2024-05-05
HomeEkintza SindikalaPCBko zuzendaritzak noiz utziko dio langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari?

PCBko zuzendaritzak noiz utziko dio langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari?

Lan arloko epaitegiak ontzat eman du LAB, ELA eta CCOO sindikatuok aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, PCBko EEEa baliogabea dela ebatzi du. Laugarren aldia da.

LABek oso ongi baloratzen du ezagutu berri dugun epaia. Epaia, ordea, ezin da bere horretan baloratu, lehendik ere beste hiru aldiz irabazi baitugu epaitegietan: Lehen Aldi Baterako EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak. Auzitegi Nagusiak enpresak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota zuen. Kaleratzeen EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak gero (enpresak errekurrituta dauka), eta oraingo honetan bigarren Aldi Baterako EEEa utzi dute balio gabe.

Baieztapen batzuk eta hainbat galdera etortzen zaizkigu burura:

Zeren zain dago enpresako zuzendaritza langileek jasaten duten gatazka luzearen aurrean langileekin esertzeko? Noiz utziko diote langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari? Kontrako epaien bilduman zenbat gehiago izan nahi dituzte? Enpresaren itxikeria PCB-ITPko langileen egonkortasuna arriskuan jartzen ari da.  

Horrengatik guztiagatik, kaleratzeen EEEren ebazpenaren kontrako helegitea erretiratzeko  eta aldi baterako EEEren oraingo epaiaren aurrean helegitea ez aurkezteko eskatzen diogu enpresari. Ea horrela behingoz egoera bere onera etor daitekeen.

Horrela ez balitz, LABek legezkoak ez diren eskubide urraketei eta gehiegikeriei erantzun egingo die, orain arte egin duen moduan, baina indar gehiagorekin.

Lan gatazka honetan Eusko Jaurlatritzak izan duen jarrera ere aipagai izan nahi dugu, lotsagarria izan baita. Enpresaren erabakien alde egin du, nahiz eta erabaki hauek gehiegizkoak, ez legezkoak eta bidegabeak izan. CONFEBASKenak ziruditen adierazpenak egin dituzte.

Asteburu honetan Urkullu lehendakaria kezkatuta agertu zaigu, BAIN inbertsio funtsak ITP eros dezakeelako. Erabakiguneak EAEn ez geratzeak eta proiektu industrial sendorik ez egoteak kezkatzen du, eta “enpleguarekiko konpromisoa” aipatu du  lotsati.

LABentzat bada garaia Eusko Jaurlaritzak eta Urkullu lehendakariak kaleratutako langileak, kaleratzeen kontrako epaiketa irabazi zutenak behingoz lanera bueltatzea eskatzeko. ITP-PCBko langile guztien enplegua bermatu behar da. Aspaldi egin behar zen, baina langileen aldeko laugarren epai honek espero dugu balio izatea langileen partetik galdegin ditugun konpromiso eta konponbideak babesteko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari zuzentzen gatzaizkio: noiz arte izango dute enpresek erabateko inpunitatea lan eskubideak zapaltzeko mafiosoen modura jarduteko? Noiz arte emango zaie diru publikoa enplegua eta lan eskubideak suntsitzeko? Noiz arte bidaliko dute Ertzaintza langileak erreprimitzera greba, manifestazio eta kontzentrazioak egiteagatik? Hau da, noiz arte emango zaio erabateko inpunitatea patronalari? LABentzat une hori iritsi da: Ezkerraldeko herritarren, eragileen eta mugimendu sozialaren babesa, langileen borroka eta epai judizialak nahikoa argudio dira nahi dutena egiteari uzteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.