2025-12-05
HomeEkintza SindikalaPerez Iglesias sailburua EHUren finantzazioari buruzko eztabaida nahastu nahian ari da

Perez Iglesias sailburua EHUren finantzazioari buruzko eztabaida nahastu nahian ari da

EHUko finantzaketaren inguruan hainbat mezu zabaldu dira azken egunetan, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren adierazpenetan oinarrituta. LABen ustez, zuzenak ez diren informazio batzuk ematen ari dira, baita datu garrantzitsu batzuk ezkutatu ere. Hori dela eta, honako hauek adierazi nahi ditugu:

Urriaren 29an, LAB sindikatuaren EHUko sail sindikalak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean egindako agerraldia eta, egun berean, EHUko errektorearen agerraldia egotea kasuala ez dela adierazi du sailburuak (“casualidades, las justas”). Horrez gain, bere blogean publikatu zuen EH Bilduk eskatu zuela agerraldia (gero informazio hori blogean gezurtatu zuen, oihartzun mediatiko handia izan ostean). Sail horren burua izanda (eta eskaera informazio publikoa izanda) jakin beharko luke LABek batzordean parte hartzeko eskaera ekainaren 9an erregistratu zuela, eta LABek ez dituela jartzen batzordearen saioaren datak. Are gehiago, sail sindikalak agerraldian aipatu zuenez, EHUn lehenengo indarra den LAB sindikatuak bilera eskatu zion sailburuari urtarrilean, bitan, eta azken horrek uko egin zion biltzeari, elkarrizketarako prestasun eza erakutsiz. 

Sailburuak bere blogeko idazkian honako hau dio: “Finantzaketa eskatzen den proposamenetako ia batek ere ez du eduki akademikorik (…), benetan garrantzitsuak diren kapituluak soldata-igoerei (100 M€) eta azpiegitura-obrei (100 M€-tik hurbil, agian) buruzkoak dira”. Irakaskuntza eta ikerketak egin behar dituzten profesionalen soldatak eta aktibitate horiek garatzeko instalazioak ez al daude lotuta akademiarekin? Akademia izate abstraktua da akaso?

Sailburuak adierazi du EHUkoak estatu mailan gehien kobratzen duten unibertsitateko langileak direla, batez beste. Estatistikek EHUn dauden prekaritate egoera asko estaltzen dituzte (Eusko Jaurlaritzak konpondu ditzakeenak, bere esku baitago soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretua aldatzea), baina, datu hori ontzat hartuta ere, ez al da hemengo bizitzaren kostua altuagoa? Ez al dira euskal administrazioko edo hezkuntza ez unibertsitarioko langileen soldatak altuagoak? EHUko langileok asko kobratzen dugula ematen da aditzera, mezu sinplista eta populisten bidez, jendarteak EHUko langileak pribilegiatutzat hartzeko asmoz. Errealitatea beste bat da. EHUko irakasle iraunkorrek, doktoretza titulua lortu eta bi EPE gainditu ondoren, jasotzen duten oinarrizko soldata EAEko DBH/batxillergoko irakasleena baino nabarmen baxuagoa da. EHUn jakintza arlo batzuetan irakasle berriak topatzeko gero eta zailtasun gehiago egoteak argi erakusten du lanbide hori ez dela erakargarria egresatu askorentzat.

Sailburuak adierazi du EHUrako ekarpena inoizko altuena dela. Horrela bada ere, gogoratu behar da euskal ogasunek 2025ean bildutako diru kopuruak ere errekorra hautsi duela, Hezkuntza Sailerako aurkeztutako aurrekontua inoizko altuena dela, eta baita Etxebizitza, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna eta Segurtasun Sailakoak ere (igoeraren zati handi bat ertzainen soldatak igotzeko izango da). Bestalde, aipatu behar da Perez Iglesias errektorea izan zen urteetan Eusko Jaurlaritzak EHUri egindako ekarpena oraingoa baino %2,61 altuagoa izan zela (% 2,86-3,05). 

Sailburuak aipatu du EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dagoela, eta munduko ikertzaile aipatuenen % 2ren artean EHUkoen kopurua handitu dela, EHU paralisira ezin dela heldu irudikatzeko. Biologoa den heinean, jakin beharko luke izaki bizidun gehienek, kontrako egoeretan egonda, ingurunera moldatzeko berebiziko gaitasuna dutela, bizirik jarraitzeko eta beren funtzioak betetzen jarraitzeko. EHUn antzeko zerbait gertatzen da. EHU ez dago hilzorian, baina lortzen ari diren emaitzak, ikerketan, formazioan eta transferentzian, langile askoren esfortzuan eta bokazioan oinarritzen dira, eta, maiz, ordaindu gabeko aparteko orduetan. Nahiz eta oinarrizko soldatak baxuak izan, osagarriak izoztuta mantendu eta deialdiak apropos atzeratu, promozioa mugatu, aldi baterako kolektiboei osagarri batzuk ukatzen saiatu, arduraldi partzialeko ordezko irakasleei aktibitate akademiko batzuk ez ordaindu… 

Langile askok adorez egiten dute lan, ikasleekiko eta jendartearekiko duten arduraren jakitun. Horregatik, baliabideen falta tartean, emaitza onak erakusten ditu EHUk. Hala ere, horrek ez du esan nahi, inola ere, bere osasuna ona denik. Behar duen arreta jasotzekotan, bere osasuna askoz hobea izango litzateke, eta euskal jendarteari eta ezagutza munduari emango liokeen zerbitzua eta ekarpena askoz handiagoa izango litzateke. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...