2025-12-31
Blog Page 961

Burujabetza prozesua azkartzeko apustua eramango du zuzendaritzak maiatzeko Biltzar Nagusira


LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Bilbon, maiatzean egingo dugun 9. Biltzar Nagusiaren harira. Hain zuzen ere, eztabaida prozesuaren inguruko xehetasunak eman ditugu, eta Ponentzia-taldeen koordinatzaileek zuzendaritzak proposatutako ponentzia olitiko sindikala eta antolakuntza ponentzia aurkeztu dituzte. 

LABen 9. Biltzar Nagusia maiatzaren 25 eta 26an izango da, Gasteizen. Bada, Ponentzia-taldeen koordinatzaile Garbiñe Aranburuk, Igor Arroyok, Bea Martxuetak, Izaskun Garciak eta Maider Jauregik agerraldia egin dute gaur, zuzendaritzak aurkeztutako bi ponentzien ezaugarri nagusiak aurkezteko: ponentzia politiko sindikalean eta antolakuntza ponentzian jasotakoak, hain justu.

Ponentzia politiko sindikalaren arabera, Biltzar Nagusira burujabetza azkartzeko apustua eramango du zuzendaritzak, besteak beste: "Prozesua martxan jarri eta haustura demokratikoaren aldeko hautua egitea proposatzen dugu. Prozesu horrek, gehiengoen atxikimenduan oinarritu eta eratzailea eta eraldatzailea behar du izan".

Zentzu horretan, ponentzian honela marrazten du ekarpena: 

-Estrategia sozioekonomiko argia izatea. Kongresuan ponentziako ardatzak onartzen badira, ondoren zehaztuko dugu estrategia hori.
-Karta Sozialaren balio estrategikoan berrestea.
-Estatus politiko berrien eztabaidan klase interesak kokatzea: erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu eta hori gurera ekarriz, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurako (LHBSEE) eta esparru sozioekonomiko propiorako bitartekoak eskuratzea izango da gure lehentasunezko borroka.
-Langileriaren aktibazioa eta mobilizazioa sustatzea.
-Eremu soberanistan adostasunak eraiki eta lankidetzaren alde egitea.

Zuzendaritzak beste erabaki nagusi hauek jaso ditu testuan:

-Euskal sozialismoa eraikitzeko apustua. Kapitalismoaren eraginpean jarraitzen dugu.
-Euskal Estatua, euskal sozialismoa eraikitzeko tresna.
-Bizitzaren sostengarritasuna gure eredu sindikalaren erdigunera ekartzea.
-Langile klasearen berrosaketa bultzatzea.
-Ekintza sindikal eta sozial integrala.
-Aliantzak bultzatu.

Eraldaketa feminista, lehen lerrora

LABeko ordezkariek ere antolakuntza ponentziaren berri eman dute. Bertan, zuzendaritzak sindikatuaren izaera definitzen duten baloreak nabarmendu ditu, eta LABen eraldaketa feministari bultzada emateko konpromisoa hartu du. Hauek dira erabaki nagusiak:

-Sindikatuaren izaera definitzen duten baloreak gaurkotu.
-Sindikatuaren eraldaketa feministari berrekin.
-Ekintza sozio-sindikal berritua egiteko gure tresnak indartu.
-Afiliazioa balioan jarri, antolatu eta parte hartzea sustatu.
-Klase subjektua berrosatzeari begira, langile sektore ezberdinak antolatzeko ahalegina egin.
-Zehar lerroak garatu.
-Langileekiko komunikazio bideak indartu.

Eztabaida prozesua irekita dago jada, eta, aurten, berritasun gisa, aplikazio telematiko bat jarri dugu abian afliatuen parte hartzea sustatzeko. Hain zuzen ere, informazioa jaso eta emendakinak aurkeztu ahal izango dute baliabide horri esker, besteak beste.

