2025-12-31
Blog Page 953

Lan istripuetan patronalak duen erantzukizuna nabarmendu dugu

0

Gaur, aurreko astelehenean Mutrikuar langile batek izandako lan istripu oso larri baten berri izan dugu. Elgoibarko Betelu enpresako langilea, Azkoitian dagoen Ibarmia enpresak azpikontratatutakoa, lau metrotako altueratik erorizen. Azpimarratu behar dugu Ibarmia Adegiko presidenteordearen enpresa dela.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin elkartasuna eta besarkada beroena adierazi nahi diogu langilea, bere familia, gertuko eta langileagoari.

Salatu behar dugu istripua isilean eta ezkutuan gorde izana, eta gertuko pertsona baten bitartez izan dugula honen berri. ADEGIren ordezkari nagusiak berauek dira isiltasun honen konplize nagusiak. Zergatik isilean gorde? Zeozer ari dira ezkutatzen aldatzen edo manipulatzen?

Azpikontrata bateko langile batek pairatutako istripu berri bat. Azpikontratazioa prekarietatearen oinarrizko osagaia da, eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera, gutxi batzuen irabazien mesedetan.

Nazka-nazka eginda gaude, eredu honek erakartzen digun ondorioez, egoera honen erantzuleen mezu eta hitz lotsagarriekin, mozkin eta irabaziak lehenesten direnean langileen osasuna era bizitzaren aurretik.

Nabarmendu nahi dugu gertakari hauen aurrean patronalak duen ardura, eta gertakari hauen aurrean erakusten duten isiltasuna. Edo oraindik larriena dena, patronalak, Adegik eta Confebaskek, modu lotsagarrian errepide eta lan istripuak berdintzen dituztenean, zorigaitzaren ondorio balira bezala. Laneko istripuen aurrean badaude erantzuleak, ikerketaz ikerketa ikusten den moduan, ez da zorigaizto edo zorte kontua.

Erakundeei, Ikuskaritzari, Osalan eta Lan Delegaritzari dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak hartu ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrola dezaten. Beharrezko ikusten dugu eredu aldaketa, langileon osasuna eta bizi eta lan-baldintzak lehentasunezkoak izango dituen eredu ekonomiko eta sozialerako bidean .

LABetik, langileon osasuna eta eskubideen alde jarraituko dugu lanean eta borrokan.
 

 

 

Babes soziala dinamika

0

Buruzagitzen inpunitatearen aurka mobilizatu gara Gurutzetako Ospitalean

0

LABek Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendaritza eta jefaturen inpunitatea salatu egin du Gurutzetako Ospitalean. Salaketa ospitaleko zerbitzu ezberdinetara eraman dugu, bertako langileekin hitz egin eta esku-orriak banatu eta egoera salatzeko kartelak ipinita. Erabiltzaileekin ere egon gara. Azkenik, protesta zuzendaritzaraino bertaraino eraman dugu, eta gerentearen eta erizaintzako zuzendaritzaren bulegoetan sartu gara. Ezin dugu ahaztu ESI honetako jefatura bat, Erizain adjunto bat, Osakidetza osoko hiru jefatura toxikoenen artean dagoela. Hala ere, inpunitatea buruzagitza askoren eguneroko kontua da. Halako jarrerarik ez dugula onartuko ohartarazi diegu.

ESI Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Zerbitzu Orokorretako, Laborategietako eta Izpietako Erizaintzako Adjuntuari, meritu propioz, LAB sindikatuak buruzagi toxikoenentzako saria eman diogu. Baina bera ez da zerrendako bakarra, lagundu dioten beste buruzagiekin ere saria konpartitzen baitu. Darponek irakatsita, oso ondo barneratu dute bere lelo nagusia: “Ez ditut langileon eskubideak errespetatuko”. Aipatutako jefatura Repelegako Bularreko Screening Zerbitzuaren funtzionamendu eskasa eta bertan sortutako lan-giro kaskarraren ondorioz aukeratu genuen: buruzagien interes faltak eta utzikeriak kudeaketa erabiltzaileei ere eregiten zieten. Bertoko langileek behin eta berriro transmititu diote zuzendaritzari euren egonezina.

