2026-09-07
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu iragan astean Espainiako polizia baimen judizialik gabe sartu zela zenbait...

Salatzen dugu iragan astean Espainiako polizia baimen judizialik gabe sartu zela zenbait lantokitan Indar Gorriren aurkako atxiloketak egiteko

LAB sindikatuak salatu nahi ditu kolektibo jakin batzuk kriminalizatzeko eta atxiloketa ugari samarren bidez propaganda-helburu bat baino ez duten polizia operazioak, hala nola martxoaren 7an Indar Gorriko 61 kide atxilotzera eraman zituena. Kasu horri dagokionez, gainera, LABek gogor salatu nahi du poliziak hainbat lantokitan sartu zirela epailearen nahitaezko baimenik gabe.

Sindikatu honek ere jasan ditu era horretako polizia-operazioak eta badaki atxiloturiko pertsonak baldintzarik gabe aske gelditzen direla; beraz, agerikoa da nahikoa izaten dela pertsona horiei zitazio huts bat ematea eta ez halako polizia-operazioa egitea. Ez da harritzekoa, gainera, gero halako kausa horiek artxibatzea. Hala gerta daiteke Indar Gorriren kasuan ere, instrukzioko epaileak ere ez baitzuen bat egin poliziaren bertsioarekin; horixe erakusten du atxilotuei estadioetara sartzea debekatu ez izanak.

Martxoaren 7ko operazioari dagokionez, sindikatu honek egiaztatu ahal izan du Espainiako Polizia Nazionala baimen judizialik gabe agertu eta sartu zela gutxienez bi lantokitan langileak atxilotzeko. Kasu horietako batean, Espainiako Poliziako kideak, kaleko jantzita, eskolako jantokiko eraikinera sartu ziren, epailearen nahitaezko baimenik gabe eta zentroko langileei jakinarazi gabe, eraikineko irteerak okupatuz. Eta langilea bazkaltzera joateko prestatzen ari ziren haurrekin agertu zelarik, hau da, lanean ari zela, atxikitu eta atxilotu zuten.

LABek egiaztaturiko bertze kasuan, enpresak berak galarazi egin zien Espainiako agenteei baimen judizial hori ez aurkezteagatik. Sindikatu honek badaki Nafarroako bertze lantoki batzuetan ere antzeko jarduerak egin zirela. Jokabide hori onartezina eta arrazoirik gabea da, eta langileen eskubideen aurka egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.