2026-10-24
Blog Page 990

Igandeko herri kontsultekin bat egin dugu

LABeko Nazio Komiteko kideek bat egin dute Gure Esku Dago dinamikak maiatzaren 7rako deitutako herri kontsultekin. Hain zuzen ere, 91 herritan egingo dituzte galdeketak eta 250.000 gora lagun daude deituta. Gure etorkizuna erabakitzearen alde gaude, erabakitzeko eskubidea behar dugulako egoera laboral eta soziala iraultzeko. Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea nahi dugu, eta langileok aukera paregabea dugu gure hitza eta erabakia aktibatzeko eta gure borondatea adierazteko antolatu dituzten herri kontsultetan.
 

 

 

Espetxeetara antolatutako martxekin egin dugu bat

LABeko Exekutibako kide Garbiñe Aranburuk hitza hartu du gaur Bilbon egindako agerraldian, maiatzaren 20an Espainiako eta Frantziako sei espetxetara egingo dituzten martxen berri emateko. Hain zuzen ere, sakabanaketa salatzeko iniziatiba Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maur herrietako kartzeletara iritsiko da, "presoei bakarrik ez daudela gogoratzeko eta munduaren aurrean bidegabekeria hau konpon dadin eskatzeko". Sindikatuak atxikimendua luzatu dio Bilbon aurkeztutako ekimenei, espetxeetara egingo duten martxa ez ezik, beste zenbait protestetara ere deitu baitute egunotarako, Amnistiaren aldeko aste odoltsuenaren 40. urteurrenaren harira.

Duela 40 urte, Euskal Herria bidegurutze garrantzitsu batean zegoen. Orduan antolatu zuten Amnistiaren Astea, eta euskal jendarteak babes ikaragarria eman zion. Espainiako Estatuak, ordea, errepresioarekin erantzun zion ekimenari, eta zazpi pertsona hil zituen amnistiaren alde borrokatzeagatik. 40 urte pasa dira aste odoltsu hartatik, eta datozen egunotan berriro ekarriko dugu gogora, baita presoak etxeratzeko aldarria ere.

Esaterako, mobilizazioak eta omenaldiak egingo dituzte, "Agur eta ohore" leloarekin: maiatzaren 11n, Iruñean (20:00); maiatzaren 12an, Bilbon (20:00); maiatzaren 13an, Oreretan (17:30); eta maiatzaren 14an, Ortuellan (13:00).

Era berean, espetxeetara martxak egingo dituzte, "Maite zaituztegu, kalera!" leloarekin. Maiatzaren 20an izango da, eta Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Sain Maur herrietako kartzeletara abiatuko dira.

Uztailaren 20 eta 27 artean, Askatasunaren Ibilbidearen 40. urtemuga gogora ekarriko dute, Gernikatik Sakanara ibilaldia eginez.

Ekimen hauei guztiei babesa eskaini die LABek, eta langile guztiei parte hartzeko deia luzatu diegu.

 

 

 

Pineko langileek greba egin dute euren lanpostuen defentsan

0

Pine enpresako langileek jakin berri dute Ingeteam taldeak pine marka saldu duela. Egoera salatu eta beraien lanpostuak defendatu nahian, langileek greba eta elkarretaratze bat egin dituzte gaur Zamudioko Teknologia Parkean. 500 langile inguruk lan egiten dute Pinen.

Pineko enpresa batzordeak zuzendaritza desberdinek azken urteetan egindako "zorigaiztoko kudeaketari" leporatu diote egungo egoeraren ardura, kaleratu duten adierazpenaren arabera.
 

 

 

Espainiatik dakarten industria ereduak prekarietatean murgilduko gaitu

0

Miramongo Parke Teknologikoko Auditorio parean elkarretaratzea egin dugu, "PNV, zuen eredua #Spanishprecarity4.0, langileok euskal Estatua!" leloarekin. Protesta honekin, Espainiako erregearen bisita salatu nahi izan dugu, EAJk bultzatzen duen benetako ereduaren erakusgarri baita; alegia, Espainiako lan erreforma eta prekarietatean oinarritutako eredua, etorkizunik ez duen eredua.

