2026-04-12
HomeEkintza Soziala"Madril eta Gasteizko gobernuak eskutik helduta datoz aurrekontuen gaian ere"

“Madril eta Gasteizko gobernuak eskutik helduta datoz aurrekontuen gaian ere”

EAEko aurrekontuen inguruko eztabaida dela eta, LABek mobilizazioa egin du Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Sindikatuak zerbitzu publikoetan gako nagusitzat hartzen dituen enplegua eta zorraren aitortza aldarrikatu ditu, “Zerbitzu Publikoen defentsan, hemen erabaki” lemapean. Hain zuzen ere, salatu dugu aurrekontu proiektuak ez duela langile publikoek pairatzen dituzten murrizketekin bukatzeko balio.

Gaurkoan EAEko Legebiltzarrean 2019ko aurrekontuei egindako osoko emendakinen eztabaida egiten ari da. Beste behin ere Eusko Jaurlaritzak gutxi batzuen interes ekonomikoak kontuan hartzen dituen proposamena egin du, zerga bilketa %7 inguru hazi egin den urtean. Urtero bezala, EAJ eta PSEren gobernuak ez ditu gizartearen gehiengoak dituen beharrak kontuan hartzen. Gutxi batzuen mesedetan sekulako diru xahuketa egiten da langileen bizkarrera, betiere Espainiako Gobernuaren baimen eta laguntzarekin.

Azken finean, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategiren hitzetan, "Madril eta Gasteizko gobernuak eskutik helduta datoz aurrekontuen gaian ere. Eusko Jaurlaritzak aitzakia paregabea aurkitu du Madriletik planteatzen diren mugak direla eta. Aitzakiak aitzakia, garbi ikusten ari gara EAJri Madriletik inposatzen den gidoitik ateratzea ez zaiola inolaz ere interesatzen". 

Honek guztia zerbitzu publikoetan egoera okertzen du. "Estatuan inposatzen diren akordio eta arauak ez dute euskal zerbitzu publikoetan dagoen egoera konpontzeko balio. Gobernuari behin eta berriro hemengo negoziazio esparruaren alde egin dezan eskatu diogu, baina alperrik. Estatuan lortzen diren akordioak Eusko Jaurlaritzak bere egiten ditu, inongo aldaketarik gabe", azaldu du Berasategik. 

Bi eskari zuzen
Gobernuaren aurrekontu proposamena ikusi ondoren, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioan Legebiltzarrera jotzea erabaki genuen. Legebiltzarreko talde guztiekin bildu ginen eta, Legebiltzarrak daukan ahalmen legegile guztia garatuz, bi eskari zuzen egin genizkien:

• Langileei kendutako soldataren ondorioz sortutako zorraren aitortza bat egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egiteko lanpostuen eta bitarteko langileen egonkortasun prozesuak burutzeko klausulak aurrekontuetan txertatzea.

LABen ustez, ezinbestekoa da murrizketen aroari behin betiko amaiera ematea eta ez gaude inolaz ere egindako murrizketak ahazteko prest. Gobernuan dauden alderdiak kenduta, gainontzeko alderdiek begi onez ikusi dituzte gure proposamenak. Orain iritsi da momentua, beraz, sektore publikoko langileen eskubideen alde egiteko ere.

Momentu honetan, mahaiaren gainean dagoen proposamen murrizketen garaiak betikotzeko soilik balio du. Gaur bezala, beraz, etorkizunean mobilizatzen jarraitu beharko dugula argi daukagu. Eusko Jaurlaritza eta berau sostengatzen duten alderdiek zerbitzu publikoak garatzeko inongo intentziorik ez dutela argi gelditzen ari da. Horrela jarraituz gero, LAB aurrean izango dutela garbi izan dezaten, beraz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an...

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu...

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen...