2025-12-28
Blog Page 995

Basauriko Udalean ere, enpleguaren alde eta lan baldintza duinen defentsan

Lan eta zerbitzuen azpikontratazioa Euskal Herriko instituzioak gobernatu dituzten alderdien erabakia izan da; bereziki EAJ-PNV, PSE eta UPNrena. Langileontzat ondorio larriak ekarri dituen erabaki politikoa izan da. Erabaki honen ondorioz lan baldintzek txarrera egin dute. Gainera, krisiaren ondorioz, enplegua suntsitu eta lanpostuak galdu dira azpikontratazioetan.

LABek argi dauka herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak langile publikoek eskaini behar dituztela. Gure helburua horixe izan arren, jakitun gara asko direla azpikontratatzen diren zerbitzuak eta, beraz, azpikontratazioa burutzeko bideak arautu eta prekarietatea ezabatu behar dugu.

Gauzak horrela, administrazio publikoaren kontratazio irizpideetan klausula sozialak sartzearen aldeko apustu garbia egin nahi dugu. Klausula sozial hauen bidez, kalitateko enplegua sortu nahi dugu, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu, hizkuntza eskubideak bermatu, ingurugiroa babesteko irizpideak sartu eta oinarrizko eskubide sozialak babestu nahi ditugu. Hau guztia derrigorrez betebeharreko arau batek jasotzea nahi dugu.

2016ko lehen hilabeteetan, gai hau lantzeko batzordea eratu zuen Basauriko Udalak. Sindikatuek batzorde honetan parte hartzeko eskaria egin zuten. Eskaria egin bai, baina ukatu egin zitzaien bertan parte hartzeko eskubidea. Udaletxean ordezkaritza duten alderdiek baino ez dute parte hartzen aipatu batzordean.

Klausula sozialen oinarrizko helburua azpikontratatutako enpresen gehiegikeriak eta neurrigabekeriak saihestea da. Gobernu taldeak aurkeztu duen zirriborroa ikusteko aukera izan dugu, eta zoritxarrez, mahai gainean dagoen proposamena aipatu helburu horiek betetzetik oso urrun dagoela esan beharra daukagu.

Honengatik guztiagatik, LABek, erregistroan sarrera emanez, gure klausula sozialen proposamena helarazi zion batzordeari. Udaletxeko azpikontraten langileen lan baldintzak hobetzeko asmotan beharrezkoak ziren proposamenak aurkeztu genituen, baina ez dugu inolako erantzunik jaso.

Gure proposamenak legezkoak dira eta berauek ezartzea alderdi politikoen esku dago. Badirudi Basauriko gobernu taldeak ez duela honetarako borondaterik. Azpikontratatutako langileen lan baldintzak hobetzeko asmoa hutsaren hurrengo bihurtu da. Lan munduari eta Segurtasunari dagozkion klausula mamitsu eta garrantzitsuenak alboratu dira klausula sozialen benetako izaera.

Hori dela eta, kontzentrazioa egin dugu gaur Basauriko Udaletxearen aurrean.

 

 

 

Larrialdietarako Osasun Garraio Sarearen egoera penagarria salatzen dugu


LAB, ESK, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Larrialdietarako Osasun Garraio Sarearen egoera penagarria dela deritzogu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoan lan egiten duten langileek arazo larriak eta gehiegikeriak pairatzen dituzte. Egoera honen aurrean Instituzioei exijitzen diegu zerbitzu honetan ezinbestekoak diren kalitate- parametroak bete ditzan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Jon Darpon sailburua buru zelarik, azken lehiaketa Larrialdiak/LRK kooperatibak eta Eulen Servicios Sociosanitariosek osatzen zuten Aldi Baterko Enpresa-elkarteari esleitzea erabaki zuenetik, Euskal Herrian kokaturiko Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sarean lan egiten duten langileek arazoak baino ez dituzte izan. Buruhauste berri bat trukerako txanponak izateaz nazka-nazka eginda dauden langileentzat, etengabeko subrogazioak pairatzeaz asper-asper eginda dauden langileentzat; langile hauek ikusten ari dira zein bizi txartzen diren euren lan baldintzak, Eusko Jaurlaritzak eskurik hartzen ez duen bitartean nahiz eta arazoen berri ukan. Pasadan irailak 29an, biltzeko zenbait eskaera egin ondoren, Gasteizko egoitzan deitu gintuzten. Saileko 3 arduradunekin, 2 ordutan zehar bilduta egon ginen gure benetako egoera azaldu egin genien. Jakinarazi egin ziguten, orain dela hilabete batzuk iragarri genizkien hutsak, ikuskapenean aurkitutako bi hutsekin bat egin dutela.