Erregearen bisitak ongi asko erakusten du zein de hemengo instituzioek, batez ere Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen eredua. Industria 4.0. propagandaren atzean prekarietatea zabaltzeko apustua besterik ez dago. Egiten duten apustua espaniar Estatuko eredua kopiatzea da. Honek prekarietatearekin lehiatzen saiatzea suposatzen du eta LABen iritziz industriak ez du etorkizunik bide honetatik jarraituz gero.

Gainera lotsagarria iruditzen zaigu inoizko aberastasun haundiena sortzen ari den bitartean negoziazio kolektiboa blokeatzen duen patronalari Jaurlaritzak babes osoa eskeintzea. Industria aurreratua izango bada, sozialki eta lan baldintzetan aurreratua izan behar da.
Espainiako eredua aplikatzeari utzi eta industria politika propioa, inbertsioan eta aberastasunaren banaketan oinarritutakoa bultzatzea behar du herri honek.

Tamalez, aurrekontuetan erdietsitako akordioak, beste behin erakusten du EAJ eta PPren proiektu ekonomikoa berberak direla: patronalaren, eta bereziki Confebasken eredu berbera, burujabetza ekonomikoari, erabakiak hemen hartzeari uko egiten diona. LAB hau aldatzeko borrokatuko da, hau baita egoera aldatzeko bide bakarra.
 

 

 

Iruñean eta Bilbon bildu gara errebalidei planto egin eta ebaluazio hezitzailea aldarrikatzeko

0

Azken urteetako bideari jarriki, tantaka tantaka,NA zein EAEko hezkuntza sailek LOMCE legea inplementatzen darraite. Eta ikastute honetan LOMCEtik eratorritako rebalida guztiak (LH3-LH6-DHB4,BATX2) egiteko asmotan dabiltza. Modu batean zein bestean mozorrotuta,hurrengo egunetan rebalida hauei bide eman eta hego Euskal Herriko ehunka ikasle ebaluatuak izango dira: arrotza, antipedagogikoa, atzerakoia, segregatzailea…den eredu baten arabera. Honen aurrean, LABek elkarretaratzeak egin ditu gaur Nafarroako hezkuntza sailaren eta Bilboko hezkuntza delegaritza aurrean.

LABek garbi utzi du bere jarrera gaurko elkarretaratzeetan:

– Hezkuntza Plataformen Topaguneak egindako deiarekin bat egiten dugu eta rebalidei planto egitera animatzen dugu hezkuntza komunitatea.

– Bide honetan dei egiten diogu gure kidegoari jarrera proaktiboa hartzera planto dinamika ekimenetan.

– Azkenik, LABk, bestelako ebaluazio eredu berri baterako urratsak ematen jarraitzeko hitza hartzen du. Ikasturte honetan irekitako bidean sakondu eta eguneroko hezkuntzaren errealitatea eraldatzeko tresnak sortu nahi ditugu.

LABen ustez, Euskal Herrira begirako bide propioa garatzeko ausardia behar dugu une hauetan, EAEko zein Nafarroako Hezkuntza Sailek erakusten ez dutena. Horrela, LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean ebaluazio eredu propioa osatzeko determinazioa du. Izan ere, beharrezkoa dugu bestelako ebaluazio sistema bat, non ikaslea ez ezik, irakasle taldea, eskola, familia eta finean sistema guztia ere baloratuko den, beti ere hobekuntza, ekitate, aukera berdintasunean oinarrituz eta garrantzizkoa dena, bide horretan aurrera egiteko plan, neurri zehatzak eskainiz.