Esan bezala, beste buruzagitzek ere egoera hauek sustatzen dituzte. ESI honen langileak, gero eta gehiago, buruzagitzen inpunitatea jasaten ari dira: langileen lana ez da baloratzen, lanaren berrantolaketa plantillaren iritzia kontuan hartu gabe egiten da, lan kargaz gainezka badauden zerbitzuetan ez dira langileak ordezkatzen, kexa eta iradokizunei gorrarena egitea, eta batere egokia ez den langileriarekiko jokaera (errespetu faltak). Azken garaietan kexa hauek behin eta berriro heltzen zaizkigu honelako komentarioekin: “hemendik alde egin nahi dut, hemen lan egin ezinik nago ”… “hau gero eta txarrago doa”…

LABetik ESI honetan lan egiten duten pertsona guztioi egoera horiek salatzeko deia egiten dizuegu. Inpunitatea akabatzeko bide bakarra guzti hori beldurrik gabe plazaratzea da.
 

 

 

La Milagrosa proiektuak aurrera jarraitu behar duela aldarrikatu dugu

Gaur, otsailak 9, Aurre-matrikula epea amaitzeko bezperetan, Milagrosa Ikastetxean izena eman dutenen inprimakiak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzan. Gaurko mobilizazioaren bidez La milagrosako hezkuntza komunitateak proiektua itxita ez dagoela adierazi nahi izan du, ez dagoela amaituta eta adituek dioten bezala, jarraipena izan behar duela.

Orain arte emandako neurriak ez dira baliagarriak guretzat. Barakaldoko beste puntan aurre-matrikulatzeko aukera emateak ez du ziurtatzen guztiok elkarrekin jarraitzea. Gainera, aurreikuspenik gabe zentroak gainpopulatuz, beste ikastetxe batzuen hezkuntza kalitatea arriskuan jartzen da.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari irtenbide egokia ematea eskatzen diogu eta ez izan dugun bezala, Barakaldoko hezkuntza errealitatea kontuan hartu gabeko bat-bateko erantzun bat.
Familiek horrela eskatuta, gure ikastetxeak aurre-matrikulak paperean jaso ditu eta ezin izan du era digitalean egin horretarako plataforma itxi baitigute. Badakigu dokumentazio honek legalki ez duela baliorik, baina familien nahia adierazten du.

Ikasleek eta beraien familiek ez dute ikastetxetik joan nahi, adituek diote gure hezkuntza proiektua beharrezkoa dela Barakaldon eta langileek gaur egungo ikasleekin jarraitu nahi dute…

Matrikulekin jolastu da etxeetan beldurra sartuz, baina familiek aukeratu egin dute, Milagrosan jarraitu nahi dute eta hau aldarrikatuz jarraituko dugu.

Beraz, ikastetxeko familiok eta langileok afera honetan erantzukizuna daukan agente orori (Eusko Jaurlaritza, karitate Alabak-Kristau Eskola, Barakaldoko Udala eta Miranda Fundazioari) zera eskatzen diegu: Milagrosa Ikastetxeak bere osotasunean aurrera jarrai dezan lan egitea.

 

 

 

Garoñako zentral nuklearra betiko itxi eta eraitsi behar da

0

Baldintzekin bada ere, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak Garoñaren bizitza luzatzeko aukera zabaldu du, eta jakina da hemendik aurrerako azken hitza dutenen aukera zein izango den. Zentral nuklear hau Euskal Herritik hurbil dago, Bilbotik 60 kilometrotara eta Gasteiztik 47 kilometrotara, Ordunteko urtegitik 37 kilometrotara, eta Arabako urtegitik ere hurbil. Garoñako zentral nuklearra zaharkitua dago, Fukushimakoa bezalakoa da. Beraz, Japonian ikusi genuen bezala, ez da batere segurua. Garoñako zentralak korrosio arazoak dauzka. Argi eta garbi diogu, berriz irekitzea kriminala litzateke, gobernu genozida baten erabakitzat hartuko genuke. Istripua izanez gero milaka euskal herritar hilko ginateke, eta Bizkaia eta Arabako eremu handitan ezin izango litzateke sekula inor bizi.

