2024-04-24
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakunderen egoitza okupatu dugu, soldata arrakala arazo politikoa dela salatzeko

Emakunderen egoitza okupatu dugu, soldata arrakala arazo politikoa dela salatzeko

Emakunderen egoitzan elkartu gara, Gasteizen, Gizon eta Emakumeen Soldata Berdintasunaren Aldeko Egunaren bezperan, idatzi bat erregistratzeko. Hain zuzen ere, “Soldata arrakala ez da kopuru bat, arazo politikoa da” lelopean mobilizatu gara. Ondoren, Emakunderen egoitza okupatu eta batzar bat egin dugu bertan, gure aldarrikapenak ikustarazteko: soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna baita, gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko. Era berean, Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dugu protesta. Kasu honetan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari zuzendu gatzaio.

Hauxe da Emakunderen egoitzan erregistratu dugun idatzia:

Generoaren araberako soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa. Arazo politikoa da.


Soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna da, gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko, sistema kapitalista heteropatriarkalak lan horiek guztiak premiazkoak baititu bere horretan irauteko eta irabaziak lortzeko.

Pasa den urtean, LABek enpresei soldata arrakalaren inguruko datuak eta honekin amaitzeko neurriak eskatu zizkien. Oso gutxik erantzun ziguten. Batek ere ez zuen neurririk martxan ipini.

Aurten instituzioak interpelatzen ditugu zuzenean: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Emakunde, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, aldundiak, udalak… ez dutelako honi dagokionez ezer egin, plan instituzionalekin engainatu nahi gaituztelako -aldez aurretik ondo dakiten arren ez direla konponbidea-, emakumeon lan baldintzetan ardura zuzena daukatelako, ez dituztelako enpresak behartzen benetako neurriak ezartzera, soldata arrakalak bere horretan irautea uzten dutelako, azpikontratak bultzatzen dituztelako euren enpresen mesedetan eta, honela, soldata arrakala legeztatzen dutelako, gure bizitzak erasotzen dituen sistema kapitalista iraunarazten dutelako, ARDURAGABEKERIA politikoaz jokatzen dutelako.

Oso modu orokorrean ikus dezakegu soldata-arrakala hainbat arlotan eta modu desberdinetan, adibidez:

Industria sektore guztiz maskulinizatua da eta ez da apenas emakumerik* kontratatzen.

Emakumeak zaintza lanetan, merkantilizatuetan zein merkantilizatuta ez daudenetan, gainordezkaturik gaude.

Sektore publikoan feminizaturik dauden lanak azpikontratatzen dira eta honek soldata arrakala handiagoa sortzen du.

Jardunaldi osoak galarazten dizkigute eta emakumeak jardunaldi partzialaz eta aldi baterako kontratatzea bultzatzen da, baita saritu ere. Honela, zaintzen ardura hartzera behartzen gaituzte, sistema ez baitago prest bere gain hartzera, irabazi berberak izango ez lituzkeelako.

Lanaren banaketa etnikoaren arabera, soldata arrakala gehiago sortzen dira: lanik gogorrenak, gutxien ordaindu eta arautuak eta esplotazio egoera latzenekoak beste jatorri batzuetako pertsonei egozten zaizkie. Hala nola etxeko lanak, eraikinen garbiketa, etxez etxeko laguntza…
Eta hau guztia lan merkatuaren prekarizazio orokortuaren testuinguruan.

Guretzat soldata arrakala ez da kantitate bat. Ez datza soldatetan euro gehiago edo gutxiagoko aldean (hori ere baden arren), hortik harago, bizi garen sistema kapitalistaren isla argia daukagu. Sistema honek gure lanei balioa kendu eta mespretxatzen ditu, bere irabaziak handitu ahal izateko eta sistemaren antolaketa aldatu behar ez izateko eta, horrela, bizitzaren iraunkortasuna gure bizkar gainean uzteko. Lanaren antolaketa soziala aldatzea borondate politiko kontua da, zeren eta, norbaitek esaten badu soldata arrakalarekin amaitu ahal dela sistema, sistema kapitalista hau, zalantzan jarri gabe, gezurretan ari baita. Eta gezur hau sinisten badugu, betikotu egingo ditugu orden eta eredu berbera, zaintzen eta denboren banaketa bidegabea, jarraituko dugu "egin dezala bakoitzak ahal duena" gurpil zoroan, lan egin, zaindu, kontziliatu eta bizi ahal izateko, birrindurik amaitu barik eta inor esplotatu gabe. Instituzio publikoek, gobernatzen dituztenen bitartez (EAJ-PNV, adibidez) erantzukizun argia daukate, zaintza zerbitzu publikoak garatzen ez dituztelako, hauek pribatizatzen dituztelako eta ez dutelako ezer egiten zerbitzu publikoak kaskartu ez daitezen.

Soldata arrakalaren inguruko azalpenen "neutraltasuna" salatu behar dugu, hau da, neurri gutxi batzuk hartuta, arrakalarekin amaitzea posible dela. Soldata arrakala egiturazko arazoa da eta, hortaz, ezinezkoa da horrekin amaitzea sortzen duen sistema zalantzan jarri barik. Ez da arazo laboral hutsa, arazo hau, funtsean, jendartearen antolaketarena da, hau da, arazo politikoa. Pertsonak zaintzea, garbitzea, heztea, bizitza posible egiten duten lanak… balio gutxiagokoak badira kotxeak ekoiztea, torlojuak egitea edo harresiak altxatzea baino, honek pentsarazi beharko liguke ea ze jendarte eredutan bizi garen eta zeintzuk diren horren azpian dauden balioak.