 


 APLIKAZIO TELEMATIKOA
9. BILTZAR NAGUSIAREN PROZESUAN LABeko
AFILIATU GUZTIEK PARTE HARTZEKO TRESNA

 

 

Epaiketa egongo da Gurutzetako hiru ordezkari sindikalen kontra, zinpeko zaintzaile batek egindako erasoagatik

2016ko maiatzaren 26an Gurutzeta Ospitalean antolatuta zegoen Urdulizko Ospitalean hainbat zerbitzu pribatizatzeko asmoaren kontrako ekimen sindikalean (zoritxarrez pribatizazioa errealitate bihurtu da eta aurrera doa azken egunetan, enpresa pribatuen esku sukaldea eta lentzeria arropa utziz, besteak beste), hiru ordezkari sindikal (LAB, ESK eta UGT) Prosetecnisa enpresako zinpeko zaintzaile batek bortizki erasotu zituen, ekintza guztiz baketsua egiten zutenean eskubide sindikalen alde eta desadostasuna azaltzeko injustua den egoera salatuz.

Antza denez, ESI honen zuzendaritzak antolatzen dituen ekimenetan ez du gustuko sindikatuetako kideak agertzea. Eta gure aldarrikapenei ematen dien erantzuna zinpeko zaintzaileak bidaltzea da, alegia, edozein modutan, gu isilarazteko asmoz.

Erasoa eta gero, zinpeko zaintzaileak bere burua lesionatu zuen eta ordezkari sindikalen kontra salaketa jarri ere. Guk ere salatu genuen erasoa. Astelehen honetan egingo da epaiketa.
Jasandako erasoa bezain onartezina izan da Gerentziaren jarrera, hasieratik zinpeko zaintzailearen jokaera bortitza onartu eta defendatu duena. Beraz, erantzukizuna erasotzailearena da, baina baita ere Prosetecnisa enpresako arduradunarena zein Osakidetzaren segurtasun buruarena eta gerentziarena berarena.

Egoera honi erantzuna emateko eta gure eskubide sindikalak defendatzeko, LAB sindikatuak elkarretarat deitu du Gurutzetako ospitaleko sarreran, hurrengo astelehenerako, hilaren 23an, 9.00etan; eta jarraian, Barakaldoko Epaitegian ere, 10.30etan.
 

 

 

Argentinako Clarín enpresak planta grafikoa itxi ostean langileek lan zentroa okupatu dute lanpostuen defentsan

0

Artes Gráficas Rioplatense, Clarín taldeko enpresak, bere Pompeyako lantegiaren ateak itxi eta 380 langile kaleratu zituen. Langileek, enplegua galtzeko arriskuan zirela ikusirik lantegia okupatzea erabaki zuten. Mobilizazio honen aurrean poliziak indarra erabiliz erantzun du. LABek egoera hau salatzeaz gain langileek lanpostuak berreskuratzea exigitzen du.

Artes Gráficas Rioplatense, Clarín taldeko enpresak, bere Pompeyako lantegiaren ateak itxi eta 380 langile kaleratu zituen. Langileek denbora zeramaten enpresaren hustuketa mugimenduak salatzen; hala nola, paper bobinen leku aldatzeak…

Langileen arabera, ez dago kiebra egoerarik, enpresaren espekulazioa politika bat baizik. Lan hitzarmenarenpean dauden langileak kaleratu nahi dituzte lanpostuak prekarizatzeko.

Langile batzuk, kaleratzeak baieztatzean, lantegian sartzea lortu zuten. Eta oraindik barruan jarraitzen dute. Polizia federala eta Jendarmeriak operatibo indartsu bat luzatu zuten lantegiaren inguruan. Clarinen erredakzioa dagoen eraikina ere patruila eta polizia kamioiez inguratua izan zen.

Langileen kontrako errepresioa ere azkar iritsi da. Indar polizialek lantegiaren kanpoaldean zeudenak eta beraien lanpostuen defentsan lantegia okupatuta zuten AGR-Clarineko langileei elkartasuna adierazten zituztenak erasotu zituzten.

LABetik gure elkartasun eta babes guztia helarazi nahi diegu beraien lanpostuen defentsan borrokan dauden langile guztiei. Aldi berean egoera injustu bati aurre egiten ari ez diren langileek jasaten ari duten errepresioa ere gogor salatu nahi dugu.