Euskal Herrian energia burujabetza behar dugu. Eredu energetiko berriak garbia eta demokratikoa izan behar da. Euskal herritar bakarra ere ezin da energiarik gabe gelditu, pertsonok derrigorra dugulako beroa bizirik irauteko. Beraz, energiak kontrol eta jabetza politiko eta publikoa izan behar du. Eredu energetiko berriak garbia izan behar duela ere badiogu. Aire garbia eta osasun publikoa bermatu behar ditu, eta horretarako lehen urratsa, energia nuklearra baztertzea da.

Euskal Herriko jendarteak argi dauka energia nuklearra baztertu beharra dagoela eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Horri esker ez zen eraiki Lemoiz, eta ordutik hona, hainbat izan gara Garoña behingoz ixteko exijitzeko mobilizatu garen eragile sindikal, sozial eta politikoak.

LABen apustua energia nuklearra baztertzea da, eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako bultzada ematea, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain. Ildo horretan, herri industrialdunok aurrerapausu handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere, elektrizitateari dagokionez.
 

 

 

Nafarroako Ospitaletegiko larrialdiak: neurrigabeko zerbitzua

0

Ospitaletegiko larrialdietako langileek behin eta berriz salatu dute larrialdi bateratua zabaldu zenetik pairatzen ari diren babesgabetasun egoera. Zuzendaritzak entzungor egiten die profesionalen eta gaixoen beharrei, langileek ekarri informazioak doilorkeriatzat jotzen du, eta haren jarduteko era zalantzan jar lezakeen oro subertsibotzat hartzen du. Hitz batez zehaztu bageneza larrialdi zerbitzuan bizi dugun egoera, hitz hori proportziogabetasuna litzateke.

Ospitaletegiko larrialdi zerbitzua neurritik kanpo dago, ez Boteroren koadro baten antzera, zentsurik ez duen pandemonium baten antzera baizik:

• Neurritik kanpo dago hura kokatzen den eraikuntzaren neurria bera: haren azalera erabilgarria 14.000 metro koadro baino handiagoa izanik, egungo larrialdiak osta-osta hartzen ditu 3.500 metro koadro. Gainerako eraikuntzaren edukia beste proiektu batzuez hornitu nahi duten bitartean, 250 larrialdi artatzeko diseinatu zen gune horrek, egunero, 400 pertsona baino gehiago hartzen ditu.

• Neurritik kanpo dago haren kostua: UPNren zigilu nahasezinarekin, 21 milioi euro baino gehiagoko balio duen obra lizitatu zen; proiektua neurriz kanpo dago, zerbitzuak bateratu baino, egungoa baino askoz ere kalitate asistentziala eta operatiboa handiagoa eskaintzen zuen larrialdiari egokitu behar zitzaionean.

• Baliabideak neurritik kanpo izanak pazienteak egokiro zaintzeak bideraezin egiten du. Erabilera anitzeko gelak, emaitzen zain dauden pertsonak baldintza egokietan barne hartzekoak eskasak izanik, ikuskatzerik gabeko bitartekoekin eta iceberg handi honek sortzen dituen ospitaleratze eta froga pila egin beharrak bereganatzeko ezintasuna adierazten du.

• Guneak neurritik kanpo daude. Horrek dakar, zaintza egiteko kabinak baino mediku eta aditu gehiago izatea; horrek kabina “beroaren” ondorioa eragiten du. Ez da garbiketa, prestaketa,… egiteko gutxiengo baldintzarik ematen gaixo baten eta beste baten artean.

• Behin-behinekoen kopurua neurritik kanpo: gure kudeatzaileak aldarrikatu duten mugikortasun eskubidearen gezurrezko premisa horren eraginez profesionalek ihes egin behar izan dute, anabasa horrenbestekoa izanik, lana egitea ezinezkoa suertatzen zitzaielako. Horrek zuzendaritzari uzten dio esaneko pertsonala den eta une oro lanerako gertu dagoena edukitzen, jakina, behar besteko prestakuntzarik gabea.

• Burutza neurritik kanpo: bateraketan erabili zen argudioetako bat burutzak urritzearena izan zen. Ez urritzeaz gain, kopuruari eutsi diote edo bestela, handitu dira. Honekin bilatu duten xede nagusia larrialdietan ematen diren egiazko arazoek jendarteko iritziari, politikariei eta hedabideetara ez iristea izan da. Horrela, dena bare-bare dagoen itxura izan dezan.

