2024-07-27
HomeEkintza SindikalaProduktu kimiko arriskutsuekin lan egiteagatik Oñatiko Autlan EMD enpresako langile bati ezintasun...

Produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteagatik Oñatiko Autlan EMD enpresako langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortzea #LortuDugu

Eibarko lan-arloko epaitegiak arrazoia eman dio LABi, eta Oñatiko Autlan EMD enpresako, lehengo Cegasa, langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu dio, produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteak osasunean utzi dizkion kalteen ondorioz.

Epaiak frogatutzat jotzen ditu langilearen osasunean eragindako kalte larriak. Oso arriskutsuak diren produktu kimikoekin lan egin arren, enpresak ez zuen 2018. urtera arte ezarri arnasketa-ekipo espezifikoak erabiltzea, eta ordura arte zeuden babes neurriak ez ziren nahikoak, epaiak argi uzten duenez.

Halaber, epaiak onartu du LAB sindikatuko lan-osasuneko teknikariek egindako salaketa, hau da, enpresak ez duela babes-ekipamenduen doikuntza-probarik egin kutsatzaileen kontzentrazioa zehazteko, eta hori nahitaezkoa dela ekipamendu horiek erabiltzeko.

Kasu honek erakusten du lan asko egiteke dagoela patronalak langileen segurtasuna eta osasuna berma ditzan, eta bere onura ekonomikoak langileen osasunaren gainetik lehenesten jarraitzen duela. LABek babes osoa adierazten die langileari eta gainerako lankideei. Langileen osasuna eta segurtasuna defendatzen jarraituko dugu.

Patronalak ez du prebentzio araudia betetzen gobernuek horretarako bide ematen diotelako. Gobernuak ez ditu patronalaren interesak ikutu nahi, ez ditu beharrezkoak diren bitartekoak ipintzen prebentzio araudia betetzen dela egiaztatzeko eta, praktikan, zigorgabetasuna bermatzen die. Egoera latz honen aurrean, langileok borrokatu egin behar dugu gure eskubideak onar daitezen.

Azkenik, Mutualiaren papera salatu nahi dugu, berriro ere langileari bere gaitz larria aitortzearen aurka agertu baita, haren kostu ekonomikoa bere gain ez hartzeko. Mutualitateek, langileen osasuna zaindu beharrean, beren interes ekonomikoak lehenesten dituzte. LABek, beste behin ere, mutualitateak publiko bihurtzea eta osasun-sistema publikoan integratzea eskatzen du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.