2026-10-27
HomeEkintza SindikalaPlataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileak antolatzea duintasun afera bat da

Plataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileak antolatzea duintasun afera bat da

“Nire buruzagia ez da algoritmo bat.” Kapitalaren diktadurapean, patroiaren despotismotik algoritmo informatiko baten tiraniara pasa gara. Horrela izena du Riders x Derechos mugimenduak, beste eragile batzuekin batera, Bartzelonan antolatu dituzten topaketak. Bertan, plataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileak, sektoreko sindikatuak eta mugimendu sozialak bildu dira, etorkizunean eman beharreko pausuaz hausnartzeko. LAB sindikatuko kide Mikel Alvarez eta Iñigo Alonso bertan egon dira.

Garrantzitsua da aldaketa honek lan munduan izango duen (eta izaten ari den) abangoardia paperaz ohartaraztea. Sektorean bizi den ultraprekarietateaz haratago, kapitala lan harreman berri bat inplementatzeko lehen froga egiten ari da, eta, horregatik, ezinbestekoa da harresiak jartzea eta borrokarako formula berriak bilatzea. Langileak autonomo faltsuak bezala kontsideratzean datza, hein handi batean, enpresa hauen etekina. Gainera, kontrol sozialerako tresnak lan esplotaziorako elementuak bilakatu dituzte, hala nola, geolokalizazioa, mugikorreko aplikazioak ezartzen dituen derrigorrezko ordutegiak, autoesplotazioa bultzatzeko mezuak… Hori guztia da, ekiditen ez badugu, munduko langileen zati handi baten etorkizuneko kondena.

Langileen psikologia soziala, ordenamendu juridikoa, langileen antolakunde klasikoak, konfrontaziorako logikak (grebak, adibidez)… dena hankaz gora jartzen ari da plataformen bitartez funtzionatzen duen kapitalismoak. Galdera berri horien aurrean, aliantza berriak eta erantzun berriak artikulatu behar dira. Hori egon da denon ahotan jardunaldi hauetan zehar: unibertsitateko irakasleak, kazetariak, sindikatuak, beste sektoreetako langileak, nazioartetik etorritako kideak… diziplina ugarietan ari den jendearen ekarpenen bitartez, hurrengo pausuak zehaztu dira.

Etorkizuneko erronkak argi daude. Azken hilabetetan gure hiriburuetan koloreetako motxilekin gora eta behera dabiltzan langileak antolatzea duintasun afera bat da; estrategikoa, hain zuzen ere. Dagoeneko badaude esparru honetan lanean ari diren mugimenduak, hala nola, Eragin, Bilboko gazte prekarioen asanblada. Sare politiko, sozial eta sindikal guzti horiek artikulatzean egongo da langileon duintasuna eskuratzeko bidea. Ondorio bezala, Riderren nazioarteko mobilizazio eguna deitzeko aukera egon da mahai gainean. Prekarietatean kontrako harresiaren beste pausu garrantzitsu bat? Espero dugu baietz!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.