2026-02-06
Blog Page 962

Presoen aurkako salbuespen legedia bertan behera utz dezatela eskatu dugu


LABek SEPE zerbitzuaren aurka salaketa jarri zuen 2016ko abenduan, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik. Bada, gaur hartu diote deklarazioa Bizkaiko SEPEko zuzendariari, eta Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean elkarretaratzea egin dugu, "Euskal presoen eskubideak errespetatu. Espetxe politikoan salbuespen neurririk ez!” lemapean. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek presoen gaia behingoz konpontzeko eskatu du.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek espetxe politikaren barruan kokatu du SEPEk legez kontra egindako mugimendua; preso ohiei prestazioak ukatu izana, alegia. Hortaz, presoen aurkako salbuespen egoerarekin amaitzeko exijitu du: "Gobernuak bere espetxe politika finkatu behar duenean, askotan legedia bera ere txiki gelditzen zaio. Horrela erakutsi du kasu honetan. Beraz, guk inhabilitazioa eskatzen dugu, jarrera hauek zigortzea eskatzen dugu, baina, batez ere, eskatzen duguna da salbuespen legedia bertan behera gelditzea, espetxe politikoa behingoz aldatzea eta espetxe politika berri baten bidez presoen auzia konponbidean jartzeko urratsak ematea".

Presoen gaia konpontzeko mobilizazioa dela bidea adierazi du, eta erakunde eta eragile sozial, politiko eta sindikalen inplikazioa beharrezkotzat jo du.

Nabarmentzekoa da, SEPEren kontrako neurriak hartuko genituela iragarri eta gero, Enplegu Zerbitzu Publikoak bere jarrera zuzentzen hasi zela. Salaketak emaitzak ekarri zituen, eta orain ikusteko dago epaitegiek zer erabakitzen duten arduradunen aurka.
 

 

 

Babes osoa adierazi nahi diogu Kataluniako prozesu independentistari

0

LABek elkartasuna adierazi nahi dio Kataluniari, independentziari buruz galdetzeagatik Generalitateko presidente ohi Artur Mas eta haren bi kontseilariren kontrako epaiketa dela-eta. Agintari politiko horiez gain, herri borondatea ari dira epaitzen. Bi milioitik gora lagunek hartu zuten parte Kataluniaren etorkizunari buruzko galdeketan, 2014ko azaroaren 9an; hortaz, erabakitzeko eskubidea eraman dute auzitegietara, demokrazia bera.

LABek babes osoa eskaini nahi dio Kataluniak bultzatutako prozesu independentistari. Izan ere, independentziarena da biderik eraginkorrena langile klaseari erabakitzeko gaitasuna aitortuko dion estatu libre bat sortzeko eta aldaketa soziala erdiesteko, instituzio propioetatik abiatuta. Burujabetza ezinbestekoa da Espainiako Estatuak ekartzen dizkigun miseria eta zapalkuntzatik askatzeko.
 

 

 

Kutxabank kasuko auzipetuen erantzukizuna argitzea eskatzen dugu

Kutxabank kasuko ahozko epaiketa abiatu da gaur, hilak 6, Bilboko Auzitegi Probintzialeko 3. Aretoan, “aurretiko kontuei” ekiteko. Kutxabank auziko akusazio partikularra osatzen dugun eragileek administrazio desleiala edo bidegabeko jabetzeaz salatzen ditugu, Kutxabankek ordaindutako 243.592 eurotako balioagatik. Epaiketaren helburua Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohi, Mikel Cabieces abokatu eta Gobernuaren delegatu ohi eta Rafael Alcorta abokatu laboralistaren erantzukizunak argitzea da.

Auzitara eraman dituzten pertsona hauen defentsak pertsona hauen errugabetasun presuntziorako eskubidea eta hauen norbere irudirako eskubidea babestuko dute. Gure ustez, pertsona guztiek izan behar dituzte eskubide hauek bermatuta, baino akusazio partikular honek salatzen du, hemen urratu diren eskubide bakarrak euskal jendartearenak direla, honen antzeko mesede tratu eta ate birakarien operazioekin. Benetako eskubide urraketa Euskal Kutxen likidazio prozesua da. Itzelezko iruzurra da, euren aurrezkiak urterik urte finantza entitate hauetan utzi dituzten pertsonen konrta.

Beste behin, jarduera hauen erantzule zuzenez gain, esparru politikotik erabaki hauek hartu eta hauetan parte hartu zutenen erantzukizunak epaitzea ere eskatzen dugu. Egondako jarduera irregularrak, mesede tratuak eta babes politikoa argitara ateratzea nahi dugu, gutxienez Euskal Kutxek pribatizazio prozesua eta Kutxabank Bankuaren eta Caja Surren erosketa abiatu zenetik egindakoak.

Iruzur honen atzean dauden arduradun guztiak epaitzea nahi dugu, jarduera hauen erantzule zuzenez gain, gutxi barru euren erantzule politikoak, EAJ, PP eta PSE alderdietako kideak, epai ditzatela eskatzen dugu

Guzti honetaz gain Euskal Kutxen likidazioa eta Kutxabanken pribatizazioan berehala atzera egitea exijitzen dugu, entitate hauen izaera publiko eta soziala indartuz, langileen, aurrezleen eta orohar euskal gizartearen interesen kontrakoak diren jarduera hauek errotik mozteko.

 

 

 

Jaso Itsasondoko zuzendaritza ez da PRECOra azaldu, negoziaziorako duen borondate falta agerian utziz

0

Greban 38 egun eta hitzarmenik gabe 15 hilabete egin ondoren, Jaso Itsasondoko enpresa batzordeak pauso garrantzitsu bat ematea erabaki zuen. Zuzendaritzari orain arte akordio batera iristeko eztabaida gai zituzten bi puntuetatik bat baztertu eta adostasun batera iristeko aukera proposatu zioten. Komitearen eskaera gai sozialetan oinarritzen da ekonomikoen gainetik, eta helburua, dauden ezberdintasun sozialekin amaitzea da. Azken proposamen honi zuzendaritzak emandako erantzun eskasa ikusita, PRECOra jo du enpresa batzordeak, hirugarren batek bitartekaritza lanak egin eta arazoari konponbidea emateko.

Hitzordua gaur zen, ostirala, otsailak 3, goizeko 10:00etan PRECOren egoitzan, eta Jaso Itsasondoko zuzendaritza ez da azaldu. "Berriro agerian geratu da zuzendaritzak duen borondate eza", salatu du enpresa batzordeak.
 

 

 

Osakidetzan “lan pilaketengatiko” kontratuek esklabutza ezartzen dutela salatuko dugu

0

LABek egoera hau salatzeko eta kalitatezko kontratazioa aldarrikatzeko ekintzak egingo ditu hurrengo hilabeteotan.

“Lan pilaketengatiko” kontratuek epe labur batean beharrezko diren lan zehatzak egitea dute helburu. Baina Osakidetzan modu masibo eta zehaztugabean erabiltzen dituzte, zuzendaritzek langilea nahi duten erara erabil baitezakete: kontratua jefaturak nahi duenean amaituko da, langilea lekuz alda dezakete, ordutegiz era bai, eta askotan, kartelerarik gabe eta dagozkion atseden egunik gabe. Hau da, inolako eskubiderik gabe.

Bestalde, langileak telefonoaren morroi bihurtzen dira, eta kontratuak onartu behar dituzte onartezinak diren baldintzetan, lan-poltsetan zigortua izateko edo lan-poltsetatik at gelditzeko arriskupean, honela ez badute egiten. Oso arrunta da goizeko 8.30etan deia jasotzea, egun horretan bertan zu bizi zaren lekuttik urrun dagoen anbulategi batean egun bateko (edo ordu batzuetako) kontratua egiteko. Eta hurrengo egunean, berriro telefonoari so. Hori zortea izanez gero, eta ez baduzu telefonoa etxean ahaztuta utzi edo ez bazaude koberturatik kanpo. Kasu horretan, zerrendako hurrengoari eskainiko diote kontratua.