Eredu berri horren eraikuntza, hezkuntza komunitate guztiaren parte hartzean oinarrituko da. Izan ere, ebaluazioaren afera, ikuspegi poliedrikotik landu behar dugu. Bizi dugun ziurgabetasun egoera probestu eta ebaluazioaren izaera, funtzio, helburu, ereduen inguruko hausnarketa integrala burutu eta tresnak, ereduak, eraikitzea dagokigu.
 

 

 

SAT sindikatuari elkartasuna adierazteko bildu gara Bilbon, BBVAren egoitzaren aurrean

0

Bilboko Gran Viako BBVAren egoitzaren parean elkartu gara LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuetako kideak, Jaengo El Cerro finka okupatu duten Sindicato Andalúz de Trabajadores (SAT) sindikatuko kideei gure babesa adierazi eta, aldi berean, haien aurka BBVAk abiatu duen erasoa salatzeko.

Pasa den apirilaren 1ean, Andrés Bódalok espetxean urte bat betetzen zuen egunean, Andaluziako SAT sindikatuak Adarves Altos izeneko lursaila okupatu zuen, San Cristobaleko muinoaren magalean, Jaenetik 6 kilometrotara. Behin lursaila okupatuta, Cerro libertad bezala izendatua izan zen Andrés Bódaloren oroimenez eta bere askatasuna exijitzeko.

73 hektareatako lursail hau SAREB izeneko Banku Txarrekoak zen, eta gaur egun ANIDA-ren eskuetan dago, BBVAren erakunde bat, aipaturiko banku horren jabetza inmobiliarioak gestionatzen dituena hain zuzen ere.

SAT-eko kide hauen okupazioaren ondoren 5 urtez ahaztuta eta baztertuta utzi duten lursail honi bizitza eman diote, eta, aldi berean, bertako langileei lan egin ahal izateko aukera bat eman diote langabezi tasa izugarriak dauden lurralde batean.

BBVA, ordea, ez da geldirik gelditu eta bere interes espekulatiboak defendatze aldera SAT-eko 28 kide salatu ditu, eta, aldi berean, finka husteko salaketa jarri du, erakutsiz bankuarentzat bere lehentasuna ez dela lurralde bateko langileei lana eta etorkizun duin bat bermatzea, bere interes espekulatiboak eta lurraren espekulaziotik ahalik eta etekin ekonomiko gehien ateratzea baizik.

Gauzak horrela, elkarretaratzean elkartu garenok helburu bikoitza daukagu; alde batetik, SAT-eko kideei gure babes eta elkartasun osoa adieraztea, eta, bestze aldetik, BBVA-ren jarrera espekulatiboa eta anti-soziala salatzea. Lurrak bertan lan egiten duenaren eskuetan egon behar du, espekulaziotik etekin ekonomiko hutsa atera nahi duen banku baten eskuetan beharrean. Horregatik lurra eta aberastasunaren aldeko aldarria luzatzen dugu.

Ezin bukatu kartzelan dagoen Andrés Bódaloren askatasuna exijitu gabe, jadanik urtebete kartzelan El Cerro okupatu dutenen ideiak defendatzeagatik eta Andaluziako langile klasearentzat etorkizun duin baten alde borrokatzeagatik.


 

 

 

Hezkuntza Sailak ez du sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko asmorik agertu

0

Hezkuntza Sailak grebara deiturik dauden kolektiboetako bati soilik egin dio dei gaurko negoziazio mahaian parte hartzeko, eta ez du sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko asmorik agertu. Hezkuntza Sailaren irakasleen mahai sektorialaren deiari erantzunez, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako kideak Lakuan bertaratu gara negoziatzeko asmoz.

Bileraren nondik norakoak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza komunitatearekiko errespeturik ez duela agertu iruditzen zaigu. Hezkuntza inbertsioa edo kostu ekonomikoa suposatzen duen edozein aldarrikapen negoziatzeari uko egin dio eta, ondorioz, ez du sindikatuok aldarrikatzen ditugun gai nagusienekiko negoziazio asmorik agertu. Sindikatuok orain arteko erabaki eta politikekin aldebakartasunez jarraitzeko asmoa besterik ez dugu ikusten.