Hala ere, nahiz eta baldintzen baldintza-agiriak ez betetzei buruzko frogak erakutsi dizkiegu, haien partetik langileek pairatzen ditugun arazoak konpontzeko konpromisorik ez dugu lortu.

Dirudienez, gure lan baldintzak ez dira Osasun Sailaentzako interesgarriak. Hirurehun langiletaz ari gara, Osakidetzak koordinatzen eta ematen dituen larrialdietaz arduratzen diren langile horietaz ari gara. Ezinbesteko zerbitzua eskaintzen diogu euskal herritarrei. Baina enpresen etengabeko aldaketek, esleipendun berri bakoitzak ezartzen dizkigun politika eta lan sitema berriek, indarrean den araudia urratuz, baldintza-agirien etengabeko eta frogagarriak diren ez betetzeekin, lankide askoren osasuna kaltetzen dute; langile hauek, ezintasunaz, ikusten ari dira gure poltsikoetatik ateratzen diren diruekin esleipendun enpresa hauei aurrekuntu partida garrantzitsu bat ematen dien gobernatzen gaituen exekutiboak ez entzunarena egiten duela ondoren aipatuko ditugun gertakari larrien aurrean.

  • Lan Arriskuen Prebentziorako Legearekin loturiko araudiaren haustea. Langile bakoitzak bere etxean garbitu behar du hondakin biologikoak dituen arropa; lantokietan erortzen diren sabaiak, betetzen dugun lanerako gainezkatutako edo arrazoizko tamainurik ez duten baseak, aireztapenik gabe, fatxadatik pasatzen diren gorotz-uren tutuerietan etengabeko matxurak, kutsatutako material suntsikorrentzako edukiontzien eza, objektu pertsonalentzako bigarren armairuaren eza, berunezko hoditeriak (edateko ur txarra), arestiko atsedenaldirako guneen galtzea bat-batean egindako tabikeengatik, kutsatutako materiala garbitzeko guneen eza, materiala eta sukaldeko tresnak toki berean garbitu behar direlarik, isolamendu txarrek eragiten dituzten tenperatura oso handiak edo oso bajuak urtaroaren arabera, eta abar.
  • Zigorrak eta kaleraketak. Egungo esleipendunak hiru kaleraketen izapideak egin ditu dagoeneko, hiru Gipuzkoan eta beste hiru Bizkaian. Enpresak ezin izan du froga garbirik eman kaleratzeak justifikatu edo sostengatzeko. Baina hau da hain zuzen pairatzen duguna, zuzendaritzak ‘tiro’ egiten du eta ondoren galdetzen du. Honez gain, zuzendaritzarentzat deseroso den langilea, bere eskubideak aldarrikatu dituen langilea edo enpresaren aurka prozesu irekirik duen langilea zigortzea aukeratzen du. Ez bururik ez hankarik duten zigorrak, dagoeneko auzitegien eskutan dauden zigorrak. Guzti honek, jakina, estres psikologiko bat eta karga erantsi bat dakartza, txikia balitz egiten dugunarekin.
  • Baldintza-agirien hausteak. Adibide pare bat baino ez; erretserbako anbulantziek titularren hornidura berbera izan beharko lukete, baina erdi hutsik daude, eta anbulantzia titular baten matxura baten aurrean langileek balio handiko denbora bat behar izaten dute anbulantzia batetik bestera behar den materiala pasatzen gure funtzioak behar bezala bete ahal izateko. Beste adibide bat anbulantzia bariatriketan (esku-ohe normal batek onartzen duen pisu handiena baino handiago duten gaixoen lekualdaketarako prestatuta daudenak) eta anbulantzia psikiatrikoetan aurkitzen dugu. Behar direnerako prest egon beharko lukete, baina erretserbako anbulantziekin gertatzen den moduan hauek ez dute behar den materiala, eta langileok anbulantzia batetik bestera pasa behar dugu materiala emergentziari erantzuteko.
