2026-10-04
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaJaurlaritzak, berriro ere, enplegu publikoaren prekaritatea bere mesederako erabiltzen du

Jaurlaritzak, berriro ere, enplegu publikoaren prekaritatea bere mesederako erabiltzen du

Langile publikoen behin-behinekotasuna parametro jasangaitzeraino eraman ondoren, Jaurlaritzak bere interesak behingoz asetzeko probestuko du egoera eta zerbitzu publikoen eredurik neoliberalena ezartzera animatu da bere Euskal Enplegu Publikoaren Lege (EEPL) proposamen zaharraren bidez. LABentzat, kontsolidazio prozesuak eta kontziliaziorako onura batzuk onartzeko EEPL osoa irentsi beharra txantaje hutsa da.

Tiraderan gorde behar izan zuten lege egitasmoa eztabaidan egon den urteetan LABek bere aurkakotasuna zuzenketen bidez adierazi izan du: anbizio falta; negoziazio kolektiboaren ukazioa; enpleguaren pribatizazioa; lanbide karrera ezegokia; zuzendaritzen erabilera alderdikoia; eta enplegu publikoa behin-behinekotasunean oinarritzeko asmoa zuela aipatuz. Baita, administrazioak euskalduntzeko, aukera berdintasuna bermatzeko eta lan osasunaren kudeaketa publikoa bermatzeko neurri eraginkorrik proiektuan ez dela jasotzen ere.

Egoera politiko nahasian arazo partzialak pakete osoetan saltzen ikasi du orain EAJk, eta aurrekontuen luzapenaren negoziazio partzialarekin bezala (langile publikoekin adostu ez duten soldata igoera, DSBE eta gizarte ekimena pakete berean sartzea), enplegu publikoaren arazo larria arintzeko aitzakiarekin lege proposamenaren neurri neoliberal guztiak pakete bakarrean onartzea nahi du Jaurlaritzak.

LABek pasa den ostiralean prentsaurrekoa eskaini zuen eta bertan enplegu publikoa egonkortzeko lege propioa eskatzen zuen. Jaurlaritzaren enplegu politikek salbuespen egoera larri batera eraman gaituztela salatzen genuen: behin-behinekotasun batez besteko tasa %40ren inguruan eta eremu batzuetan 20 urte deialdi publikorik egin gabe daramatela, beste batzuk oso feminizatuak daudela, plazak egonkortzeko aukerarik ez dela eman…

Lakuak Madrilgo debekuei botatzen die errua, baina aitzakia hutsa da, debekurik egon ez denean egoera okertzen aritu delako. Gaurkoan bere enplegu publikoaren lege proiektuari hautsa kenduz, oso argi ikusi da bere goi-asmoa erabat neoliberala izan dela beti, eta murrizketa politika guztiekin bat datorrela. PNVk zerbitzu publikoak erabat ahuldu eta pribatizatzea lortu ez izana hain zuzen ere langileon eta jendartearen mobilizazioei esker izan da.

Bestalde 2018ko Estatuko Aurrekontuen Legeak egonkortze prozesuak ahalbidetzea ez da konponbidea, hemengo administrazioetako egoerari ez diolako erantzuten eta kaleratze masiboak ekar ditzakeelako. Jaurlaritza, horretaz jabetuta ere, berriro Madrilen aitzakiapean ezkutatu da milaka langile interinoen egoerari bizkar ematen dienean.

Enplegu plan integralak aldarrikatu izan ditugu behin eta berriz, baina Jaurlaritzari gaia propagandarako baino ez zaio interesatzen. EPE potoloak iragartzea gustatzen zaio, inoiz ez dituztela benetako beharrak aseko jakitun, eta egungo egoera eta etorkizunari erantzun gabe. Gure iritziz lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren langileei, betiere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

LABek aurreko ostiraleko agerraldian EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko berariazko lege bat behar dugula aldarrikatu genuenean, ez genuen Jaurlaritzaren erantzuna hain azkar espero. Horren aurrean langileekin adostasunik ez duen Enplegu Publikoaren Lege egitasmo neoliberala berriro tiraderan gorde dezala, eta enplegu publikoa kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege bat presta dezala erantzuten diogu Jaurlaritzari, berak sortutako egoera konpontzea alegia. Tresnak badaude, borondatea da oraingoan ere falta dena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...