Hau guztiagatik LABetik borrokan dauden langileei elkartasuna adierazten diegu diegu, eta oraintxe bertan beraien lanpostuetan berrezarri ditzaten exijitzen dugu.

 

 

 

Nafarroan ere EAEn lortutako antzeko akordio bat sinatzeko deia egin dugu

Sindikatu nagusienak eta Confebask patronalak atzo EAEn sinatu genuen akordioaren arabera, hitzarmen autonomikoek lehentasuna izango dute estatu mailakoen aurrean. Nafarroako lan hitzarmen ezberdinetako mahaietan LABek behin eta berriz aldarrikatu duen aldarrikapena da hori, hain zuzen ere.

Nafarroan adostutakoak lehentasuna izatea aldarrikapen demokratikoa da. Baina gainera, zentzuzko zerbait ere bada: Nafarroako hitzarmenak Nafarroako egoera sozioekonomikoan oinarritzen dira eta lan-baldintza hobeak dauzkate, beraz nola ez da izango desiragarria estatu mailakoen gainetik egotea?

Alabaina, orain arte ezezko bikoitzarekin topatu gara: alde batetik, CEN patronalaren ezezkoa, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren bidez lan baldintzak prekarizatzeko asmoa duelako; bestetik, UGT eta CCOOen ezezkoa, zeinentzat euren nazionalismoa garrantzitsuagoa baita Nafarroako langile klasearen interesak baino. Zapateroren lan erreformak ireki zizkion ateak negoziazio kolektiboaren estatalizazioari, baina CEOE patronala eta UGT nahiz CCOO sindikatuak dira, Madrilen, geure negoziazio ahalmena mugatzen dituzten hitzarmenak sinatzen ari direnak.

Egoera kezkagarria da. Herrialdeko hitzarmenik gabeko sektoreez gain (Kimikak, Hirugarren adineko egoitzak edota Saltoki Handiak), estatu mailako hitzarmena gailendu den sektoreak ditugu (Kolektibitateak, Drogeriak, Grafikagintza), baita hainbat arloren gaineko estatu mailako monopolioa ezarri dutenak ere (Metalgintza, Garbiketa). Horren ondorioz, milaka nafar langileren lan baldintzak okertu egin dira eta beste milaka batzuk horren mehatxua bizi dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sinatutako akordioak argi eta garbi erakusten du hitzarmen autonomikoen lehentasuna ezartzea erabat posiblea, logikoa eta normala dela. Patronalak, UGTk eta CCOOek orain arteko jarrera zuzendu eta EAEn sinatzen duten hori Nafarroarako ere onar dezaten espero dugu. Bestela, nafar langileak zigortuko bailituzkete interes arrotzengatik.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu Nafarroan horrelako akordio interprofesional bat lortzeko baldintzak sortzen lagundu dezan.
 

 

 

Zuzendaritzaren jarrerak harremanak gaiztotu eta barne lehiak areagotzen dituela adierazi dute Jasoko grebalariek

0


Itsasondoko enpresako langileek 26. eguna bete dute gaur greba mugagabe partziala abiatu zutenetik. Bosgarren manifestazioa egin dute gaur goizean Ordizian, hilabete era erdiko epean. Agerraldia egin dute mobilizazioaren ondoren, eta Jaso Industrialeko zuzendaritzaren jarrera salatu dute.

Hauxe da, gaur mobilizazio eta agerraldiaren harira, Jaso Industrialeko enpresa batzordeak osatu duen oharra:

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileak 2015 amaiera geroztik enpresa hitzarmenik gabe gaude. Abenduaren 1ean greba mugagabe partzialean hasi ginen eta gaur 26.en greba eguna izan da. Goizean, 5. manifestazioa egin dugu Ordiziako azokan.