  • Indarrean diren herrialdeetako hitzarmen kolektiboen ez betetzea. Enpresa batean bost hitzarmen desberdin ezartzen dituzte ahalik eta korriturik handiena lortzeko. Gipuzkoan, ultra aktibitatearen indarrean dagoen hitzarmena ez da aplikatzen. Ukatzen dizkiguten eskubide hau, EAEANak baieztatu du eta langileei ematen die arrazoia. Enpresaren betearazpenaren zain gaude, auzitegiaren ebazpenak adierazten duen bezala. Bizkaian hiru hitzarmen desberdin aplikatzen ditu; funtzio berdinak eginaz, enpresa bateko lankideen arteko soldata-desberdintasunak 700 eurotara hilean izan daitezkeelarik. Eta guztioi dagokigun hitzarmenean sartu dituztenek ordaina dute ordaindu behar: egun libreetan Bakioko baseko txandak egitea besteak beste; base hau uztaila, abuztu eta irailean bakar-bakarrik irekitzen da. Tamainako astakeria sinatu ez zutenek zituzten hitzarmenekin jarraitzen dute. Araban, soldatak lotsagarriak dira; lankide berri batek lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen du. (Honekin batera Arabako egun osoko langile finko baten nomina gehitzen dugu).
  • Aparteko orduak. Ez dituzte behar diren langileak kontratatzen oporraldietan, lizentziak eta baimenak betetzeko, gai propioentzako egunak edo ordu sindikalak betetzeko, eta hutsuneak betetzeko, hitzarmenak espresuki debekatzen dituen aparteko orduak erabiltzen dituzte sistemaz. Honek, lanaldi bukaezinak ekarri ditu, langileek txanda amaitzean ez baitute ordezkorik eta zerbitzuaren kalitateari dakarkiona langileen nekearengatik.
  • Praktikaldiko kontratudun langileak. Enpresa honentzat ez da nahikoa langile hauek hitzarmenak ezartzen duen soldataren %60a bakarrik kobratzea, eta horregatik txandak aldatzea debekatu egin die eta ez die atseden-egunak errespetatuko dituen egutegirik eman, praktikaldiko langile batzuk hogeita hamar egunetik 23/27 lanaldi egin dituztelarik. Hitzarmen kolektiboak txanda aldaketak jasotzen ditu, beraz, enpresak araudiari ez dio jaramonik egiten. Gainera, aurreikuspen falta dela eta, enpresak anbulantzia berdinean esperientziarik gabeko bi pertsona jarri egin ditu. Bi pertsona horiek, praktikak egiten daude. Eta beraz, esperientziadun pertsona baten babesik gabe daude langile horiek. Kontua da, kosta ala kosta, dirua aurreztea.
  • Askatasun sindikalaren urratzea. Alde batetik, egungo esleipendunak ez du Enpresa Batzordearen kide batzuen legezkotasuna aitortu nahi; Enpresa Batzordea legalki osatuta dago, honen kideak sufragioaz hautatuak izan dira egindako hauteskunde sindikaletan, bilerak egiteko edo argibideak eskatuz egin diren eskaerak atzera botaz edo Batzodetik at egindako zalantzazko paktuak edo akordioak eginaz, Enpresa Batzordea langile guztien ordezkaritza-organo gorenena denean. Bestaldetik, enpresak ezartzen dituen praktikei men egiten ez dieten langileen ordezkariei jazarpen biribila egiten die, eta ondoren argazkiak eta gainontzeko gauzak erakutsi gure zeregina kikildu eta geldiarazteko.

Zein da herritar eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat gainesplotatuta, behar den egunean nominak eta plusak kobratzen ez duten langileek, funtzionamendu zuzen bat eta lan eskubideekiko errespetua aldarrikatzen duten langileek, betetzen ez den istripuen prebentziorako neurrien zaintza behin eta berriko eskatzen duten langileek eman dezaketen zerbitzua?

Darpon jaunak ba al du estresarengatik, ‘burn out’ sindromearengatik, lepo eta bizkar lesioengatik (kasu askotan, alboko mailak ez du funtzionatzen eta horregatik gaixoak leban igo behar izaten dugu) baja kopuruaren berri? Herritarrek ba al dakite zeinen eskutan utzi duen Osasun Sailak denon arreta eta osasuna? Ez al dute enpresa hauek urtez urte aurkezten dituzten etekin-kontuen berririk? Eta noren bizkarretik lortzen dituzte etekin hauek? Erabiltzaile eta Larrialdietako Garraio Sistemaren Sareko langileen bizkarretik, garbi eta argi.

