2024-05-02
HomeEkintza SozialaSortzen den enpleguaren ezaugarri nagusia prekaritatea da

Sortzen den enpleguaren ezaugarri nagusia prekaritatea da

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %7koa da, 98.000 langabetu daude Araba, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia eta Bizkaian. Datu baikorra beharko lukeen honek, ordea, ez du enpleguaren errealitatea islatzen. Are eta gehiago, langabezia eta enpleguaren kalitatearen arteko korrelazioa gero eta txikiagoa da. Gaur egun, enplegua sortzeak ez dakar berarekin prekarietate egoera gainditzea, kronifikaturiko prekarietatearen gainean indartzen ari dira lan merkatua.

Emakumeen* artean sorturiko enplegua prekarioa da bere osotasunean

Azken hiruhilabetean 15.600 emakumek lana aurkitu dute, baina kontuan hartu behar dugu jardunaldi osoko emakumeen* kopuruak behera egin duela (2.400) eta 18.000 jardunaldi partzial gehiago daudela. Beraz, azken hiruhilabetean Hego Euskal Herrian emakumeen artean sortu den enplegua jardunaldi partzialekoa izan da bere osotasunean; beraz, prekarioa.

Oro har, jardunaldi partzialen kopuruak egin du gora eta azken hiruhilabetean jardunaldi partzialeko 31.500 enplegu sortu dira. Modu honetan, egun lanean daudenen artean, %16,2a jardunaldi partzialean ari da, emakumeen* artean proportzioa handiagoa delarik (emakumeen* %25,4a jardunaldi partzialean dago, gizonen %7,7a).

Azken urtean etxeko lanetara emanda zeuden 21.700 emakume* inaktibo (lan merkatutik kanpo), aktibo izatera pasa dira, lana bilatzera, eta lortu duten enplegua prekarioa izan da. Etxeko lanen ardura nagusia emakumeena* izanik, bizi unitate edota familiaren egoera kaskarrak bultzatuta, lan baldintza prekarioak eskaintzen dizkion lan merkaturanzko igarobidea egin du, lanaldi prekario bikoitzera derrigortua.

Pasa den urtetik iraupen luzeko langabetuen kopuruak behera egin arren, proportzioak gora egin du eta emakumea* da gehiengoa (%56,4a), langabezia egoeratik ateratzeko zailtasun handiagoak izan ditzakeela adierazten duena.

Gazteek lan merkatua utzi dute

Azken hiruhilabetean, 25 urtetik beherako 10.100 gazte (horien artean 8.000 gizonak izanik) aktibo izatetik inaktibo izatera pasa dira; honek esan nahi du euren burua lan merkatutik kanpo kokatu dutela, arrazoi ezberdinengatik (tartean, lan merkatuak eskaintzen dien enplegu prekarioa baztertu eta euren burua formatzen jarraitzea, etorkizunean kalitatezko enplegua lortzeko itxaropenez). Gaur gaurkoz, gazteen langabezia tasa balio oso altuetan mantentzen da, %19,5ean.

Industriaren eraisketak jarraitu egiten du

Larria da industria sektorean egoniko langabeziaren igoera, pasa den urtetik %17,24 igo baita (1.500 langabetu gehiago daude). Herri baten garapen zein burujabetzarako industria estrategikoa izanik, joera honen atzean dauden arrazoiak tentuz aztertu eta neurriak hartu beharko direla uste dugu.

Beraz, langabezia bereziki prekarioak diren sektore (zerbitzuak) edo egoera zaurgarrietan dauden herritarren artean (emakumeak* eta migratzaileak) egin du behera. Sortu den enpleguaren ezaugarri prekarioekin gurutzatzen badugu (jardunaldi partzialak, behin behineko kontratuen igoera…), ondorioa argia bezain larria da: sortzen ari den enplegua prekarioa da.

LAB sindikatuak ohartarazi duen bezala, langabeziak enpleguaren egoeraren adierazle izateari utzi dio. Gero eta herritar gehiago lanean egon arren, gero eta herritar gehiago daude egoera prekarioan, zoritxarrez, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe. Azken hilabeteetako joerak aztertuz gero, gertaera puntual baten aurrean ez gaudela baieztatu dezakegu. Prekaritatea estrukturala da lan merkatuan, lan baldintza prekarioak kronifikatu dira eta horien gainean eraikitzen ari dira lan harreman zein eredu sozioproduktiboa.

LAB sindikatua inoizko afiliazio eta ordezkaritza handienarekin iritsi da 50.urteurrenera. Indar hori guztia baliatuko dugu egoera eraldatu eta langileon lan zein bizi baldintzak hobetuko dituen eredu berri baten aldeko borrokan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.