Eta, ahaztu gabe, soldata arrakalarik handiena da aipatu ere egiten ez dena: aitortzen diren lanen (eta, hortaz, ordaintzen diren lanen) eta lantzat aitortzen ez direnen artekoa. Arrakala horrekin amaitzen dugunean, amesten dugun mundu horretatik hurbilago egongo gara.

Trantsiziorako neurriak
• Berdintasun plan eraginkorrak egiteko derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.

• Kontziliaziorako eta erantzunkidetasunerako benetako neurriak har daitezela.

• Aitatasun eta amatasun baimenak parekatzeko administrazioan hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea. Amatasun eta aitatasun baimenak derrigorrezkoak eta besterenezinak izatea.

• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea, frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.

• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.

• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.

• Zaintzarako euskal sistema publikoa garatzea.

• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak

• Haur eskolak doakoak izan daitezela

• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.

• Estatalizazioaren kontrako neurriak har daitezela.

Nora joan nahi dugu?
Sindikatuok gure papera birpentsatu behar dugula argi dago, baina jendartearen parte gara, lan mundua ez baitago sistematik kanpo; horregatik, oso garrantzitsua da beste urrats batzuk ere gure gain hartzea eta horren inguruan hausnartzea gainerako eragile sozialekin batera.

Hona hemen horretarako beste pausu posible batzuk:

• Sexuaren araberako lan banaketarekin bukatu.
• Enpleguaren bitartez emantzipaziorako apustuaren ideia zalantzan jarri.
• Guk egiten ez ditugun zaintza lan guztiak ez utzi besteen esku, ondo ordainduta daudelako aitzakipean.
• Barne etxeko langilearen figura desagertzea.
• Pertsonen elkarren menpekotasunaren ideia landu eta zabaldu, pertsonen autonomiaren fikzioa alboraturik. Aldi berean, planetarekin dugun menpekotasuna ere kontuan hartu.
• Sozialki beharrezkoak diren lan guztien berrantolaketa.
• Zaintza lanak guztion arduratzat hartu eta ez era indibidualizatuan.
• Kontziliaziorako eskubideak lehenetsi, baina ez emakumeentzat eta familia nuklearrentzat besterik ez, baizik eta bideak irekitzen beste mota batzuetako familia ereduak horietan sar daitezen.
• Lan eta enpleguaren arteko dikotomia faltsuarekin bukatu.
• Erantzunkidetasun sozial erreala sustatu.
• Bizitzarako beharrezkoak diren lan jardunaldi egokiak exijitu.
• Lana, enplegua eta denboraren banaketa sozial justuagoa (eremu publikoan zein pribatuan, etxeetan, komunitatean, familietan…).
• Erantzunkidetasuna zein kontziliazioa birpentsatu.
• Familia eredua eta bere funtzioa birpentsatu: kontsumorako unitatetik zaintzarako komunitatera pasatzea, familia terminoa bera birpentsaturik.
• Enplegu eta eskubideen arteko lotura apurtu.
• Enplegu duinak bermatu.
• Gure militantzia ereduak birpentsatu.
• Zaintzaren berrantolaketa soziala. Zaintza lanak familiatik eta eremu pribatutik atera.
• Bizitza posiblea egiten duten lan guztien aitortza.
• Lan munduko ordutegiak ezbaian ipini, bizitzen beharrei egokitu, produkzioaren mesedetan egon beharrean.
• Soldatapeko etxeko lanari buruzko hausnarketa sakona. Justua al da gaur egun gertatzen ari den bezala mantentzea edo pixkanaka lortu behako genuke desagertzea?
• Adinekoen egoitzen eredua birpentsatu, guztion artean beste eredu inklusiboago batzuk eraikitzeko.
• Bizitzari eusteko esparru kolektiboak eta autogestionatuak sortu.

Zer eskatzen diogu Emakunderi?
Erakunde honek berdintasun arloko politika publikoetan duen benetako eragina baloratzeko garaia dela uste dugu. Sortu zenetik hogeita hamar urte igaro dira eta bere eragina oso txikia izan da. Bere azterketa eta aholkularitza funtzioak ez dira lagungarriak izaten ari komunitate honetan milaka emakumeren bizi-prekarietate egoera iraultzeko.

Berdintasun politiketan urrats bat gehiago ematea eskatzen dugu eta benetako politika feministak diseinatzen hastea. Emakundek, gaur egun, ez die erantzuten EAEko emakume gehienen eskaerei. Egin diren politikek hemen bizi garen emakumeen zati txiki bati mesede egiten diote bakarrik.
Eusko Jaurlaritzak ez du benetako konpromisorik “berdintasunarekin” eta duela 30 urteko egoera berean erakunde honen funtzioak mantentzea horren isla da.

Politika feministak eta emakume guztientzako nahi ditugu!

Aldaketa erradikalen garaia da.

Sistema honetan sinisten ez dugulako,

Kapitalismoa hautsi, Bizitzari eutsi

M8an Kapitalismo heteropatriarkalari planto!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.