Instituzioei exijitzen diegu zerbitzu honek exijigarriak eta ezinbestekoak diren kalitate- parametroak bete ditzan. Egoera penagarri hau salatzen dugun sindikatuekin bil dadila eta tamainako zentzugabekeriarekin buka dezala. Beraz, bidezkoa da anbulantzietan lan egiten dugunok, administrazio berdinaren menpean egotea. Gure ustez, Osasun Saila da zerbitzuren arduraduna. Zerbitzu hau, biztanleriarentzako guztiz garrantzitsua da, eta azken hiru urteetan eskutik eskura pasatzen joan da. Beti ere, langileak zein biztanleak dira gehien galtzen dutenak.

 

 

 

Santa Marina ospitaleko zuzendaritzaren inpunitatearen aurkako protesta

0

LAB sindikatuak Osakidetzako buruzagitzen inpunitatearen kontra martxan daukan kanpainaren barruan, gaur protesta ekintza burutu du Bilboko Santa Marina ospitalean. Petoak jantzita, ospitaleko zerbitzu osoak bisitatu ditugu , zuzendaritzaren bulegoak barne, esku-orriak banatzen eta argi adierazten bertan bizi diren egoerak jasanezinak direla eta ez direla batere normalak.

Azken kasua orain dela gutxi gertatu da. Ospitaleko zuzendaritzak langile baten zerbitzuetako eginkizuna bertan behera utzi du, langilea lan-baldintza hobeak, plantilla handitzea eta bere eskubideak errespetatzea aldarrikatzen ari zela argudiatuta, beste gauzan batzuen artean.

Ez da lehenengo aldia halako urraketak gertatzen direla Santa Marina ospitalean. Izan ere, langileon eskubideak ez errespetatzea bertako eguneroko dinamika bihurtu da. LABek argi dauka ospitale publiko hau ezin dela Marbella gerentearen kortijoa izan. Beraz, salaketa eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

 

 

 

Lanbideko orientatzaileak greban


Urriaren 3, 4 eta 5ean greba dago deituta Lanbiden. Gaur Donostian mobilizatu dira langileak Groseko Lanbideko egoitzaren aurrean. Aurretik kotxe-karabana egin dute. Bihar, urriak 5, kotxe-karabana egingo dute Gasteizen eta 11:00etan, kontzentrazioa Lakuan.

 

 

 

EuskoTreneko greba bertan behera enpresaren mehatxuek sortutako ziurgabetasunagatik

0

EuskoTreneko Greba batzordeak jakitera eman du Amara eta Arasoko egoitzetako (Gipuzkoa) makinistek iragarritako greba deialdiak bertan behera uzten dituela. Grebak erantzuten zion laneko arazoa oraindik ez da konpondu, baina deitzaileen arabera, ez dago beharrezko baldintza eta segurtasun juridikorik deialdiak behar bezala aurrera ateratzeko. Arrazoia, enpresak egindako jakinarazpena greba hasi baino egun gutxi batzuk lehenago. Bertan, greba ilegaltzat jotzearen mehatxua egiten da, arrazoirik adierazi gabe. 

Adierazitakoagatik, eta enpresaren aldetiko jakinarazpenak sortutako ziurgabetasun egoera bideratzeko helburuarekin, aipatu erabakia hartu dugu. Enpresaren aldetiko jakinarazpenak greba eskubidea eta askatasun sindikala baldintzatzen ditu.
 

 

 


Ezinbestekoak dira neurri eraginkorrak kalitatezko enplegua sortzeko

Irailean Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak gora egin du. Datu ofizialen arabera, 183.398 daude langabezian, abuztuan baino 1.385 langabe gehiago. Herrialde guztietan egin du gora langabeziak, Araban kenduta (6 langabetu gutxiago herrialde honetan). Uda amaierarekin hasi zen goranzko joera indartu egiten da azken datuokin. 

Bestalde, hilabetez hilabete areagotzen ari da epe luzeko langabezia eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa geroz eta ahulagoa da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla gizartean, langile eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko. LABek, bere ekintza sindikalaren bidez, prekarizazioaren kontrako borrokan jarraituko du, enpresa mailan zein kalean.
 

