2026-01-09
Blog Page 933

Ainhoa Etxaide: “Jaurlaritzak badu aukera babes soziala indartzeko eta prestatzio sozialak hobetzeko”


Martxoaren 24an, “A25 Emakumeen plaza”-n DsBE-etan ematen ari diren murrizketen aurka mugarik gabeko greba hasi zuten pertsonei bisita egin diete LAB eta ELA sindikatuek. Gose greban direnei babesa emateaz gain Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiaren hitzetan, “bestelako politikak egitea borondate kontua da, beraz egoera aldatzeko herritarrok kalera irten behar dugu”.

Herri honetan badago nahiko baliabide ekonomiko pobrezia guztiz baztertu eta guztiok ongi bizi ahal izateko. Beraz gaur egun pairatzen dugu egoera —pobrezia zabaltzea, jendea geroz eta okerrago bizitzea, krisi soziala indartzea—politiko batzuen ondorio da.

Egoera honetan elite ekonomiko zein politikoek erantzunkizun zuzena dute. Elite ekonomikoa inposatzen duen ereduak pobreziara kondenatzen gaituela salatzen dugu. Bestalde Etxaidek adierazi du, nahi izanez gero “Jaurlaritzak, baduela aukera babes soziala indartzeko, prestatzio sozialak hobetzeko, RGIaren aldeko apustua egiteko”.

Guztioi dagokigu politiko horien norabidea aldatzea eta hala luzatu die deialdia Etxaidek herritar guztiei. “Gure esku dagoe gertatzen dena ez onartzea, gertatzen ari denaren kontra kalera ateratzea, plazak betetzea ozen esateko beharra duen inoir ezin dela bakarrik utzi, ezin dela inor pobreziara kondenatu. Premiazkoa da bestelako politka batzuk aplikatzea eta hala aldarrikatuko dugu datorren larunbatean Bilboko kaleetan Karta Sozialak deituta 17.30etan Jesusen bihotzetik aterako den manifestazioan.
 

 

 

Gizarte zerbitzuen ratio dekretu berriaren prestatze lanetan LABen parte hartzea eskatu dugu

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean parte hartu berri du LABek, gizarte zerbitzuen ratio dekretu berriaren inguruan konpromisoak eskatzeko. Hain zuzen ere LABek argi du ez duela inposatutako dekreturik onartuko eta honen zirriborroa egiteko lan taldea lehenbailehen deitzeko eskatzen dugu.

2017ko otsailaren 9an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran eta gehiengo osoz, gizarte zerbitzuak arautuko dituen ratio dekretu berri bat egiteko erdibideko zuzenketa bat onartu zen.

Dekretu honen prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere onartu zen. Eta hiru hilabeteko epean dekretu horien zirriborroak Legebiltzarrean aurkeztea ere jasotzen zen.

Ia bi hilabeteren ondoren LABen ez dugu lantalde horren berririk izan ezta dekretuen zirriborroarena ere ez. Horregatik Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean agerraldia eskatu eta egin dugu.

Honetan, gaur egungo egoeraren diagnostiko azkar bat egin ondoren, hainbat galdera egin dizkiegu parlamentariei. Lehenik, lan taldea martxan noiz jarriko duten galdetu diegu. Bigarrenik, parte hartzearen inguruan eta azkenik, zirriborro hori egiteko gizarte zerbitzuen egoeraren inguruan diagnostikoren bat egin duten ere galdetu diegu.

Honen erantzun argirik jaso ez dugunez, LABek argi du ez duela inposatutako dekreturik onartuko eta honen zirriborroa egiteko lan taldea lehenbailehen deitzeko eskatzen dugu.

Horregatik, LABek borrokatzen jarraituko du, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin bilera eskatuko du eta Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du gizarte zerbitzuetako profesionalen kopurua handitu eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen ratio dekretu berri bat egin arte.
 

 

 

Emakumeen prekarietatea da nagusi, Nafarroako Genero Biolentziarako Arreta Zerbitzuan


LAB sindikatuak urtebete darama lanean Genero Biolentziaren Biktimen Arreta Zerbitzuaren egoera hobetzeko. Zerbitzu hau Nafarroako Gobernuak Fundacion Xilemari azpikontratatua dio. Agerraldia egin dugu gaur hau guztia salatzeko.