Hauxe da Osakidetzak kontratu moten iruzurrezko erabileraren bitartez ezartzen duen prekarizazio masiboa. Izan ere, orain dela gutxiko Europako Sententziek oso garbi adierazi dute kontratu mota hauek salbuespen bezala erabili behar direla eta egin beharreko lanak, non eta noiz arte zehaztu behar dutela.

Oraingoan EAJri egokitzen zaio erabakitzea legea betetzen duen (murrizketak inposatu zituenean esan zuen bezala) ala ez, iruzurrezko kontratazioa mantenduz.
 

 

 

La Milagrosa ikastetxeko hezkuntza proiektua eta langileak defendatu ditugu Gasteizen


LABek elkarretaratzea egin du gaur Gasteizen, ‘La Milagrosa aurrera! Hezkuntza proiektua eta langileak bat" leloarekin. Gasteizko Legebiltzarraren kontrol plenoaren harira egin dugu protesta, gaiari buruz Hezkuntza sailburuari egin beharreko galdera dela eta. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak, bere aldetik, Barakaldon egingo duen manifestaziora deitu ditu herritarrak arratsalderako. 

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea ixteko arriskuan dago, eta erabaki horrek 40 irakasle kaleratzea ekarriko luke, besteak beste. Gasteizen egindako protestaren ostean, gaur arratsaldean, manifestazio bat egingo dute Barakaldon, ikastetxeko hezkuntza komunitateak deituta (gurasoek eta langileek). 17:00etan, bi zutabe abiatuko dira; bata La Milagrosatik eta bestea, Rontegi ikastetxetik. Bi zutabeak batu eta elkarrekin abiatuko dira Barakaldoko Herriko Plazara. Bertan, 18:00ak inguruan, adierazpen bat irakurriko dute bi ikastetxeetako ordezkariek.

Manifestazioak ‘Gure hezkuntza proiektuak defenda ditzagun. La Milagrosa ez itxi!’ leloa izango du.
 

 

 

Alegazioak aurkeztuko dizkiogu EAEko Hezkuntzako LEP deialdiari, langileen egonkortasuna hobetzeko helburuarekin

0

Honako alegazioak aurkeztu ditugu: euskarazko gaitegiak argitaratzea; azterketak euskaraz izatea; objektibotasuna bermatze aldera idatzizko azterketak test bidezkoak izatea; prozesuan erreklamazioak bideratzeko prozedura gardena zehaztea; balorazioan erabiliko diren irizpideak denboraz aldez aurretik argitaratzea; irakasle gisa ikasleekin urtez urte egindako lan esperientziari balio gehiago ematea; ordezkoen zerrendak irekitzea; oposaketak ez dira zerrendetan sartzeko bidea.

Urtarrilaren 25ean EAEko Hezkuntzako Mahai Sektoriala izan genuen administrazioarekin irakasleen oposaketen gaia lantzeko. Guk berriro ere aurreikusitako lanpostuak ondorengo deialdi baterako gordetzea aldarrikatu dugu. Alde batetik, ez dira langileak kontuan hartzen. Abenduaren bukaeran iragartzen da, ez dago Heziberrin oinarritutako gaitegirik argitaratuta, programazioak aldatu behar dira… Argi dugu, ez direla baldintza minimoak betetzen halako prozesu bati aurre egiteko.

Bestetik, lan eskaintza honek ez dio egonkortasunaren arazoari ekarpenik egiten. Jubilatutakoen plazak besterik ez dira ateratzen eta beraz, langileen behin behinekotasun tasa (ia %40) mantentzeko besterik ez du balio. Hala ere, prozesuarekin aurrera egiteko asmoa agertu du Hezkuntza Sailak. Horren aurrean, guk langileen eskubideen eta gardentasunaren alde egingo dugu.