 

 


Enpresa txikietako hauteskundeetan aurkezten ahalko gara


Ostiralean, irailak 30, eman zuen Kasazio Auzitegiak CGTk LABen aurka martxan ezarritako prozeduraren inguruko erabakia. Kasazio gorteak Bordaleko Instantzia Epaitegiak hartutako erabakia bertan behera utzi du. Kasazio Auzitegiaren deliberioaren arabera, azaroaren 28an, Ipar Euskal Herrian hasiko diren enpresa txikietako hauteskundeetan aurkezten ahalko gara.

Heren Muruaga (LAB) Euskal Irratiak-eko Goiz Berri saioan
{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/audioak/16_10_04LABHerenMuruaga.mp3{/saudioplayer}

 LABi langile ez-euskaldunak diskriminatzea leporatu zion Bordeleko epaitegiak, CGTk aurkeztutako salaketa baten haritik. Epaitegiak argudiatu zuen LABek izaera erregionalista duela, euskarari lehentasuna ematen diola eta soilik Euskal Herrira mugatzen dela. Hau da, legeak jasotzen dituen ordezkaritza irizpideak ez betetzea leporatzen diote LABi. Auzitegiaren arrazoiak ulergaitzak egin zitzaizkigun eta Kasazio Auzitegira jotzea erabaki genuen. Abokatu orokorraren arabera CGTren akusazioek ez dute inongo oinarririk.

Honela sindikalismo abertzaleari bidea ixteko beste saiakera bat atzera bota du Frantziako Kasazio Auzitegiak. Borroka luzea izan da honako hau, ekonomikoki eta denbora aldetik kostu handia izan ditu sindikatuarentzat, baina beti argi izan dugu TPEtako hauteskundeetan egon behar genuela eta egongo ginela. Azpimarratu behar dugu ere LABek babes zabala jaso duela hilabete hauetan.

 

 

43 dira jadanik aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak

Gaur, urriaren 3an, laneko istripu hilgarri baten berri jaso dugu, Seguran langile bat hil egin da adar batek gainean harrapatuta. Beste alde batetik, jakin dugu aurreko larunbatean zumaiar garraiolari bat hil zela Catalunyan laneko istripuz, beste ibilgailu batek harrapatuta.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik, samina, elkartasuna eta doluminak adieraztea haien sendi, lankide eta langile klase osoari.

Bi heriotza berri hauekin 43 dira, gutxienez, lan istripuz aurten hildako langileak. Bizkaian 24, Gipuzkoan 5, Araban 1, Nafarroan 11, eta Iparraldean 2.

Garraio sektorean gertatutako istripu berria. Prekarizatutako sektorea, eta modu berean, urtero istripu ugari eta osasun galera izaten dituena.

Behin eta berriz aldarrikatu eta salatu dugu sektore honetan lan baldintzek sortzen dituztela istripuak; jardunaldi luzeek, itxoite denborek, eta merkantzia langileen osasunaren gainetik jartzeak. Horregatik diogu sektore honetako lan-baldintzak aldatu, kontrolatu eta zuzendu behar direla, instituzio, administrazioa eta enpresen aldetik

Bestetik, gaur Seguran baso lanetan ari ziren langile bat hil egin da laneko istripuz. Jona den asteko ostegunean beste langile bat hil zen antzerako lanak egiten Bizkaian eta beste bi orain bi aste Nafarroan. Urte hasieran ere antzeko istripu bat gertatu zela aspimarratu behar dugu.

Berriz ere historia errepikatzen da. Nazkatuta eta haserre gaude. Urtero, behin eta berriz errepikatzen dira antzeko gertaerak.

Noizko benetako eta eraginkorrak diren neurriak. Noizko egongo dira pertsonak eta euren bizitza erdigunean, mozkinen gainetik?

Guzti honek agerian uzten du aldaketaren beharra, hemendik egin beharreko aldaketaren beharra. Ezinbestekoa da botere publiko eta elite politikoek urteetan elikatu eta gizendutako patronalari aurre egingo dion, eta langile klasearen interesak lehenetsiko dituen marko propio bat eraikitzea.

