2026-11-04
HomeEkintza SindikalaVillatuertako Tenerias Omega-ko Enpresa Batzordeak jakinarazi du lantegiko jarduerarekin jarraitzeko bi eskaintza...

Villatuertako Tenerias Omega-ko Enpresa Batzordeak jakinarazi du lantegiko jarduerarekin jarraitzeko bi eskaintza daudela eta ez dutela lantegia itxiko

LABeko 4 delegatuk eta ELAko delegatu batek osaturiko Tenerías Omegako Enpresa Batzordeak atzoko egunean jakin zuen lanpostu guztiak kentzeko EEE Enplegua Erregulatzeko Espedientea gelditu dutela, jarduerari eusteko asmoa duten bi erosketa eskaintza daudelako.

Bi proiektu ezberdin dituzten bi eskaintza dira, batean 44 lanpostu mantenduko lirateke, eta bertzean, 40 lanpostu.

Batzorde honek hasieratik esan zuen bezala, argi zegoen lantegiaren kudeaketa eskasa zela, lana eta eskaerak egon bazeudelako. Ez zen berregituraketa bat planteatu ere egin, eta bai enpresak eta bai Konkurtso Administrazioak, hasiera-hasieratik, ahalik eta lasterren itxi eta prozesua Fogasara bidali bertzerik ez zuten egin nahi izan, baina Batzordeak ez zuen horrelakorik onartu eta mobilizatzen jarraitu zuen faktoria “EZ IXTEKO” helburuarekin.

Orain, epaileak zein eskaintza onartu zain egon behar da, eta, ondoren, 15 eguneko epea egonen da beharrezkoak diren alegazioak egiteko. Albiste ona da Lizarraldearendako, baina etorkizuneko zuzendaritzarekin negoziatzen jarraituko dugu berriz lanean hasteko prest dauden langileen zerrendak adostasunez egiteko eta itzuli nahi ez dutenentzako aterabiderik onena bilatzeko -horiek EEEra joanen lirateke, indemnizatuta-.

Konkurtso-prozesuaren azken garapenean aktibo eta zain jarraituko dugu, eta informatzen segituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.