2024-07-27
HomeEkintza SindikalaPrekarietatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren akordioa sinatu dute elkarrizketa sozialeko...

Prekarietatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren akordioa sinatu dute elkarrizketa sozialeko mahaian

Langileen kontrako eta patronalaren aldeko akordioa adostu dute Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO-UGT sindikatuek. Gaur aurkeztu dutena ez da Akordio Interprofesional bat, horretarako gehiengo nahikorik ez baitute. Euskal esparruaren aldeko akordio bezala saldu nahi izan duten hau justu kontrakoa da, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aurkako eraso zuzena, alegia.

Larria da Eusko Jaurlaritzak, Toña Sailburua buru, akordio honetan izan duen inplikazioa. Larria, euskal langileon eskubideak erasotzen jarraitzeko adierazi duten determinazioa. CONFEBASKen eredu ekonomiko eta sozial berbera babesten dute, prekarietatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren eredua, hain zuzen ere. Egungo lan harreman ereduan sakontzen jarraitzeak desberdintasun sozialak hedatzea dakar, sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzea. Eredu horretan ez dago balio erantsirik, herrialderik garatuenetatik gero eta gehiago urruntzea eta herri hau pobreziara kondenatzea baino ez. Patronalak eta Gobernuak proiektu bera partekatzen dute, gaur Lakuan utzi diguten argazkia ikusi besterik ez dago. Hori da harrokeria.

CONFEBASKek amesten duen eredu ekonomiko neoliberal horretan Jaurlaritzak erabateko menpekotasuna erakusten du behin eta berriz, eta bidean aurrera egiteko oztopoak erditik kentzea erabaki dute, ELA eta LABek osatzen dugun gehiengo sindikala baztertzeko erabakia muturreraino eramanez, bi sindikatuon aldeko babesa eman duten milaka langilerekiko mespretxuzko jarrera agertuz, zer eta inoiz ordezkaritza neurtu gabeko patronalaren mesedetan. Akordio hau ibilbide baten baitan ulertu behar da eta arau demokratikoen kontrako neurria da. PNVren Gobernuak ontzat emango al luke Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengoak onartutako legeak aurrera eramatea? Gutxieneko joko-arau demokratikoen baitan pentsaezina dirudien hori da lan harremanetan egiten ari direna.

Jaurlaritzak iruzur egin die berriro euskal langileei, bere erabakiarekin Lan Harremanetarako Euskal Esparruari uko egiten baitio. LABetik alternatiba horren aldeko apustuan eta defentsan berresten gara, hamaika proposamen egin dugu bide horretan (azkena pasa den ekainean), prekarietateari aurre eginez, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Eredua eraikitzeko. Patronalaren aldarrikapenei aurre egingo dien alternatiba planteatzen dugu, enplegu duina sortzeko eta aberastasuna banatzeko, besteak beste.

Lehendik ere legeek emandako aukera guztiak eskura zituen CONFEBASKek prekarietatean hedatzen jarraitzeko. Orain, beste opari bat egin diote, egiten ari den horretan jarraitzeko zilegitasuna eta babesa emanez. Larria da, oso larria. Orain dela urte batzuk, beren ametsik gozoenetan ere ez zukeen patronalak horrelako urrats bat posiblea zenik pentsatuko.

CONFEBASKek ez ditu bertako hitzarmenak blindatu nahi. CONFEBASKek ez du negoziazio kolektiborako marko propioa nahi. Negoziazio kolektiboa erabili nahi du lan harreman eredu antidemokratikoan sakondu eta prekarietatea hedatzeko. Hori oso argi geratu da Akordio Interprofesionalak negoziatzeko eginiko bi saiakeretan (2011 eta 2013 urteetan). Bertako hitzarmenak blindatzearen truke euren indar posizioa hobetu nahi izan dute, lehenengoan derrigorrezko arbitraia ezarriz eta bigarrenean hitzarmenen desblokeoa bere neurrira eginez. Uko egin izan diote bertako hitzarmenak blindatzeko egitura-akordio bati, 2013ko saiakeran oso argi geratu zen.

Akordio honen larritasuna aintzat hartuta, Toña sailburuaren dimisio eskaeran berresten gara. Bistan denez, patronalaren bidelagun nagusiena Eusko Jaurlaritza da. Eta CCOO eta UGT ere ondoan ditu, aspalditik patronalaren morroi. Ez dute langileei eskaintzeko alternatibarik eta edozein akordio da ona haientzat. Tamalez, prekarietatea hedatzen laguntzeko aliatu paregabeak bilakatu dira. Madrilen hemengo negoziazio esparruak erasotzen ari diren sindikatuak hemen hitzarmenen salbatzaile moduan agertzea zinismo hutsa da.

Aurrerantzean ere LABetik emango ditugun urrats guzti-guztiak prekarietatea borrokatzeko izango dira. Oso argi dugu, bide horretan mobilizatzen eta aliatuak bilatzen jarraituko dugu, prekarietatearen kontrako edukiak izango dituen negoziazio kolektiboaren alde. Borroka indartuko dugu eta oztopo argi bat izango gara akordio onartezin horren bidean.

Euskal Herrian, 2016ko uztailaren 22an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.