Pasa den urteko martxoan, aurten lizitazio berria prestatu behar zela jakinda, LABeko enpresako ordezkariek bilera burutu zuten Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin zerbitzuaren egoera kaxkarraren berri emateko asmoz. Bilera horretan, pertsonal gehiago kontratatzearen beharra azpimarratu zen, zerbitzuaren talde teknikoak 2011.urtetik eskatzen zuen bezala. Profesional bakar batek 14/19 erabiltzaile batera artatzen ditu, baita ere telefonoa hartu, zentroaren atea ireki, behar diren tramite administratiboak egin… Pertsonal gutxi egoteak, akonpainamenduak egiten direnean, bai arreta etxeak eta urgentziazko zerbitzuak harrerarik gabe geratzea dakar. LABek administrazioari ez dio bakarrik baldintza teknikoen salaketa egin, instalazioen urritasunak ere gaitzetsi dizkio: urteetan konpondu gabeko goterak, segurtasun falta, erreformak gaizki planifikatuak…

Administrazioak egindako eskaerei kasurik ez egin ziola ikusita eta zerbitzu duin bat lortze aldera, otsailean, LABek INAIri hurrengoa eskatu zion:

-Lizitazio prozesua bertan behera gelditzea eta hurrengo baldintza minimoak bermatzea (lau hezitzaile gehiago kontratatzea, psikologaren jardunaldia %100ra igotzea, garbitzailearenjardunaldia %100ra igotzea, haur hezitzaile baten kontratazioa eta administratzaile jardunaldi erdiarekin kontratatzea).

-Administrazioak konpromezua hartzea, kontratu administratiboaren lehenengo urtearen ostean bertan behara gelditzeko eta urte honen epean eragile sozial zein sindikalez osaturiko komisio bat eratzea nafarroak behar duen kalitatezko zerbitzu bat lortze aldera.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako eskaerei ez diela jaramonik egin salatu dute. Nafarroan dugun genero indarkeriaren arreta zerbitzu bakarra emakumeen prekarietatean oinarrituta dagoela ere salatu dute. Egoera hau onartezina iruditzen zaie. Berriro ere administrazioari dei egiten diote nafarroak behar duen kalitatezko zerbitzu bat lortzeko, elkarlanean. Biolentzia matxista jasaten dituzten pertsonek behar duten kalitatezko arreta zerbitzu bat izateko. Lan baldintza duinak bermatzen duen modelo baten alde elkarlanean aritzeko. Urte guzti hauetan, azpikontratazio administratiboak prekarietate laboralaren eta zerbitzu txarraren sinonimoa dela agerian izan da. LABetik zuzenezko kudeaketaren alde daude, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzuaren berme bakarra baita.

Berezko garrantzia duen zerbitzu honen prekarietatearekin administrazioak deus eginez gero, beste eragile sozial batzuekin hitz egingo dute mobilizatzeko asmoz.
 

 

 

Negoziatzeko borondatea exijitu diogu Osakidetzari gaurko mahai sektorialean

0

Zortzi hilabete eta gero mahi sektoriala deitu gabe, gaur izan dugu bilera. Lehenengo eta behin, deialdiaren formak salatu behar ditugu, oso berandu jaso dugulako deialdia eta gai- ordena, ia prestatzeko denborarik gabe. Bestaldetik, gai-ordenaren lehenengo puntuan Osakidetzak jaso egin du negoziatzeko eskaintza. Aurrekoetan ere honelaxe egin du, baina iruzur hutsa izan da eta “negoziatzeko” gutxi eskaini digu. Izan ere, urte hauetan guztietan Osakidetzak negoziazio kolektiboaren eskubidea behin eta berriro urratu du eta inposaketaren bidetik jo. Gaur egun, bide beretik doa eta, adibidez, Urdulizko zenbait zerbitzu berriki pribatizatu egin ditu, langile eta sindikatuei inolako azalpenik eman gabe.

Guk negoziazio erreala aldarrikatzen dugu eta Osakidetzari oinarrizko 5 puntuko negoziazioa mahai gainean ipini genion aurreko legintzaldian. Bost puntu horiek berresten ditugu: 1. Lan baldintzen akordio berria, 2. Enplegu plana, 3.Kontratazio akordio berria, 4. Euskarari errespetua , eta 5. Pribatizaziorik ez. Bost puntu hauetan jasotzen dira urteotan ezarritako murrizketa, eskubide urraketa eta pribatizazio horiek guztietan atzera egiteko aukera.

Gaurko mahai sektorialean Osakidetzak egin duen negoziazio proposamenak gure eskaera batzuk jasotzen ditu, hala nola EPE berriak eta formatoa aldatu; kontratazio akordio berria edo lan-baldintzen akordioa berria. Baina ez du jasotzen euskararen gaia eta pribatizazioena ere (soilik aipatzen da martxan ipintzea “externalizazio” batzorde bat). Osakidetzari jakinarazi diogu guretzat pribatizazioen kontua marra gorria dela.