• Eta batez ere, langile kopurua neurritik kanpo dago. Aldez edo moldez behin eta berriz esan zaie kudeatzaileei langile kopurua eznahikoa dela eta kontratazioa beharren arabera babestu dutela. Zalantzan dugu Europako proportzioak eta estandarrak ez dutenik ezagutzen. Zalantzan dugu gehiegi medikalizatzen den sistema ez dela eraginkorra ez dakitenik.

Osagile kopuruak, gainerako profesionalekiko, gaixoak egokiro zaintzea ezinezko egiten du, behargabeko atzerapenak eta eraginkortasunik eza sortuz.

Ez da zilegia esatea barne mediku egoiliarrak prestatzen ari diren langileak direla, eta ez direla plantillako langileak, hauek ez dutelako lana urritzen, areagotu egiten dutelako baizik. Datuok larrialdietako langileek eman dituzte, eta jakina, gure kudeatzaileek badute haien berri (agian beren xedeei hobekiago egokitzen diren beste batzuk dituzte). Ez da aintzat hartu zerbitzutik igarotzen diren adituen kopuru handia eta medikua ez den taldearen arreta eskatzen dutenak, ez eta triaje lanpostutan dihardutelako sorospen jarduera betetzen ez duen erizaintzako pertsonala ere, ez eta ikuskapenak lanak betetzen dituzten Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariak ere, ez eta ia-ia txanda osoan ospitaleratzeak egiteko joan etorrian distantzia handiak egiten dituzten zelariak ere. Profesionalen kopuruak proportzionatua izan behar du, eta ez da horrela suertatzen. Gure kudeatzailek badakite, eta konpondu baino, ezkutatzen dute eta leporatzen diete larrialdietako profesionalak ez direla oso langileak, liskartsuak direla.
 

 

 

Pribatizazioen kontrako mobilizazioak egingo ditugu otsailaren 21ean

0

Osakidetzak jarraitzen du osasun-zerbitzuak pribatizatzen, eta gure osasun-sistema murrizten. Hori dela-eta, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro hasiko gara mobilizazioak antolatzen, politika horren aurka. Izan ere, politika horrek gehiago begiratzen du interes pribatuengatik, herri-onuragatik baino.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iaz ere antolatu genituen mobilizazioak pribatizazioen kontra, batez ere Urdulizko Ospitalean. Mobilizazio horien artetik 2 orduko lanuztea egin zen Bizkaian. Orain berriro ekin behar diegu mobilizazioei, pribatizazio gehiagoren mehatxuen aurrean. Hau guztia iragartzeko agerraldia egin dugu gaur.

Osakidetzak pribatizazio berri hauek azaldu ditu: Urdulizko Ospitaleko lentzeria eta sukaldaritza, Lezako Ospitaleko garbikuntza-zerbitzua, informatika-zerbitzua kanpora ateratzea edo Eibarko Ospitalea ireki orduko zenbait zerbitzu kudeaketa pribatuaren esku uztea, besteak beste, errehabilitazioarena.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Pribatizazioaren aldeko politika horrek 350 milioi euroko gastua dakarkio urtero Osakidetzari. Eta diru-kopuru hori handituz joango da pribatizazio berri bakoitzarekin. Sindikatuok salatzen dugu, gainera, sarri-sarri erabiltzen den argudioa, erabaki horiek jendaurrean zuritzeko: dirua modu eraginkorragoan erabiltzea. Gezurrezkoa da. Bakar- bakarrik garbiketa-zerbitzua pribatizatzeak 5.000 euroko gainkostua dakar, azpikontrataturiko langile bakoitzeko. Askotan eskatu ditugu txostenak, horrelako neurrien zergatiak argitzeko; baina Osasun sailburuak ez du inoiz egin nahi izan inolako azterlanik, ez ekonomiaren aldetik, ezta zerbitzuen kalitatearen aldetik, eraginak eta ondorioak ikusi ahal izateko.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun- arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eginak eta indarrean ditu akordioak sindikatuekin, non berariaz zerbitzurik pribatizatzeko edo kanpora ateratzeko debekua jasota dagoen, eta dauden azpikontratazioak lehengoratzeko azterketak egin beharra ere jasota dagoen. Sindikatuekin negoziatu nahi dutela esango dute, gero! Zertarako, baina, Osakidetzako Zuzendaritza ez bada gauza harturiko konpromisoak betetzeko? Zertarako akordioak egin, ez badute betetzeko asmorik?

