahi duten. LABen argi dugu: Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko edozein laguntza publiko edo diru publikoaren ekarpen planteatzen bada, diru hori baldintzatuta egon behar da.

Enplegua mantentzera, industria-jarduera mantentzera, lan-baldintzak defendatzera eta Aiaraldearentzat zein Ezkerraldearentzat benetako etorkizun-proiektu bat garatzera baldintzatuta.

Ezin da berriro gertatu hona ekarri gaituen eredua: kontrolik gabeko diru publikoa, bermerik gabe eta enpresa modu negargarrian kudeatu dutenen erantzukizunak eskatu gabe.

LAB guztiz jabetzen da une honen larritasunaz. Inork ezin du egoera hau bidearen amaieratzat hartu. Borroka garrantzitsu bat irabazi dugu, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Konkurtso Administrazioak adierazi zuen irtenbidea jardueraren jarraipena bermatuko duten inbertitzaile berriak eta industria-proiektu berriak aurkitzea dela. LABek argi utzi nahi du bere jarrera.

Tubos Reunidosen etorkizunaren alde egiten dugu.

Plantillak behin eta berriz erakutsi du enpresarekiko, enpleguarekiko eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizun industrialarekiko duen konpromisoa. Une zailenetan erakutsi du, eta etapa berri honetan ere erakusten jarraituko du.

Baina etorkizuneko edozein proiektuk baldintza oso argiak bete beharko ditu: enplegua bermatu, industria-jarduera bermatu, enpresaren izaera estrategikoa mantendu eta bi eskualdeei etorkizuna eskaini.

Eta bada beste kontu garrantzitsu bat ere. LABentzat ez da nahikoa jabetza aldatzea edo inbertitzaile berriak sartzea. Tubos Reunidosek egoera honetara eraman duen kudeaketarekin erabateko haustura behar du. Enpresa amildegiaren ertzera eraman dutenek ezin dute haren etorkizuna gidatzen jarraitu. Egungo zuzendaritzak alde egin behar du.

Enpresa hartzekodunen konkurtsora eraman duten erabakiak hartu dituztenek ezin dute haren etorkizuna zuzentzen jarraitu. Erantzukizunaren, sinesgarritasunaren eta konfiantzaren aldeko eskakizuna da. Ez dugu onartzen industria-proiektu berri bat krisi honetara eraman duten arduradun berberekin etortzea.

Fase berri honetan, LABek arduraz jardungo du, konkurtso-prozesuaren jarraipen zorrotza egingo du eta plantillaren interesak defendatzen jarraituko du esparru guztietan. 

Kaleratzeak eta itxierak ezarri nahi izan zituztenean egin genuen. Orain ere egiten jarraituko dugu.

Izan ere, gatazka honek zerbait erakutsi badu, hauxe da: plantilla bat antolatzen denean, eusten duenean eta borrokatzen duenean, gauzak alda daitezkeela. 

Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoko hitzarmena bahituta duela salatu du LAB sindikatuak

Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmena argitaratu gabe jarraitzen du sinatu eta 16 hilabeteren ostean. Lan hitzarmenaren argitalpena eta sinatutako guztia berehala betetzea exijitzen du LABek.

Hamasei hilabete igaro dira Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena sinatu zenetik, eta hilabete baino gehiago plantillak esleitzeko irizpideen akordiotik eratorritako kontratazioa indarrean sartu zenetik. Hala ere, Begoña Pedrosa lehendakaria duen Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen aitzakiak aitzaki, Lan Hitzarmena oraindik ez da argitaratu eta urte honetako abenduaren 31n iraungiko da.

LAB sindikatuak salatu du egoera hau guztiz onartezina dela. Haren argitalpen ezak hainbat prozesu eta eskubideren garapena blokeatzen ari da, langileen egonkortasunean eta lan baldintzetan eragin zuzena izanik.

Horregatik, sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari Lan Hitzarmena lehenbailehen argitaratzea eta besteak beste, ondorengo prozesuak berehala martxan jartzea exijitzen dio:

  • Akordioetatik eratorritako Lanpostu berriak Lanpostuen Zerrendan (LPZ) txertatzea.
  • Hezitzaile finkoen Lekualdatze Lehiaketa egitea.
  • Behin-behinekotasun tasa %5aren azpitik kokatzeko LEP prozesua abiatzea.
  • Ikasturte hasierako esleipenak behar bezala planifikatzea.
  • Urte sabatikoa eskatzeko epea irekitzea, baita formazio eta gizarte funtsen deialdiak egitea ere.
  • Kudeaketa arloan telelana ezartzea, araudi desberdinak negoziatzea eta beharrezko baliabide teknologiko zein pertsonalak bermatzea.

Era berean, azken hilabeteetan gero eta larriagoa bihurtu den ordezkapenen arazoari irtenbide eraginkorra ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Horretarako, ordezkapen-zerrendak berehala irekitzea eta irekita mantentzea, hezkuntza zerbitzua eta langileen lan-baldintzak bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu badu ere, ez du inongo erantzunik jaso.

LAB sindikatuak argi adierazi nahi du: ezin dela gehiago itxaron. Sinatutako hitzarmenena osotasunean bete behar dute, langileen eskubideak ezin direlako administrazioaren utzikeriaren menpe egon.