Gakoa da benetako negoziazio aurrera eramateko asmoa. Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko borondatea badauka, LABek bertan hartuko du parte. Honela ez bada eta iruzur berri baten aurrean bagaude, urte hauetan bezala, LAB aurrean izango dute, osasun publikoa eta kalitatezko lan-baldintzak borrokatuz.
 

 

 

Ehunka erakundek bat egin dute gizarte eskubideen aldeko manifestazioarekin

LAB, beste hainbat eragile bezala, Bilbon izango da larunbatean. Eskubide Sozialen Kartak manifestaziora deitu du egun horretarako, Bilbon, eta gaur agerraldia egin dute protestara atxikitzeko deia zabaltzeko. Jesusen Bihotzetik irtengo da manifestazioa, 17:30ean.

Larunbateko manifestaziorako planteatzen diren eskaerak hauek dira:

• Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) eta Lanbidek kudeatutako gainontzeko prestazioei Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak (LGS) izan duen %8ko igoera aplikatzea.


• 2017rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan jasotako xedapen gehigarrian prestazio sozialen zenbatekoan ezartzen den %7ko murrizketa eraginik gabe uztea.

Aldarrikapen hauek murrizketez betetako urteen ondoren egiten dugu:

• Gizarte prestazioetara sarbide izan ahal izateko baldintzak gogortu dira; adibidez DBE eskatu ahal izateko erroldatze denbora urte batetik hiru urtera igo da.


• Prestazioen zenbatekoa %7 murriztu da.


• Lanbidek irizpide murritzaileak aplikatu ditu, kasu askotan gehien behar dutenen pertsonen eskubideak urratuz.

Hamarnaka gara eskaera hauekin bat egiten dugun erakunde sozial eta sindikalak, eta horregatik bat egiten dugu larunbat honetarako deitutako manifestazioarekin. Badakigu asko dagoela jokoan, bermatutako gutxieneko diru-sarrera batzuen existentzia borroka sozialaren ondorio dela, gizartearen mobilizazioaren emaitza.

Eskubide sozialak defendatzea DBE-ren murrizketak eta hau jasotzen dutenen kriminalizazioa arbuiatzetik igarotzen da. Hau exijitzen dugunon pluraltasunaz arreta deitu nahi dugu. Sindikatuetako kideak gara, esparru feministako gizarte erakundeetakoak, gazte mugimendukoak, pertsona migratzaileen aldekoak, ekologismoarenak, pentsionistenak, pobreziaren aurkakoak, gizarte bazterketaren kontrakoak, Sare Ekonomiko Alternatibo eta Solidariokoak…

Hau guztiagatik, bat egiteaz gain, herritarrei dei egiten diegu apirilaren 1ean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, 17:30tan Jesusen Bihotzaren Plazatik aterako dena.
 

 

 

Ostiral Duinak dinamika Oreretara iritsiko da aste honetan


LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, prekarietatearen ondorioen berri emateko eta kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Gasteizen, Iruñean eta Bilbon izan gara, eta prekarietatea bertatik bertara pairatzen dutenen arteko topagune bihurtu da jarduera. Bada, Ostiral Duinak izeneko dinamika hau Oarsoaldera iritsiko da ostiral honetan; Oreretara, hain justu. Hainbat jarduera antolatuko ditugu arratsaldez: mahai inguru bat Xenpelar plazan, 17:00etan, emakume, gazte, migrante eta langabeen lekukotasunekin; giza kate bat, 18:30ean, Oreretako enpresa historikoen eremuetatik barrena; eta musika eta pintxoak, 20:00, borrokarako indarberritzeko. Honekin guztiarekin batera, bulego ibiltari bat egokituko dugu Foru plazan, langileei arreta eta informazioa eskaintzeko.

Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Saharari

0
LAB sindikatutik UGT Sario-ri eta Saharar herri guztiari El Aaiunen olatu errepresibo berri baten agerpenaren berri jaso dugun egun honetan, elkartasun mezu bat bidali nahi diegu, Gure informazioaren arabera, Marokoko indar okupatzaileek, istiluen kontrako poliziak eta armadak bertzeak bertze asteburu honetan Saharako hiriburua den El Aaiunen herritarren protestak gogor erreprimitu dituzte, hainbat zauritu eta atxilotu eraginez.