Aipatu behar dugu, Jaso Industrialen 2015. urteko balanze ekonomikoa jakitera eman dela eta datu ekonomikoak, sindikatuetako ekonomistekin aztertu ondoren, esan genezake Jaso Itsasondoren egoera ekonomikoa ona dela. Kontutan izan behar dugu, akordio batera iristeko soilik gaixotasun bajetan eta nominaren homogeneizazioan ados jartzea falta zaigula eta ekonomikoki honek enpresari 20.000 euro inguruko gastua suposatzen diola. Ikusirik enpresaren fakturazioa 2015ean aurreko urtearekiko %32,4 igo dela, gastu soziala %26,4 izatetik %20 izatera pasa dela, nola ulertzen da enpresak etekinak eduki eta egoera honi ez irtenbide bat ematea?

Diruaren gainetik, eskubide sozialak nahi ditugu eta nominaren homogeneizazioa soldata igoera gutxituz konpentsatu genuen, zuzendaritzari esaten diogunean, gaixotasun bajetan akordio batera iristeko falta zaizkigun 20.000euroak igoera salarialetik konpensatzeko eta proposamen honi ere ezezkoa esaten diotenean, zer pentsatu behar dugu? Zein da Jaso Itsasondoko zuzendaritzaren helburua? Langileekin akordioetara iritsi eta enpresa lehiakor bat izaten jarraitzeko denok elkarrekin lan egitea edo langileak hankapean edukitzea?

XXI. mendeko enpresa aurrerakoiek bezala funtzionatu beharrean, urteetan atzera egiten ari gara. Nagusiak enpresa aurrera eramateko gure laguntza nahi badu, izango du, behar duen guztia, baina azken hilabeteetan azaldu digun jarrerak harremanak gaiztotu eta barne lehiak areagotzen ditu. Hau honela, Jasoko batzarrak errespetatua izan arte borrokan jarraituko du.
 

 

 

Lanbidearteko gutxieneko soldatak izandako %8ko igoera, beste languntzei aplikatzea eskatu dugu


Lanbideko prestazioak jasotzen dituzten pertsonek; prekarietatea, etxegabetzeak eta pobrezia egoerak zabaltzearen kontra lanean ari diren kolektibo sozialek eta sindikatuek elkarretaratzea burutu dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean Beatriz Artolazabal Enplegu eta Politika Sozialetako Sailburuak agerraldia egiten duen bitartean. Bertan Eusko Jaurlaritzak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) izan duen %8ko igoera bestelako laguntzei — enplegu pizgarriak, diru-sarrerak bermatzeko errenta, pentsioen osagarria edo alokairurako laguntzak— ezartzeari uko egin diola salatu da.

Ekimen honen bidez, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Politika Sozialetako Sailburuaren adierazpen lotsagarri eta onartezinak kritikatuko dira: “Ezin dugu DSBE igo eta lan-merkatura sartzeko pizgarria kendu”, guztiz faltsuak direlako. Lanbide berak eskainitako datuak errepasatzea nahikoa da goiko baieztapena faltsua dela erakusteko: bizikidetza unitateen %20ak -12.504- enplegu prekarioa du eta DSBErekin osatzen dute euren miseriazko soldata; prestazioen %25 -15-817- pobreziazko pentsioak osatzera daude bideratuak; beste %20 batek langabeziagatiko laguntzak osagarritzen dituzte, egungo prekarietate egoeraren ondorio.

 

 

 

Catalunyan kalitatezko hezkuntza publiko baten alde daramaten borroka babestu dugu

0

LABek babesa ematen dio Catalunyako irakaskuntza sektoreko langilegoari, kalitatezko hezkuntza publiko baten alde borrokan ari dena. Aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan, Govern de la Generalitatek murrizketa berriak ezarri ditu lan eskubideen arloan. Catalunyako irakaslegoak eta ikasleen erakundeek greba eta mobilizazio egunak antolatu dituzte murrizketa hauen aurka.

Beti izaten dira zerbitzu publikoak, hezkuntza, osasungintza,etab. langile klasearekiko politika erratu eta bidegabe baten ondorioak pairatzen dituztenak. Krisiaren hasieratik hala izan da eta gobernu ezberdinen politikak zentzu horretan joan dira; alegia, gastu publiko eta soziala gutxitzea horrela krisialdia pertsonen ongizateak ordaintzen duelarik.

