2026-02-03
HomeZerbitzu PribatuakBankaSabadelleko zuzendaritzak ez du hitzarmena betetzen eta kaleratzeekin mehatxu egiten du

Sabadelleko zuzendaritzak ez du hitzarmena betetzen eta kaleratzeekin mehatxu egiten du

Azken honetan, Banco de Sabadelleko Gipuzkoako langile gehienok aldi latza bizitzen ari gara. Bankuaren Zuzendaritzak langile askori agertzen dien harrokeria, mehatxua eta xantaia egiaztatzen eta jasaten ari gara, lantokiz aldatu eta hitzarmenaren arabera eraman ditzaketena baino urrutirago eramaten dituzte.

Dirudienez, Bankuaren Zuzendaritzaren iritziz, hitzarmena langileok bakarrik bete behar dugu. Haiek nahieran egin eta desegin dezakete. Nahi duten guztia egin dezaketela uste dute. Euren asmoak onartu ezean, mugikortasuna ezartzen dute, eta 25 baino urrunagoran eraman diezagukete lanpostua, noiznahi eman diezagukete kaleratze gutuna. Honi gehitu diezaiokegu, 40 bat langile enpresaz aldatu nahi dituztela, horietako batzuen antzinatasuna 40 urte baino handiagoa denean, Banco Sabadell taldean sortu berri den enpresa batean lan egin dezaten.

Bai, gure eskubideak urratzen ari dira, eta hori salatu behar da. Gure bizitzekin jolas dezaten aspertuak gaude, nazkatuak gaude gure buruak arriskuan jarri beharraz, gure bizilekutik kilometro askotara dagoen lanlekura egunero joan beharraz. Ederki dakite hori, lan istripuak izateko arriskua areagotzen duelako.

Ezer gutxi axola die gure bizitza pribatuak, etxeko bizitza eta lana uztartzeko beharrak, gure seme-alabak behar bezala zaintzeak edo haiek zaintzen eman dezakegun denbora urriagoa izateak,… Gai hauei eta beste askori uko egin diezaiegun nahi dute, horrela gure lanpostua “salba dezagun”, gaur egun bizi dugun une latzean. Horrela, haien mehatxua onartuko ez bagenu, eta “nahita” joango ez bagina, lanetik bidaltzearekin mehatxu egiten digute.

Nahikoa da! Bankuaren Zuzendaritzak jakin beza ez garela txotxongiloak, eskubideak ditugula eta bete behar dituela.
Honengatik, lehenengo eta behin langileak deitzen ditugu kikildu ez daitezen, euren eskubideen alde egin dezaten eta mehatxuak, presioak eta xantaiak bere horretan iraunez gero, sindikatuen ordezkariengana jo dezaten, eta horrela, elkar hartuz, egokia dena egin dezagun eta egoera maila guztietan sala dezagun, auzibidez zein jendartean.

Bigarrenez, gainontzeko sindikatuak deitzen ditugu ezin larriagoa den egoera honi aurre egin diezaioten, sindikatuek dauzkaten bitarteko guztiak jar ditzaten, mobiliza daitezen eta horrela, halakorik berriro jazo ez dadin. Denok dakigu hamaika direla bulegoz aldatu dituzten pertsonak eta horietako asko presionatzen ari direla.

Banco Sabadellek langileon eskubideak urra ditzan eragotz dezakegu eta eragotzi behar dugu. Eskubideak bete ditzala eskatu behar zaio, eta atzerapausurik ez onartu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...