LAB sindikatutik bertze behin ere Sahara herriarekiko gure elkartasuna erakutsi nahi dugu, eta Saharar herriaren askatasunaren aldeko gure konpromezu internazionalistan berretsi egiten gara. Horregatik Marokoren makinaria errepresibo guztia gelditu dadila exijitzen dugu, eta behingoagatik Marokok ilegalki okupatuta duen lurretik alde egin dezala exijitu nahi dugu, Saharar herriarentzako justizia eta bakea ekarriko dituen erreferendumari bidea zabalduz.
 

 

 

Yayo Herrero: “Egungo ereduak gerra deklaratu dio bizitzari”

0

Ekintzaile ekofeministak hitzaldia emango du gaur, 17:00etan, Oreretako Reina Aretoan. Eredu produktiboa aldatzeko beharraz arituko da, gaurko ereduaren mugak eta ondorioak gero eta agerikoagoak diren honetan, eta alternatibak proposatuko ditu. Solasaldi honen aurretik, LAB sindikatuko zenbait kide, exekutibokoak eta batzorde sozialekoak tartean, Yayo Herrerorekin bildu gara Donostiako Igarako egoitzan. Mintegi honetan, arratsaldean jorratuko dituen gaien inguruan ibili gara gogoetan.

Eredu produktiboa aldatzeko beharraz aritu gara Yayo Herrerorekin, goizean, arratsaldean Oreretan emango duen hitzaldiaren aurretik. Egungo ereduak bizitzarekin berarekin talka egiten duela nabarmendu du antropologa madrildarrak, eta eredu produktibo alternatibo batek nolakoa izan beharko lukeen azaldu du jasangarritasun ikuspegitik, aintzat hartuta ere trantsizio energetiko bat egitea eskatuko lukeela. Azken batean, eredu produktiboaren aldaketa nondik planteatu behar den hausnartu dugu, eredu ekosozialista bateruntz joan nahi dugula jakinda.

Norabide horretan, bere ustez mugimendu soziosindikalak zein erronka dituen galdetu diogu Herrerori, eta sindikalismoaren ikuspuntutik jadanik martxan jarri beharreko praktika sindikalez ere bai. Zer nolako aliantzak behar dira? Zer nolako prozesu demokratikoren baitan egin daiteke bidea? Erantzunak arratsaldean emango dizkigu berriro, Oreretako hitzaldian.

 

 

 

Herri kontsultarekin bat egin dugu Arrigorriagan

IIndusal, Arrigorriagako Udala, Acualia, Cementos Rezola, Erakus, Talleres Berasategi, DYF, EMBZA XII, Talleres La Salve, VIMA , Acciona Agua eta Udal Euskaltegia. LAB eta ELA sindikatuok ordezkaritza dugu aipatutako lantoki horietan, eta horietan guztietan bat egin dugu Gure Esku Dago ekimenak, apirilaren 2an, Arrigorriagan sustatuko duen herri kontsultarekin. Hain zuzen ere, bertako langileoi dei egin diegu parte har dezaten.

Bat gatoz kontsultarekin, hitz egin, eztabaidatu, konfrontatu, erabaki… eta ondoren herritarrei kontsulta egitea zeharo normaltzat jotzen dugulako.

Zalantza izpirik gabe, Euskal Herriko herritarrei dagokie beren etorkizun politikoa askatasunez erabakitzea. Ez dago gizarte eskubiderik demokrazia herritik gabe, eta, era berean, ez dago demokrazia herritarik erabakitzeko ahalmenik gabe, gehiengoaren borondate demokratikoaren errespetuan oinarrituta, alegia.

Langile guztiok bultzatu nahi ditugu parte hartzera, guztiz islatuta sentitzen baikara ariketa demokratiko berarekin. Gure esparruan ere ukatzen digute gurekin zerikusirik daukaten erabaki guztietan parte hartzen, eta horixe, hain zuzen ere, aldatu nahi dugu gurean. Langileok erabaki nahi dugu nolakoa izan behar duen lan esparrua eta egunerokoan ahalegintzen gara hala izan dadin, ahalduntze prozesuaren eragile nagusia langileok izan behar dugularik.

Lan esparruan gure erabakien jabe izateko bitartekoak eskuratzea ezinbestekoa bazaigu, bestelako arloetan ere premia berdina agerian dago. Hala, nola,…hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, pentsio sisteman, gizarte babesaren arloetan.

Beraz, Arrigorriagako kontsultan parte hartzera gonbidatzeaz gain, animatu nahi zaituztegu, udalerri honetan ere  Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauza dezan lanean jarrai dezazuen.