2024-04-18
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideak12 urte eta gero EITBNETeko langileok lan hitzarmena izatea lortu dute

12 urte eta gero EITBNETeko langileok lan hitzarmena izatea lortu dute

EITBNET sortu zenetik hamabi urte igaro behar izan dira langileok lan hitzarmena eduki arte, eta ibilbide luze horretan zehar egoera ezberdinak eta onartezinak pairatu behar izan dituzte. Kostata, baina azkenean egoera oso prekarioetatik zetorren kolektibo bat EITB taldeko lan baldintzen ia erabateko homologaziora iritsi da.

EITBNETeko langileok badugu lan hitzarmena

EITBNET sortu zenetik hamabi urte igaro behar izan dira langileok lan hitzarmena eduki arte, eta ibilbide luze horretan zehar egoera ezberdinak eta onartezinak pairatu ditugu: Espainiako langileen estatutua, baldintza pertsonalizatuak, azpikontratazioa… Esan bezala kostata, baina azkenean geure burua zoriondu beharrean gaude egoera oso prekarioetatik zetorren kolektibo bat EITB taldeko lan baldintzen ia erabateko homologaziora iritsi garelako. Langile batzordeko hiru ordezkariak LABekoak dira.

Historia pixka bat:
EITBNET 2003an sortu zen, eta bere helburu nagusia Internet zerbitzuak eskaintzea zen, batez ere EITB eta EAEko administrazioei. Orduko Andoni Ortuzarren zuzendaritza taldeak ikuspegi estrategikoarekin hartutako erabaki harekin enpresa berriari aurreikusi zitekeen bezala bete ezin izango zituen bi ezaugarri tranpati eman zizkion, nolabait laburtzearren: lehena, ekonomikoki ustez autosufizientea izatea, hau da, finantziazio publiko zuzena eman gabe, baina instituzioentzat lan eginez finantzatuz; bigarrena, plantilla propiorik gabe sortzea, lan guztia azpikontratatuz jokaldia merkeago ateratzeko. Horrela kontrol publikoa saihestu eta langileen balizko lan baldintzak desarautzea nahi izan zuten.

Esan bezala, borroka luzea izan da: lehenbizi EITBNETek berak deialdi publikoaz hornitutako 20 bat laguneko egitura plantilla egonkor bat edukitzea lortu genuen. Ezagunagoa da iaz kontrata nagusia zen M4Fko langileek EEEaren eta kaleratzeen aurka egin behar izan zuten borroka sindikal eta juridikoa. Emaitza, egun dagoeneko beste hogeitaka langilek kontratu mugagabe ez-finkoa dutela EITBNETen, epai ezberdinen sententziek EITBNETi berez dagozkion funtzioak azpikontrata bidez egin izana ez-legezkotzat hartu dutelako. Azken hau azpimarratu nahi dugu, izan ere hamabi urte hauetan EITBtik igaro diren zuzendaritza batek ere ez baitio azpikontratazioaren eta lan egonkortasun faltaren arazoari heldu nahi izan. Are gehiago, zerbitzu publikoen kudeaketa azpikontraten esku pribatuen uztera jo du behin eta berriro, beti ere finantzazio publikoari eutsiz. Kudeaketa txarrei eta utzikeriei epaileek eman behar izan diote irtenbide petatxoa.

Borroka hauetan LABek eduki du protagonismoa, baina ez bakarra noski. Langile guztien borrokari balioa eman nahi diogu, eta bide horretan LABengan jarritako konfidantza eskertu.

Lan Hitzarmena:
Ikusten denez, Lan Hitzarmenaren negoziazioa ez da samurra izan, ezta laburra ere. Azpimarratuko duguna hau da, negoziazioa 2012an hasi zela, aurreakordioa aurtengo urtarrilean lortu dugula, eta langile ia guztien babesa jaso du (%90aren bueltan). Oraintsu arte Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan ibili dela onespenaren zain. Ez dakigu kointzidentzia ote den, baina greba aurreabisoa sartzear ginenean Lakuako baimena iritsi zen. Prozesu osoan langileen bultzada ezinbestekoa izan dela ere argi gelditu da. Negoziazio Kolektiboa ia desagertuta dagoen egungo egoeran ez baita oso ohikoa halako akordiorik lortzea, are gutxiago Eusko Jaurlaritzarekin.

Edukiari dagokionean zera azpimarratuko dugu:
• EITB Taldeko gainerako sozietateetako lan baldintzak jasotzen dituela esan daiteke, EITBNETeko errealitateari egokituta. Lanaldia, ordutegiak, soldatak, malgutasunak, osagarriak, gizarte laguntzak… ia erabateko homologazioa alegia.
• EITBNETen lehen Lan Hitzarmena da, eta ultraaktibitatea bermatua du. Orain arte ez da arautegirik egon, espainiar langileen estatutua zen babes bakarra. Salbuespena M4F kontrata, sikiera bulegoetako hitzarmen sektorialaren babesa eduki zutela. Lan harremanak eta lan baldintzak indibidualak izan dira, arloburu batekin edo bestearekin moldatzen zinenaren menpe.
• Lan kategoriak definitu eta lanpostu berriak betetzeko prozedura arautu da.

Oraindik xehetasunen bat lotzea falta da noski, eta horiek zorrozten lanean jarraitzen dugu.

Euskal Herrian, 2015eko ekainaren 18an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta seriotasuna eskatzen diogu Gizardatzi

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok prest gaude egiten dugun lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzeko. Orain arte eginiko baraua eta gaurko greba adibide garbiak dira. Bada, Gizardatzi eta Geroani seriotasuna eskatzen diegu.

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.