2024-04-26
HomeEkintza SozialaPobreziarekin amaitzeko ezinbestekoa da politika publikoak iraultzea

Pobreziarekin amaitzeko ezinbestekoa da politika publikoak iraultzea

Urriaren 17a Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Urtez urte, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, helburu hori betetzeko proposamen eta asmo desberdinak jasotzen ditugu herritarrok, administrazioak kudeatzen dituztenen borondate politikoaren esku dagoela jakitun. Urteek aurrera egin ahala ordea, administrazio publikoetatik egiten diren gogoeta eta proposamenek gustu txarreko txiste baten zapore garratza uzten digute. Izan ere, pobrezia murriztu eta egoera hobetu beharrean, pobrezian sakontzen eta berau hedatzen jarraitzen dugula erakusten digu errealitateak Hego Euskal Herrian.

2008ko krisi ekonomikoaren ondoren gobernuetatik ezarri ziren lan eta pentsio erreformek, jendartearen prekarietate eta pobrezia egoeraren hedatzea ekarri zuten. Azken hamar urteetako balantzea eginez, honako ondorioak jasan ditu euskal jendarteak besteak beste:

• Zabor-kontratuak hedatu dira. Merkatuaren beharrak erdigunean kokatu eta horren araberako enplegua sortu da, prekarioa eta behin-behinekoa. Horren adierazle garbia dugu osasun-krisia hasi eta lehen hilabeteetan galdu zen enpleguaren %90 behin- behinekoa zela, eta gazteen eta migranteen (are gehiago emakume migranteena) langabeziak izan zuela igoerarik handiena.

• Soldata arrakalak areagotu dira. Hamar urtetan pertzentil baxueneko soldaten eta batezbestekoaren arteko arrakala %17 igo da. Dena den, igoerarik nabarmenena gazteen soldataren eta batezbestekoaren aldekoak izan du, %102 hain zuzen ere. Gainera, behin-behineko kontratua dutenek mugagabea dutenek baino %30 soldata apalagoa dute eta emakumeek gizonezkoek baino %23 baxuagoak.

• Negoziazio kolektiboa kaltetu da. Hitzarmenen estaldura tasa %80tik %66ra pasa da hamarkada batean, hitzarmen estatalek zuten pisua igoz. Horrek, prekarizazio eta pobretze prozesuan sakontzea ekarri du.

• Aberastasunaren banaketa modu orekatuagoak eman beharrean, adierazle guztiek okerrera egin dugula adierazten digute. Beraz, gehien dutenak aberatsago izaten jarraitzen dute eta gutxien dutenak pobreago.

• Etxebizitza Euskal Herrian eskubide subjektibo gisa onartua egon arren, etxebizitza baterako sarbidea luxuzko artikulu gisa ordaindu beharrean jarraitzen dute Euskal Herritarrek, kasu askotan soldataren erdia baino gehiago bideratuz etxebizitzaren alokairura.

• Eta nola ez, aurretik zerrendaturiko eta bestelako elementuen ondorio gisa, pobrezia eta bazterketa soziala hedatu da. Izan ere, ditugun azken datuen arabera Nafarroa Garaiko biztanleen %23 eta EAEkoen %18 pobrezia arriskuan bizi da. Gainera, pobrezia eta bazterketa soziala jasaten duten biztanleriaren kopurua nabarmen hazi da hamar urtetan, EAEn metatuz igoera handiena, %16koa hain zuzen ere.

2020ko martxotik aurrera, osasun-krisi bati eta berari erantzunez harturiko erabakien ondoriozko krisi berri batekin topo egin dugu. Krisi honi, dagoeneko prekarietatea eta pobrezia hedaturik zegoen agertoki batekin aurre egin beharko diogu, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen hedapen zabal batekin aipatu dugun bezala. Gainera, pandemiari erantzunez harturiko erabakiek egoera nabarmenki okertu dute: egoera kalteberenean daudenen enplegua galdu da, komunitate birtualaren parte ez izateak aukera berdintasuna gutxitu du, bazterketa larrian dauden bizi-unitateetako kide askok enplegu bati uko egin behar izan diote zaintza betebeharrak bete ahal izateko, konfinamenduak (edota gaur egun egin behar izan diren isolamendu edo berrogeialdiak) osasun fisiko zein psikoemozionalean eragin negatiboa izan du, are gehiago bazterketa soziala jasaten duten bizi-unitateen artean, etxebizitzako gastuei aurre ezin egin dien bizi-unitateen ehunekoa igo egin da etab. Honela, pobrezia eta bazterketa soziala are eta gehiago hedatu da eta dagoeneko egoera horretan zeuden pertsonen egoerak okerrera egin du.

Agertoki horri, 2008ko krisiari emaniko irtenbide neoliberalean jarraituriko filosofia eta arauak betikotu direnarekin topo egin dugula gaineratu behar diogu, eta hurrengo hilabete eta urteetako egoera horren arabera marraztuko da tamalez.

Urriaren 17 honen atarian, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitzeko dugun premia azpimarratu nahi dugu. Argi dugu orain arteko errezetek pobrezian sakontzea eta hedatzea ekarri digutela, eta ondorio hauek politika publiko neoliberalen ondorioz jasan ditugula. Pobreziarekin amaitzea posible da, baina horretarako politika publiko asistentzial hutsetik harago joan beharra dago. Aipatu politikak enplegu duina sortu eta mantentzera bideratu beharra daude, izan ere, aberastasun nahikoa badago Euskal Herrian bertako herritar guztiak duin bizi gaitezen. Beraz, politika publikoak bi norabidetan egin daitezke: elite ekonomikoen edo herritarren mesedera. Bada garaia orain arte bazterrean kokatu dituzten herritar guztien beharrizanak erdigunean kokatzeko, modu horretan soilik desagerrarazi ahal izango baitugu pobrezia. Aldaketa estrukturalak behar ditugu probreziarekin amaitzeko eta horretarako, politika publikoen lehentasunak eraldatu behar ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.