2025-12-05
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaSalatu dugu Nafarroako Gobernuak ez duela aurten D ereduan aurrematrikulazioa sustatzeko inolako...

Salatu dugu Nafarroako Gobernuak ez duela aurten D ereduan aurrematrikulazioa sustatzeko inolako kanpainarik egin

Aste hau euskara hezkuntza sisteman sustatzen jarraitzeko ahaleginean oso garrantzitsua da, aurrematrikulazio epea ireki baita ostirala bitartean. LABek kezka handiz hartu du aurten Nafarroako Gobernuak D ereduan aurrematrikulatzeko kanpainarik egin ez izana, ez Hezkuntza Departamentuaren bidez, ezta Euskarabidearen bidez ere.

LAB Euskarabideko arduradunekin harremanetan jarri da irizpide berri honen inguruko azalpenak eskatzeko. Hezkuntzaren arloa berez ez dela euren eskumena eta arlo horretan euskararen sustapena egitea edo ez Hezkuntza Departamentua bera arduratzen hasi dela esan digute. Erakunde horrek dioenez, Hezkuntza Departamentuak matrikulazioaren inguruan ezer ez duela egingo erabaki omen du, gaiak nahasmena eragiten duela eta testuinguru horretan A eredua ere sustatu beharko litzatekeela iritzita.

Aurten arte Euskarabideak Nafarroako Udalekin batera elkarlana egin izan du D ereduaren matrikulazio kanpaina aktiboa izateko. Ostiralean bukatzen den aurtengo aurrematrikulazio kanpainan ez da, ordea, horrelakorik izango.

LABen aburuz, erabaki honek agerian utzi du Euskarabideak eta Hezkuntza Departamentuak euskararen egoera normalizatzeko zeregin garrantzitsu horretan agertzen duten pasibitatea eta onartezina iruditzen zaigu gutxitua dagoen Nafarroako hizkuntza ofizial hau babesteko eta sustatzeko dagoen estrategiarik eza, kontrako jarrera ez esatearren.

Euskara sustatzeko ahalegin erraldoi eta kolektiboan Hezkuntza sektore estrategikoa da eta ulertezina da berau indartzeko propio sortutako erakunde ofizial bakarrak, Euskarabideak, arlo horretan bere eskumen eta ardurei horren modu arinean uko egitea. Arduragabekeria galanta iruditzen zaigu zeregin hori PSNren kontrolpean dagoen Hezkuntza Departamentuaren eskuetan uztea adostu izana eta aurrematrikulazio kanpainan D ereduan matrikulazioak bultzatzeko ezer egin ez dela ikustean tamaina horretako jarrera pasiboa izatea.

Mundu guztia anima dezagun haurrak D ereduan matrikulatzera
LAB sindikatuari garrantzitsua iruditzen zaio jendarteak, eta batez ere euskararenganako sentiberatasun eta adeitasun minimo bat duten sektoreek, egoeraren berri izatea. Euskararen normalizazioa hitzetatik ekintzetara igarotzeko aktibo nagusiak gu geu gara, Nafarroako jendartea, egungo erakundeek ezer gutxi egingo baitute hori horrela izan dadin. Beraz, euren haurrak D ereduan matrikulatu ala ez zalantzatan dabiltzan guztiak euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi ditugu, horrek euren seme-alabei hezkuntza zabal eta aberasgarria eskaintzeaz gain, mundu berria ere irekiko dielako. Atzerriko hizkuntza ikasteaz gain, Nafarroako bi hizkuntzak menperatzea bermatzen duen eredu bakarra baita D eredua. Seme-alabak euskarazko ereduetan eskolaratzea denon artean bultzatu beharra dugun hizkuntzari bermea emateko dugun tresna nagusienetakoa da.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...