Horregatik guztiagatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-sorta berri bati ekingo diogu berriro. Hortaz, otsailaren 21ean, elkarretaratzeak egingo ditugu Osasun Sailaren Gasteiz, Bilbo eta Donostiako ordezkaritzen aurrean. Mobilizazioak gogortuz joango dira, Osakidetzak bere jarrera aldatzen ez duen bitartean. Haien esku dago gatazka hau bideratzea.
 

 

 

Hamar langiletatik zortzik lan baldintza prekarioak dituzte Zerbitzuen sektorean

Prekarietatearen aurkako borroka lehentasun bat da LABentzat. Ildo honetan, sindikatuak prekarietatearen aurkako elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Hego Euskal Herriko zenbait herritan, kapitalismoak ekarritako gaitzaren aurrean alternatibak daudela proposatzeko. Urrutira joan gabe, Gasteizen egokituko dugu lehen elkargunea ostiralean, eta 16:30etik aurrera hainbat jarduera egingo ditugu Andra Mari Zuriaren plazan. Prekarietatea oso errotuta dago Euskal Herrian, eta, herritarrek bertatik bertara pairatzen duten gai bat dela kontutan hartuta, LABek inkesta bat egin zuen iaz Zerbitzuen sektoreko 3.369 langileren artean. Une egokia da galdeketa horren emaitzak gogoratzeko, Ostiral Duinak izeneko dinamika Gasteizera iristear dagoenean.

“Zure lan baldintzak prekarioak direla esango zenuke?”, “Zertan nabaritzen duzu gehien prekarietatea?”, “1.200 euroko gutxieneko soldata eta asteko 35 orduak legez ezartzeak zure prekarizazio egoera arinduko luke”. Hauek dira iazko inkestan egindako galderetako batzuk. Bada, emaitza orokorrak ez du zalantzarako tarterik uzten: zerbitzuetko sektorean langileen %80k baldintza kaskarretan lan egiten duela onartu zuen. Galdetutako pertsonen %90, berriz, ondorengo neurriak ezartzearen alde agertu ziren prekarietatetik ateratzeko: gutxieneko soldata garbian 1.200 euro izatea; 35 orduko asteko lanaldia; sektoreko hitzarmenak berezkoak izatea eta erreformatik babestuak egotea; lanaldi partzialeko kontratazioak egin ahal izateko gutxieneko orduak ezartzea; enpleguaren egonkortasuna bermatzeko neurriak ahalbidetzea; eta Lan Ikuskaritzak lantokietan ematen diren benetako lan baldintzak eraginkortasunez kontrolatzea.

Prekarietatea soldatan nabaritzen duela gehien adierazi zuen gehiengoak (%34). Behin-behinekotasuna, ordutegiak, lanaldi partziala, lanaldia bera eta malgutasuna ere kokatu zituzten prekarietate egoeraren iturburu gisa.

Bestalde, zerbitzuen sektorean ez ezik, sektore publikoan ere inkesta egin genuen iaz, “Ba al dago prekarietaterik zerbitzu publikoetan?” galdera oinarri. 1.538 langilek erantzun zuten kasu honetan. Bada, inguruan lan baldintza prekarioak dauden ala ez galderari, inkesta egileen %86k baietz erantzun zuen. Beste emaitza esanguratsu bat, zalantzarik gabe.

Honela gauzak, alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, Ostiral Duinek ekarriko dituzten elkarguneetra hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi du LABek herritarren artean, denon eskubideen alde eragiteko. Gasteizen dugu aukera horretarako, ostiral honetan bertan.
 

 

 

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu UPNren kontzertazio sozialeko eredua bazter dezala

ELAk eta LABek agerraldia egin dute gaur, eta bi sindikatuek galdegin dugu Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko. Hain zuzen ere, berriro agertu dugu borondatea lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko. Hitzarmenen bidezko finantzaketa ezkutuaren eskandaluari dagokionez, ELAk eta LABek uste dugu, ezagutu diren informazio larrien ondorioz, Gobernuak ikerketa bat ireki beharko lukeela ardura politiko eta judizialak argitze aldera.

