2026-10-02
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu bete gabe jarraitzen duela EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako...

Salatu dugu bete gabe jarraitzen duela EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako 60 urtetik gorako langileei lanaldia egokitzeko akordioak

Kontzentrazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean.

Orain urtebete, 2023ko azaroaren 9an, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako mahai negoziatzailean akordioa sinatu genuen, oraindik bete ez dena. Aurreko Hezkuntza Sailak ez zuen ezer garatu eta egun dugun ekipoak, guretzat nahikoa ez den proposamena bidali zigun ostiralean. Honen arabera ez da protokolo espezifikorik garatu, eta neurririk hartzekotan 2025ean aplikatuko lirateke.

Akordioan, sukaldeko eta garbiketako langileen osasuna zaintzeko Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak protokolo espezifiko bat garatuko zuela jasotzen zen.

Protokolo horrek ondorengoa ezarri behar zuen, aurrez aipatutako zerbitzuek langileei dei egingo ziela 60 urte bete ondoren lan-eremuan haien osasuna babesteko neurriak hartzea egokia den erabakitzeko, prebentziozko neurriak zein neurri aringarriak. Bere lanpostuari esleitutako funtzioak eta zereginak behar bezala garatzeko, egokitzapen horietan lanaldia herenean murrizteko neurriak sar litezkeelarik.

Sailak iaz emandako datuen arabera, neurriak 120 langileri eragingo lieke sukaldeetan eta 94ri garbiketan. 214 langile hauek urte guztian zehar deiaren zain egon dira euren jarduna aurrera eramanez.

Hezkuntza Saileko kategoria hauetan lan egiten duten langileak dira lan baldintza prekarioenak dituztenak. Kolektibo feminizatua da, egunero garbiketan 8 ordu eta sukaldean 8,5 orduko Ian fisikoa egiten dutenak. Paradoxikoki, hauxe da Hezkuntza Sailean adinagatik neurri aringarririk ez duen kolektibo bakarra.

Lanpostuen arriskuaren balorazio generikoa ez ezik, pertsona bakoitzaren banakako jarraipena egitea ere eskatu eta sinatu zen. Gero eta beharrezkoagoa den zerbait, lanpostuan urte asko daramatzaten eta adinean aurrera doazen langileei buruz ari garelako. Lanpostu hauek duten berezitasun eta lan kargen ondorioz, gero eta gehiago dira osasun arazo fisiko zein psikosozialak dituzten langileak.

Gauzak horrela, gatazka kolektiboa jarrita eta bitartekaritza saioak emaitzarik gabe bukatuta, Hezkuntza Sailaren kontrako demanda sartzeaz gain, mobilizazio dinamika hasi dugu.

Bestalde, aipatu behar dugu Hezkuntzako Saileko gainontzeko kolektiboetan ez bezala, honetan oraindik Hezkuntza Sailak ez duela lan hitzarmen berria negoziatzeko zirriborrorik aurkeztu. Honek guztiak argi erakusten du sailak zerbitzuetako langileekiko duen jarrera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.