Hitzordua gaur zen, ostirala, otsailak 3, goizeko 10:00etan PRECOren egoitzan, eta Jaso Itsasondoko zuzendaritza ez da azaldu. "Berriro agerian geratu da zuzendaritzak duen borondate eza", salatu du enpresa batzordeak.
“Lan pilaketengatiko” kontratuek epe labur batean beharrezko diren lan zehatzak egitea dute helburu. Baina Osakidetzan modu masibo eta zehaztugabean erabiltzen dituzte, zuzendaritzek langilea nahi duten erara erabil baitezakete: kontratua jefaturak nahi duenean amaituko da, langilea lekuz alda dezakete, ordutegiz era bai, eta askotan, kartelerarik gabe eta dagozkion atseden egunik gabe. Hau da, inolako eskubiderik gabe.
Bestalde, langileak telefonoaren morroi bihurtzen dira, eta kontratuak onartu behar dituzte onartezinak diren baldintzetan, lan-poltsetan zigortua izateko edo lan-poltsetatik at gelditzeko arriskupean, honela ez badute egiten. Oso arrunta da goizeko 8.30etan deia jasotzea, egun horretan bertan zu bizi zaren lekuttik urrun dagoen anbulategi batean egun bateko (edo ordu batzuetako) kontratua egiteko. Eta hurrengo egunean, berriro telefonoari so. Hori zortea izanez gero, eta ez baduzu telefonoa etxean ahaztuta utzi edo ez bazaude koberturatik kanpo. Kasu horretan, zerrendako hurrengoari eskainiko diote kontratua.
Hauxe da Osakidetzak kontratu moten iruzurrezko erabileraren bitartez ezartzen duen prekarizazio masiboa. Izan ere, orain dela gutxiko Europako Sententziek oso garbi adierazi dute kontratu mota hauek salbuespen bezala erabili behar direla eta egin beharreko lanak, non eta noiz arte zehaztu behar dutela.
Oraingoan EAJri egokitzen zaio erabakitzea legea betetzen duen (murrizketak inposatu zituenean esan zuen bezala) ala ez, iruzurrezko kontratazioa mantenduz.
Urtarrilaren 25ean EAEko Hezkuntzako Mahai Sektoriala izan genuen administrazioarekin irakasleen oposaketen gaia lantzeko. Guk berriro ere aurreikusitako lanpostuak ondorengo deialdi baterako gordetzea aldarrikatu dugu. Alde batetik, ez dira langileak kontuan hartzen. Abenduaren bukaeran iragartzen da, ez dago Heziberrin oinarritutako gaitegirik argitaratuta, programazioak aldatu behar dira… Argi dugu, ez direla baldintza minimoak betetzen halako prozesu bati aurre egiteko.
Bestetik, lan eskaintza honek ez dio egonkortasunaren arazoari ekarpenik egiten. Jubilatutakoen plazak besterik ez dira ateratzen eta beraz, langileen behin behinekotasun tasa (ia %40) mantentzeko besterik ez du balio. Hala ere, prozesuarekin aurrera egiteko asmoa agertu du Hezkuntza Sailak. Horren aurrean, guk langileen eskubideen eta gardentasunaren alde egingo dugu.
Urtez urteko inprobisazioa alde batera utzi eta egiturazko arazoari irtenbidea emango dion kontratazio eta sarbide eredua adostea beharrezkoa da. Langileen eta zentroetako plantillen egonkortasuna beharrezkoa da.
Denon inplikazio eta konpromisoa behar da Garoña ez zabaltzeko. Hau aldarrikatuz hainbat elkarte, sindikatu eta alderdik dei egiten diegu euskal herritarrei otsailaren 4an, larunbatean, Bilboko Euskadi Plazan 12:30etan egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Ondoren, giza kate bat egingo dugu Euskadi plazatik Sabin Etxeraino, Errekalde zumarkalean dagoen PSOEren egoitzatik pasatuz.
Ezinbestekoa da Garoñaren gaia lehentasunez alderdi guztien agendan sartzea. Horregatik mobilizazio honen helburua Garoña ez zabaltzeko denon benetako inplikazio eta konpromiso eskatzea da. Horrez gain, Garoña zabalduz gero, udal, aldundi, Jaurlaritza, enpresa eta herritar guztiei Iberdrolan betiko baja emateko konpromisoa eskatzen diegu, edo portabilitatea oraintxe bertan egitea, Garoña ixteko eskaerari indar gehiago emateko.