Horregatik txalotzen eta babesten ditugu Catalunyako mobilizazioak. Azken hilabeteotan ikusi ahal izan dugu nola kokatu den hezkuntza eztabaidaren erdigunean estatu mailan. Gure ustetan, hezkuntza funtsezkoa da hala Catalunyaren prozesu soberanistan nola aldaketa sozial eta eraikuntza nazionalean.

Hezkuntza ez da gastu bat, gizarte hobeago bat sortzeko bidean inbertsio bat baizik. Hezkuntza oinarrizko eskubide bat da eta horregatik izan behar da bermatua gobernuekiko. Honenbestez, ezin dugu zentzu honetan inolako murrizketarik onartu.

Bukatzeko, LABetik deia egiten diogu Catalunyako irakaskuntza arloko langilegoari eta gizarteari, kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko mobilizazioetan parte har dezaten. Etorkizuneko Catalunyak eskertuko du.
 

 

 

Enplegu egonkorra eta murrizketa guztiak atzera bueltatzea borrokatuko dugu Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean

Bihar osteguna Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren bilera deitu du, eta balizko negoziaziorako ordainsariak eta 2012ko apartekoa, baja arrunten osagarriak, eta lanaldia besterik ez ditu sartu gai zerrendan. LABen aldetik ondo ikusten ditugu gai hauek planteatu izana, betiere alde bakarrez egindako murrizketa horiek guztiak erabat itzultzeko asmoa baldin badu Jaurlaritzak. Jaurlaritzak alde bakarrez kendutakoa itzultzea ez du negoziatuko LABek, akaso itzulketa oso hori egiteko modua. Hala ere, negoziaziorako borondate adierazpen bezala hartuko genuke kendutako guztia itzultzen badute eta aurretik sinatutako akordioak ere betetzen badituzte, ez baitago batere konfiantza girorik.

LABen iritziz, bilerarako gai zerrendan puntu garrantzitsuena falta da, enpleguarena hain zuzen ere, eta gaia negoziazio mahaian defendatzeko konpromisoa hartzen dugu. Ez Erkorekak Parlamentuan modu koiunturalean mugatu bezala, erretiroei, baizik eta bere osotasunean Sektore Publikoak behar bezala funtzionatzeko behar diren kopuruak adostuz: Aurreikusitako erretiro kopuru handiaz gain, ordezkapenak, ratioak, behin-behineko tasak, azpikontratazioak eta abar.

Eta Erkorekak enpleguari heltzeaz «ez dugu denbora galtzerik» zintzoki esan balu ados egongo ginateke, baina hitz hutsalak eta tranpatiak dira gure ustez. Hain zuzen, denbora da galdu nahi duena: lehenago Enplegu eta Sektore Publikoaren legeak onartu, eta ondoren negoziazio mahaira eraman, erabat baldintzatuta eta sindikatuok eskuak loturik.

Enplegu publikoaren arazoari lehenbailehen heldu behar zaio, lehen bilera honetatik. Benetako aldebiko negoziazio bat egiteko, eta bermeekin. Euskal Herriak behar dituen kalitateko zerbitzu publikoak hornitzeko lanpostu kopuruaz eta definizioaz ari gara.

Hain zuzen ere, astelehenean Josu Erkorekak Gasteizko Parlamentuan egindako egitasmoen aurkezpenean, besteak beste, sektore publikoari eta zehatzago langileoi eragiten digun hainbat kontu aipatu zituen. Euskal Enplegu Publikoaren beste Lege Proiektu bat eta Sektore Publikoaren Antolakuntza kasu, zeinen bitartez langileon eskubideak eta antolakuntza arautuko diren. Ildo hortatik zera baieztatu zuen: “2030ean Euskadiko Administrazio Orokorreko plantillaren % 68 erretiratuko da. Ez dugu denbora galtzerik”.

Lotsagarria da, urtero LAB eta beste sindikatuek Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean zein sektorialetan aldarrikatzen ari garela enpleguaren arazoari errotik heltzeko, koiunturak zein kanpoko faktoreak kontutan edukita baina muga izan gabe. Erkorekak, Jaurlaritzak, enpleguaren arazoa soilik erretiroan ikusten du, ratioak, ordezkapenak, behin-behineko tasak, azpikontratazioak eta abar kontutan eduki gabe.

