2024-09-19
HomeLAB SindikatuaDelegatuen BatzarraBizkaian ere hazi nahi dugu, langileek osatzen dituzten sektore guztien interesak defendatzeko

Bizkaian ere hazi nahi dugu, langileek osatzen dituzten sektore guztien interesak defendatzeko

Kurtso berriaren etorrerarekin, Gipuzkoan, Araban, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan izan ditugu delegatuen batzarrak. Gaur, berriz, Bizkaiko delegatuen hitzorduari egokitu zaio txanda, Bilbon, errondari amaiera emateko. Beste delegatuen batzarretan bezala, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa izan dugu ardatz, baina, horrekin batera, LABek ekintza sindikal berriak ekarritako emaitzak eta zenbait sektoretako esperientziak, helduen egoitzetakoa, kasu, izan ditugu hizpide.

“Zure bidelagun” lemarekin murgilduta gaude hauteskunde sindikalen aldi trinkoan, eta herrialde ezberdinetako delegatuekin partekatzen ari gara hauteskundeetarako helburu eta erronkak. Bizkaiko delegatuen batzarrarekin amaiera eman diogu gaur erronkari, Bilboko Itsas Museoan, eta helburuen berri eman digute LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak.

Hauekin batera, zenbait sektoretako delegatuek ere hartu dute hitza; Bizkaiko helduen egoitzetako ordezkari bat, kasu. Lantokiko eta sektoreko borrokaren berri eman digu, eta Erandioko Sanitas Loramendi egoitzetako langileek abiatutako greba mugagabea izan du gogoan. Aurretik, LABeko ordezkari beteranoak igo dira oholtza gainera, merezi duten aitortza jasotzeko. Era berean, Euskotreneko ordezkari batek bere esperientziaren berri eman du, eta lantokietan antolatzeko beharra azpimarratu du.

Udal Foru sektorea, begiz jota
Hauteskunde sindikalei begira Bizkaian jarritako erronkei buruz, lehenik eta behin herrialdeko argazkia zein den azaldu dugu. Hain zuzen ere, Bizkaian 1.332 delegatu ditugu, ordezkaritzaren %15,19. Helburuen artean sindikatua %15,3- %15,5 artean kokatzea da eta zenbait sektoretan gure presentzia indartu; Udal Foru sektorean, besteak beste, ELAren hegemonia hausteko.

Datu orokorrei dagokienez, sindikatuak 4.000 ordezkari pasatxo (4.285) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368) ditu Hego Euskal Herrian. Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren sindikatua gara.

Dena den, Garbiñe Aranburuk argi utzi du ez dugula hazi nahi helburu korporatibo hutsalengatik. "Geroz eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat izan nahi dugu. Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jolastu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "langileek dituzten erronken aurrean, sindikalgintza inoiz baino beharrezkoa da. Kontrabotere sindikalgintza bat, sindikalgintza soziopolitiko bat, defendatzen dugu: patronalaren aurrean eta prekarizazio prozesuaren aurrean gure eragin gaitasuna handitzeko; dauden politika publikoen norabidea aldatzeko; eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde egin eta kalean dagoen mobilizazio sozialean eragile aktibo izateko; eta aldaketa politikoak bultzatuko dituen sindikalgintza izateko. Izan ere, eraldaketa sozialerako bokazioa dugun sindikatuok aldaketa politikoaren alde ere egin behar dugu borroka, ez baitago erabakitzeko ahalmenik gabe, bitarteko juridiko eta politiko egokirik gabe, erabateko eredu sozial berririk eraikitzerik". 
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.

Fekoorren mobilizazio zikloa abiatuko dugu datorren astean

Desgaitasun fisikoa edo/eta organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko beharginek hitzarmen propioa dute aldarri.
01:41:36

[BIDEOA]: “Zerga-sistema aldatu, aberatsek gehiago ordain dezaten” solasaldia Iruñean, Mikel Aranburu eta Carlos Cruzadorekin

Fiskalitatearen inguruan antolatu dugun lehen solasaldietako lehena izaten ari da orain, Iruñeko Txalaparta liburudendan. Ilargi Jaunarena sindikatuko ekonomialariak gidatuta, Carlos Cruzado “Los ricos no pagan IRPF. Claves para afrontar el debate fiscal” (Capìtan Swing, 2024) liburuaren egilea eta Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilari ohia zerga-politikaz ari dira solasten.