2026-03-18
HomeEkintza SindikalaUrtarrilaren 30ean Nafarroako Hezkuntza Publikoan greba deitu dugun sindikatuok Hezkuntza Departamentuaren jarrera...

Urtarrilaren 30ean Nafarroako Hezkuntza Publikoan greba deitu dugun sindikatuok Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia salatu nahi dugu, beste behin

Ikasturte honetan aurrera eraman diren bi grebetan eta urtarrilean izanen den hirugarrenean ez da inoiz itun baten sinaketaren eskaerarik izan. Irakasleen lan baldintzak zein hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko aldarrikapenak izan dira hizpide eta horien negoziazioa eskatu dugu. Hezkuntza itun berri bat sinatzea bestelako hausnarketa bat eskatzen duen prozesua da eta ez da inolaz ere bi hilabetetan lotu daitekeen zerbait.

Ez dugu inolaz ere onartuko Departamentuak hartu duen bidea, non itunaren afera arreta desbideratzeko tresna gisa erabiltzen duen. Hurrengo ikasturterako irakasleen baldintzak hobetu ditzaketen neurriak hartzea erraza izan daiteke horretarako benetako borondatea balego. Sindikatuok beti izan gara hitz egiteko prest, baina ez dugu prozeduretan eta edukietan inolako xantaiarik onartuko. Gehiengo sindikalak jakinarazi dugu ez dugula itun horren apirilaren 14ko epe muga onartzen, eta gainontzeko beste sindikaturen batek ere zalantzan jarri du.

Gimeno Kontseilariak esan duenaren arabera, azaroan gutxiengoan hiru sindikaturekin sinatutako akordioa erabat itxita dago, ez dago horietatik haratago hobekuntzarik lortzeko tarterik. Hortaz, zertarako hobekuntza gehiagorik ekarriko ez duen balizko itun bat sinatzeko eseri? Ez gara Hezkuntza Departamentuaren irudia garbitzeko tresna kosmetiko baten parte izango. Horregatik hain zuzen ere exijitu diogu Greba Batzordea dei dezan, gehiengo sindikalaren negoziatzeko batzordea hori baita, eta grebarekin benetan amaitu nahi badu, gurekin negoziatu beharko duelako.

Kontseilariaren hitzetan, Departamentuak, edozein grebaren aurrean oinarrizkoa den greba batzordea laurogeita hamargarren hamarkadatik ez omen du deitu. LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok eta bosgarren bat ordea, 2023ko martxoaren 17an, Gimeno jada buru zela, batzorde horretan eserita izan ginen, apirilaren 3ko grebaren atarian. Kontseilari jaunaren memoria historiko urriaren seinale edo agian, sindikatuekin negoziatzeari ematen dion garrantzi eskasaren adierazle, ez baitzen bilera hartan egon. Atzoko Mahai sektorialean egon ez zen bezala.

Departamentuak guztiz antidemokratikoa izan den azaroko akordioa ontzat ematen duenez, posible litzateke ere irakasleen ordezkaritzaren gutxiengoarekin sinatu dezakeen ituna inposatzea.

Beraz, atzo izandako mahai sektorialaren ondoren, urtarrilaren 30eko grebarekin aurrera goaz, aurrerapausoak ikusi ordez, Departamentu honen negoziaziorako borondate falta betikotzen dela ikusten baitugu. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta hezkuntza publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, edozein estrategia mediatiko eta trikimailuren gainetik.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.