Iraingarria ere «ez dugula denbora galtzerik» batekin apaintzea bere agerraldia. LABen iritziz denbora asko galdu dugu dagoeneko, eta Eusko Jaurlaritzak denbora galtzen jarraitzen du. Izan ere datorren osteguna urtarrilaren 19ko Mahai Orokorraren bileraren gai zerrendan ez baitago enpleguaren gaian sartuta, sindikatuok berriro eskatu izan diogun bezala.

Osteguneko bilerara eramango du LABek gaia, aspalditik negoziazioaren erdigunean dagoelako. Funtzio Publikoaren mahai Orokorraren bileraren aurretik, elkarretaratzea egingo dugu enplegu egonkorra eta murrizketa guztiak atzera bueltatzea eskatzeko.

 

 

 

Barakaldon hezkuntza eskaintzari eta lanpostuei eustea exijitzen dugu

Kristau Eskola barruan dauden Hijas de la Caridadeko Monjek, 2001etik La Milagrosa ikastetxearen bidez egiten zuen hezkuntza jarduna alde batera uztea erabaki dute. Erabaki horren ondorioz 40 langile langabeziara joan daitezke, 350 familia hautatutako ikastetxerik gabe eta Barakaldoko herriaren hezkuntza beharrak hasetu gabe geratuko dira. Honen aurrean erabaki ausartak hartzea beharrezko ikusten du LABek.

Hau guztia ez zen gertatuko Miranda Fundazioak azken erabaki hauek hartu ez balitu. Barakaldoko herriari egin beharreko eskaintza soziala egin beharrean, herritarren bizkar negozioa egitera dedikatu nahi dutela dirudi. Miranda Fundazioko kideek, irabazi asmorik gabeko eta izaera soziala duen Fundazioa, beste proiektu bat daukate La Milagrosa dagoen eraikinerako eta alokairua igotzea erabaki zuten, %150ean! Modu honetan, Barakaldoko herriaren hezkuntza eskaintza txikitzen da edozein hezkuntza proiektu garatzea ia ezinezko bihurtzen baita.

Barakaldoko Udalak eta Alkate andreak —Miranda Fundazioko 1. Presidenteordea— erantzukizun zuzena du afera honetan dauka; 39 langile langabeziara joan daitezke eta hezkuntza eskaintza bat ezabatuko du herritik, 350 ikasle postu hain zuzen ere. Badauka Barakaldok horrenbeste ikasle postuak jasotzeko aukera? Zeren zain dago Amaia del Campo ordezkaritza daukan sindikatuarekin biltzeko?

LAB Sindikatuak gogor salatu nahi du Hezkuntza Departamentuaren jarrera. Dirudienez ez dio axola EAEn hezkuntza eskaintza bat galdu eta langabezia beste 39 langilerekin handitzea. LABek, berria jakin eta berehala, Hezkuntza Sailburuari urjentziazko bilera bat eskatu zion. Oraindik data finkatu gabe egon arren sindikatuari jakinarazi zaio bilera batean gaia lantzeko aukera izango dela. LABen iritziz premiazkoa da gaiari eustea eta erabaki ausartak hartzea eta hala adieraziko dugu batzar horretan. Hala ere LAB ez da geldirik egongo eta bestelako bideak ere jorratuko ditu.

LABek, Hijas de la Caridadeko Monjei, Miranda Fundazioari, Amaia del Campo eta Cristina Uriarteri bil daitezela exijitzen diegu, eta edozein formula izanda ere, ausardiaz joka dezatela hezkuntza eskaintza eta 39 lanpostu gal ez daitezen.

Horretaz gain, LABek bat egiten du langileek eta familiek antolatutako mobilizazioekin. Izatez, Barakaldo herriak duen hezkuntza plaza kopuruari eutsi nahi diogu. Orain arte egindako lana ez da alperrik galduko. Bide horretan, Barakaldoko herriari, Hezkuntza komunitate osoari eta sindikatuei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.