Ekintza hau Lisboan burutuko den Nazioarteko Biltzar Antinuklearrarekin batera egingo dugu. Bertan, inguruko estatuetako ekintzaileek zein hautetsiek hartuko dute parte. Gaur egun Portugalen ez dago zentral nuklearrik baina Extremadurako Almaraz oso hurbil dute eta energia nuklearrari buruzko eztabaida publiko handia dago han, espainiar estatuan ez dagoena. Nuklearrei baimena luzatu nahi diete 40tik 60 urteetara eta ez dute eztabaida hau ematerik nahi.
Txernobil eta Fukushimako 800.000 hildako eta 700.000 milioi euroko galerak eta gero, argi esan nahi dugu ez dugula hemen antzekorik nahi. Egin dezagun denok portabilitatea behingoz energia berriztagarria saltzen duten enpresetara.
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du: "Hauteskunde kanpaina amaitzen denean, diskurtsoak alde batera uzten direnean, politikak egin behar direnean, gobernu batek nor babestu eta nor zainduko duen erakusten du lehenik. Eta Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSE-EEk, berriro erakutsi dute merkatua izango dela babestuko duten bakarra, pertsonak beharrean". Ildo honetan, LABen aldarria zein den berretsi du: "Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua".
Prekarietatea ez dela lan baldintza kaskarretara bakarrik mugatzen ohartarazi du. "Langileak biluzik uzten dituen sistema bat da prekarietatea, eskubiderik gabe, prestaziorik gabe, merkatuaren eta enpresarien esku. Horrek pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak sortzen ditu", azaldu du Etxaidek.
Egoerari nola aurre egin argi du sindikatuak. "2008 eta 2014. urteen arteko alderaketa eginez gero, desberdintasunak handitu egin direla ikusten dugu, daukaten eta ez daukatenen artean. Horri politika sozialekin, babes sozialarekin eta prestazio sozialekin aurre egiten zaio. Pobreziaren kontra borroka dezatela eskatzen dugu, neurriak badaudelako. Neurri horiek har ditzatela eskatzen dugu", erantsi du Etxaidek.
Erregistratutako langabeziaren bilakaeran ez du azken hilabetean galdu den enpleguaren benetako bolumenaren berri ematen. Zehazki, Gizarte Segurantzaren datuek adierazten dute 12.500 pertsonetan egin duela behera afiliazioak. Honen arabera, erregistratutako langabeziaren gorakadak erakusten duena baino handiagoa izango litzateke enpleguaren suntsiketa.
Honek argi adierazten digu beste behin sortutako enplegu berriak prekarioak eta ezengonkorrak direla, eta beraz, oso hauskorrak. Horregatik da horren garrantzitsua berriz gogoratzea enpleguaren sorrerari dagokionean kantitatea garrantzitsua dela, baina kalitatea, funtsezkoa.
Enpleguaren kalitatea txarrak erantzule politiko eta ekonomikoak ditu, baina batez ere, asko dio patronalaren “kalitatea” eta bere enpresa ereduaz.
Horregatik irizten diogu egungo prekarietatearen krisiaren aurrean premiazkoa dela ahalegin guztiak bideratzea enplegua lehentasun moduan ikusten ez duen eredu sozioekonomikoa borrokatzera. Eredu honen arabera, prekarietatea da lana lortzeko bide saihestezina.
LAB-Pentsiodunak arloak ohar bat argitaratu du Miguel Laparraren iragarpena salatzeko. Espero dugu Nafarroako Gobernuak gizarte politiketako presidenteordearen adierazpenak zuzentzea eta alarguntza-pentsioa Gutxieneko Soldataren (SMI) pare igotzea.
Gasteizko 1976ko biktimek inoiz ez dute egia, justizia eta erreparazioa jaso Espainiako Estatuko instituzio politika edo judizialetatik, 41 urte hauetan . Egoera honek diktadura frankistari lotuta dagoen 78ko erregimenaren kalitate demokratiko eskasa adierazten du.
LABetik beti esan dugu poliziaren ekintza hura, elizan tiroka sartzen eta bost langile hil eta ehun baino gehiago zaurituz, benetako ekintza terrorista izan zela, gizarteriaren aurkako delitutzat hartzeko modukoa. Arrazoi politiko garbiak izan zituen ekintzak: benetako haustura demokratikoa eta gehiengo sozialaren aldeko aldaketa sakonak ekidin.