Urtez urteko inprobisazioa alde batera utzi eta egiturazko arazoari irtenbidea emango dion kontratazio eta sarbide eredua adostea beharrezkoa da. Langileen eta zentroetako plantillen egonkortasuna beharrezkoa da.

 

 

 

Garoña ixteko eskatuko dugu bihar, Bilbon

0

Denon inplikazio eta konpromisoa behar da Garoña ez zabaltzeko. Hau aldarrikatuz hainbat elkarte, sindikatu eta alderdik dei egiten diegu euskal herritarrei otsailaren 4an, larunbatean, Bilboko Euskadi Plazan 12:30etan egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Ondoren, giza kate bat egingo dugu Euskadi plazatik Sabin Etxeraino, Errekalde zumarkalean dagoen PSOEren egoitzatik pasatuz.

Ezinbestekoa da Garoñaren gaia lehentasunez alderdi guztien agendan sartzea. Horregatik mobilizazio honen helburua Garoña ez zabaltzeko denon benetako inplikazio eta konpromiso eskatzea da. Horrez gain, Garoña zabalduz gero, udal, aldundi, Jaurlaritza, enpresa eta herritar guztiei Iberdrolan betiko baja emateko konpromisoa eskatzen diegu, edo portabilitatea oraintxe bertan egitea, Garoña ixteko eskaerari indar gehiago emateko.

Ekintza hau Lisboan burutuko den Nazioarteko Biltzar Antinuklearrarekin batera egingo dugu. Bertan, inguruko estatuetako ekintzaileek zein hautetsiek hartuko dute parte. Gaur egun Portugalen ez dago zentral nuklearrik baina Extremadurako Almaraz oso hurbil dute eta energia nuklearrari buruzko eztabaida publiko handia dago han, espainiar estatuan ez dagoena. Nuklearrei baimena luzatu nahi diete 40tik 60 urteetara eta ez dute eztabaida hau ematerik nahi.

Txernobil eta Fukushimako 800.000 hildako eta 700.000 milioi euroko galerak eta gero, argi esan nahi dugu ez dugula hemen antzekorik nahi. Egin dezagun denok portabilitatea behingoz energia berriztagarria saltzen duten enpresetara.

 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua”


Sindikatu eta eragile sozialetako hainbat ordezkarik giza-kate bat egin dute gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Hain zuzen ere, Lanbidek Bilbon duen egoitzatik Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarainoko bidea egin dute, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak gizarte politika alda dezala eskatzeko. Murrizketak salatu eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) Gutxieneko Soldata (SMI) bezain beste igotzea aldarrikatu dute. "RGIa, Euskal Herrian egindako bokorrokarekin lortu dugun eskubidea, errespetatzea eta hobetzea eskatzen dugu", adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du: "Hauteskunde kanpaina amaitzen denean, diskurtsoak alde batera uzten direnean, politikak egin behar direnean, gobernu batek nor babestu eta nor zainduko duen erakusten du lehenik. Eta Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSE-EEk, berriro erakutsi dute merkatua izango dela babestuko duten bakarra, pertsonak beharrean". Ildo honetan, LABen aldarria zein den berretsi du: "Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua".

Prekarietatea ez dela lan baldintza kaskarretara bakarrik mugatzen ohartarazi du. "Langileak biluzik uzten dituen sistema bat da prekarietatea, eskubiderik gabe, prestaziorik gabe, merkatuaren eta enpresarien esku. Horrek pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak sortzen ditu", azaldu du Etxaidek.

Egoerari nola aurre egin argi du sindikatuak. "2008 eta 2014. urteen arteko alderaketa eginez gero, desberdintasunak handitu egin direla ikusten dugu, daukaten eta ez daukatenen artean. Horri politika sozialekin, babes sozialarekin eta prestazio sozialekin aurre egiten zaio. Pobreziaren kontra borroka dezatela eskatzen dugu, neurriak badaudelako. Neurri horiek har ditzatela eskatzen dugu", erantsi du Etxaidek.