Mahai honekin zera berresten da, mahaiak deitu edo ez, Jaurlaritzaren jarrera bera dela. Gogora ekarri behar baitugu heziketa berezian zein sukaldari eta garbitzaileetan mahairik ere ez dagoela deituta, eta Haurreskolak Partzuergoan mahaia deitu arren, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela agertu.

Beraz, irakasleok, Heziketa Bereziko langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Haurreskolak Partzuergorako langileekin batera deituriko mobilizazioekin aurrera jarraitzea beste aukerarik ez dugu. Izan ere, egungo hezkuntzaren egoera larritzat jotzeaz gain, azken egun hauetan, Cristina Uriarte sailburuak hezkuntza kalitatearen ardura irakasleen grebatara fokalizatzea onargaitza dela iruditzen zaigu. Gaur egun dugun hezkuntza egoera eskasetan duten aldagaiak, aldebakartasunez hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe ezarritako murrizketek, LOMCE eta Heziberri 2020 egitasmoak, ordezkapenak lehen egunetik ez burutzeak, eskoletako ratio altuek edota gure aldarrikapenetan jasotako gainerakoek baldintzatzen dute, besteak beste. Eta hori guztia erabaki politiko bat besterik ez da, Hezkuntza Departamenduak, aldebakartasunez, hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe hartzen duen erabakia da gaur egun dugun egoeraren erantzule.

Hortaz, langileak maiatzaren 16 eta 23an greban parte hartzeko deia luzatzeaz gain, ikastetxe, herri eta auzoetan dinamika hau zabaltzera dei egiten dugu.
 

 

 

Kalera irten gara azken heriotz istripua salatzera


Azken heriotz istripua salatuz gaur, hilak 4, elkarretaratzea egin dugu Azkoitiako Erlo Group enpresaren aurrean. Argi dugu arazo estrukturala dela eta konponbideak ere halakoa izan behar duela. Honelakoak ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero. Beraz instituzioei eskatzen diegu arduraz jokatu eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko. Hau horrela izan dadin
LABek mobilizazioaren bideari eutsiko dio, borrokan eta antolakuntzan baitago aldaketarako palanka.

 

 

Aste Santuaren eraginak bultzada eman dio enplegu prekarioaren sorrerari

Apirileko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 175.383 pertsona zeuden langabezian, eta horietatik %56 emakumeak dira. Gainera apirilean sinatu ziren kontratuen %92,3 aldi baterakoak izan ziren, gehienak oso epe laburrekoak. Honek erakusten digu laneko behin behinekotasunak hartu duen tamaina. Azpimarratu behar da ere langabezia egoeraren aurrean dagoen babes maila baxua.

Apirileko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 175.383 pertsona zeuden langabezian, eta horietatik %56 emakumeak dira.

Aste Santuko oporren eragina batez ere zerbitzuetako sektorean nabaritu da, eta ostalaritza bezalako produktibitate baxuko aktibitate ekonomikoetan kontratazio prekarioa eta behin behinekoa bultzatu du.

Modu zehatzean esanda, apirilean sinatu ziren kontratuen %92,3 aldi baterakoak izan ziren, gehienak oso epe laburrekoak. Honek erakusten digu laneko behin behinekotasunak hartu duen tamaina.

Azken finean, errekuperazio ekonomikoaren emaitza enplegu sorrera izaten ari da, baina kalitate txarrekoa. Honen ondorioz, populazio aktiboaren %30ak langabezia aldi edo epe luzeko langabeziarekin tartekatutako lan ezegonkorraren ondorioak pairatzen ditu.

Halaber, azpimarratu behar dugu langabezia egoeraren aurrean dagoen babes maila baxua. Gaur egun, Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian dauden pertsonen %30,6k baino ez du jasotzen langabezia prestazioa. Beraz, babes maila kezkagarrietara iritsi da eta jaisten jarraitzen du.