Horregatik, LAB sindikatutik heriotza berri hau salatu eta datozen orduetan istripu berri hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Adibidez, Zumaian salatuko du gehiengo sindikalak hildako garraiolariaren heriotza, etzi, urriaren 5ean, 12:00etatik aurrera, Erribera kalean.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko dituen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

 

 

 

Lanbideko orientatzaileak greban jarraitzen dute zerbitzu publikoaren defentsan

Iraila eta urrian, hainbat greba egun deitu dituzte Lanbiden. Gaur hirugarren greba eguna zuten eta orientatzaileen erdiak baino gehiago jarraitu du. Bide batez, langileek mobilizazioa egin dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean pairatzen duten egoera salatuz. Bihar, urriaren 3an kotxe-karabana egingo dute Donostian 10:00etatik aurrera, Antiguo, Mirakontxa-Andiatik buelta, San Martzialeko bulegoa eta Groseko bulegoan amaitu. Lanbideko Groseko bulegoan kontzentrazioa egingo dute 11:00etatik aurrera. Etzi, Gasteizera eramango dute protesta.

LAB eta ELAren oharra:

Lanbideko langileok inork baino hobeto dakizue zein izan den Lanbideren ibilbidea bere sorreratik. Orohar iñolako aurrikuspen eta aurretiazko planifikazio gabe gauzatu zen transferentzia, baita langilegoaren kudeaketari dagokionez ere. Ondoren hartutako erabakiek ere, ez dute planifikazio hobeagorik izan, eta guzti honek eragin latza dauka Lanbidek eskeintzen duen zerbitzuaren kalitatean, eta ikaragarrizko karga zerbitzua eskeintzen duten langileengan.

Orientatzaileen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro errepikatu digu lanpostu berezitu bat dela. Are gehiago, Enplegu Publikoaren Lege proiektuan bertan lan orientazioko eskala baten sorrera defendatu du Jaurlaritzak.

Halabaina, une honetan, lanpostuaren berezitasunaren errekonozimendua baztertu eta postu hauek lekualdatze lehiaketara ateratzeko asmoa du Jaurlaritzak, egungo Lanpostu zerrendan lanpostuaren berezitasun hori errekonozituko duen aurrikuspenik jaso gabe. Honela, Lanbide sortu zenetik orientazio lanetan aritu diren orientatzaileen ia %100 (196 langile) ordezkatua izateko arriskua dago

Hilabeteak daramatzagu Gobernuarekin biltzen eta irtenbide posibleak proposatzen, Gobernuaren aldetik proposamen bakar bat ere jaso ez dugularik. Une honetan, lau sindikatuok aho batez aurkeztutako proposamen garbi, azkar eta juridikoki bideragarria dago mahai gainean: lanpostu zerrendan betebehar jakin batzuk barneratzea orientazio lanpostua bete ahal izateko. Lau sindikatuotako zerbitzu juridikoak ados daude aldaketaren bideragarritasunean. Gobernuak juridikoki eragozpenak ikusten dizkiola esaten digu, baina eragozpen horiek jasotzen dituen txostena sindikatuoi entregatzeari uko egin dio.

Gainera, irtenbide erraz eta egokiena adostu ordez, onartezina den eta orientazio lanpostuaren berezitasuna aitortzen ez duen proposamen bat aurkeztu du. Gobernuak egin duen “proposamenak”, Lanbide zein Administrazio orokorreko langileei eragiteaz gain, beste eremu batzuetako 80.000 langile baino gehiagori eragiten dio (Osakidetza, Irakaskuntza, Justizia…). Mahai Orokorreko akordioan aldaketa hau jasotzeak, ixtea asko kostatu zen ate bat irekiko lioke administrazioari, ez bakarrik Lanbiden edo Administrazio orokorrean, baizik eta gainerako eremu guzti horietan ere, zenbait lanpostu lekualdatze lehiaketatik at uzteko aukerak irekiz. Gobernuaren proposamen honek ez du irtenbide bat bilatzeko helbururik, mobilizazioa desaktibatu eta langileak banatzeko baino.

ELA eta LAB sindikatuok lau sindikatuon babesa duen eta ikuspegi guztietatik egokiena den irtenbidearen alde egingo dugu lan, hau da, lanpostu zerrendaren aldaketaren alde. Horretarako, ezinbestekoa da une honetan mobilizazioetan parte hartu eta lau sindikatuon babesa daukan aldarrikapen konkretu hau gure egitea, bai orientatzaileok eta bai Lanbideko plantila osoa, zeinari elkartasuna eskatzen baitiogun.