ELAk eta LABek UPNren kontzertazio sozialeko eredua bazter dezala exijitu diote gaur Nafarroako Gobernuari. Bi sindikatuek galdegin dute Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko, eta berriro agertu dute borondatea lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko. Hitzarmenen bidezko finantzaketa ezkutuaren eskandaluari dagokionez, ELAk eta LABek uste dute ezagutu diren informazio larrien ondorioz Gobernuak ikerketa bat ireki beharko lukeela ardura politiko eta judizialak argitze aldera

ELAk eta LABek erabat arbuiatu dute Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek duela gutxi hartutako erabakia, hau da, Elkarrizketa Sozialeko Akordioa sinatzea atzera Enplegu Plana egiteko.

Bi sindikatuek uste dute erabaki horrek aldaketaren kontrako norabidea adierazten duela, praktikan UPNren gobernuek PSNren laguntzaz sortu zuten elkarrizketa sozialeko ereduari jarraipena ematen baitzaio.

Sinatu duten azken agiri honetan Gobernu berriak bere egiten ditu Sanz eta Barcinaren gobernu baztertzaile eta patronalzaleak hogei urtez inposatu zuen politika eta erretorika, eta ez ikusiarena egiten du elkarrizketa sozialaren emaitza bakarra patronalaren, UGTren eta CCOOen sare klientelarrak finantzatzea izan dela; kontrara, kontzertazio hori ez da inola ere baliagarri izan desberdintasunari aurre egiteko, aberastasuna banatzeko, enplegua gehitu eta hobetzeko, edota Nafarroako negoziazio kolektiboa defenditzeko. Aitzitik, nafar langileen lan eta bizi baldintzak okerragoak dira gaur, 1995ean elkarrizketa sozialaren “holdinga” eratu zenean baino.

Kezka bizia eragiten du Gobernuak 2016-2019 Enplegu Planari dagozkion ehundaka milioi euroren gaineko erabakiak hartzeko aukera ematea CEN, UGT eta CCOOri; horrela, exekutiboari berari eta Parlamentuari eginkizun bakarra geratzen zaio, erakunde horiek erabakitzen dutena onestea. Beraz, sindikatu horiek eta patronala beto eskubidea duen boterea bihurtzen dira, demokratikoki hautatutako parlamentukide eta kontseilarien gainetik.

ELAk eta LABek adierazi dute zeharo kezkatuta daudela Nafarroako Gobernuaren erabaki honekin; bi sindikatuok uste dugu erabakia dagoeneko hartuta zegoela aurkeztu zaigula. Elkarrizketa sozial honek ez dauka zerikusirik aldaketa politiko eta sozialarekin, ezta langile nafarrek zinez behar dituzten erabakiekin ere.

ELAk eta LABek ez dugu parte hartu Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren moduko ekinbideetan, ez direlako eraginkorrak, ez dietelako benetako arazoei ekiten eta ustezko elkarrizketa bat irudikatzen duelako, praktikan lan erreformaren bidez prekarietatea bultzatzen duen patronalaren monologoa pairatzen dugun bitartean. Ez dugu uste zuzena denik lan eremuan behar ditugun -baina egiten ez diren- aldaketa politikak argazki batekin mozorrotu nahi izatea, zeinarekin Gobernuak saldu nahi duen “zerbait egiten” ari dela.

Bestalde, ELAk eta LABek Gobernuari eskatu diote espediente administratiboa ireki dezala, 1998 eta 2015 bitartean Enplegu Planetara bideratu diren ehundaka milioiak zertan erabili diren argitzeko eta beharrezkoa balitz bere itzulketa eskatzeko; izan ere, UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko egin diren hitzarmenen inguruan ezagutu diren ebidentziek agerian uzten baitute irregulartasunek luze iraun dutela. Era berean, Gobernua sostengatzen duten talde parlamentarioei eskatzen diegu Ikerketa Batzordea sustatzea, erantzukizun politikoak argitzeko.

Azkenik, Gobernuari iragarri diogun bezala, ELAk eta LABek argi utzi nahi dute prest daudela, behin Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiten denean, lan eta gizarte eremuan, eduki zehatzei buruzko akordioak negoziatzeko, lan harremanetarako marko propioa eratzeko bidean.