2026-01-11
Blog Page 929

Iñigo Cabacasen kasuak polizia bortizkeriaren bost urtetako inpunitate lotsagarria erakusten du

0

Aurten ere Iñigo Cabacas gogoan dugu BBVAko LABen Sail Sindikaleko kideek, eta amorrua sentitzen dugu bere hilketa inpunitate osoz igarotzen ari delako, urterik urte. Aurten ere justizia eske ibili behar, baina epaitegietan ez dabiltza fin bortizkeria poliziala zigortu behar denean. Eta Ertzaintza, zer esanik, bere burua ikertzeko gai ez den, ala ez du nahi? Berriro gerta ez dadin, egia eta ardurak exigitzen ditugu. Rodolfo Ares, Ugarteko…, non daude justifika ezina zen karga polizial bortitz horren azkeneko arduradunak? Baten batek are eta kargu garrantzitsuago bat betetzen du gaur egun. Berriro gerta ez dadin, Iñigo Cabacasen oroimenez beren senide eta lagunek deitzen duten ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu. Sasoi horretan, BBVAko lankidea zen Iñigo Cabacas.

Bi deialdi daude iragarrita. Batetik, bihar apirilaren 7an giza katea egingo du Iñigo Gogoan Herri Ekimenak Bilboko epaitegietan (“Inpunitatearen kontra, Justizia jauregia inguratu”). Bestetik, etzi, apirilaren 8an omenaldia egingo dute 12:30ean Bilboko Kirruli plazan Iñigo Cabacasen familia eta lagunek.
 

 

 

Industriaren etorkizuna kolokan dagoela ohartarazi dugu Gasteizen

0

Benetako industria politika bat eskatzeko aldarria Gasteizera eraman dugu gaur. Bilbon eta Donostian aste honetan bertan egin bezala, kalera irten gara, “Prekarietatearekin industria 4.0rik ez dago. Aberastasuna banatu” leloarekin. industriaren defentsan, propaganda gutxiago eta benetako industria politika bat egiteko eskatu dugu, EAJren egoitzaren aurrean. Horretarako, burujabetzaren aldeko urrats eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela nabarmendu dugu.
 

 

 

Transfobiak lekurik ez duela salatuko dugu bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Transfobiak ez du tokirik gure herrietako kaleetan. Gorrotoa onartezina da. Erantzuteko garaia iritsi da. Euskal Herria pertsona trans guztientzat bizileku segurua dela bermatu nahi dugu. Bertako instituzioek gure bizitzak eta beharrizanak aintzat hartzea nahi dugu, behin betiko. Testuinguru honetan, #TranasfobiarikEz ekimenak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta E28 plataformaren babesarekin, mobilizazioak egingo ditu Bilbo, Donostia eta Gasteizen, "Ez da adierazpen askatasuna, transfobia da! Gelditu dezagun autobusa" leloarekin.

Hauek dira biharko, apirilak 7, deitutako mobilizazioak:

-Bilbon, 19:30ean, manifestazioa Moyua plazatik abiatuta
-Donostian, 19:00etan, manifestazioa Bulebarretik abiatuta
-Gasteizen, 19:00etan, elkarretaratzea Andra Mari Zurian
 

 

 

Nafarroako Kirol Kudeaketako langileek greba egingo dute apirilaren 11n

0

Lan uzteekin azken asteetan egindako mobilizazioei jarraipena emango diete, hitzarmenaren defentsan. Negoziazioa blokeatuta dago, eta, elkarrizketak ukatuta, langileen lan baldintzak izoztuta daude. 900 bat langile daude deituta astearteko grebara, eta udalek kudeatutako kiroldegiei eragingo die. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deitu dugu, hots, KIrol Kudeaketako arloan ordezkatuta gauden sindikatuok.
 

 

 

Nafarroako Gobernuak gai zerrenda zehaztuko du, eta eskariak aurkezteko epe berria zabalduko du

Neurri batean, aintzat hartu du LABek E mailako kontratazio zerrenden harira egin den deialdiaren aurka aurkeztu duen gora jotzeko errekurtsoa. Funtsean, onartzen du gai-zerrenda aldatu behar dela eskatzen diren edukiak zehatz daitezen.

Nafarroako Gobernuak E mailako lanpostuak deitzearen aurka LABek jarri zuen gora jotzeko errekurtsoari eman erantzunean onartzen da gai-zerrenda zehaztu behar izango dela eta eskariak aurkezteko epe berria zabaldu beharko dela.

Gogoan izango denez, deialdiaren gai-zerrendan, bost gaietatik hiru sartzen ziren; haietan, generikoki aipatzen zen elektrizitateko, igeltserotzako, pinturako, zurgintzako, lorezaintzako, iturgintzako,… “oinarrizko ezagutzak” eskatuko zirela. LABek guztiz urriak irizten zion gaien definizioari, eta eskatzen zuen zehaztu zitezela zeintzuk ziren aipatu oinarrizko ezagutzak.

Dena dela, gure errekurtsoari eman zitzaion erantzunean, badira gai batzuk aintzat hartu ez direnak; horrengatik, oraindik uste dugu deialdi honek ez duela balio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian (ANADP) lanpostuak bete daitezen.

Horrengatik, eskatu dugu agentzia honetan, E mailako lanpostuentzat, beste hautapen prozesua deitu behar dela, non eskatuko den gai-zerrenda egokituko zaion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian (ANADP) egiten den egiazko lanari.

Dena den, LAB adi egongo da deialdi honetan kontratatuko diren pertsonak E mailako eginkizunak betetzera esleituko direla, eta ez dadin suertatu maila honetako pertsonek maila handiagoko zereginak betetzen dituztela. Batez ere, D mailako mantentzeko laguntzaileen funtzioak ez ditzaten E mailako langileek bete. Hau dela eta, D mailako mantentzeko laguntzaile izateko beste hautatzea deialdi berezi bat eskatuko dugu.
 

 

 

Ikuskaritza Zerbitzuak Korrikaren materiala erabili duten ikastetxeei buruzko informazioa eskatu du Nafarroan, UPNren eskariz

0

Harridura eta kezka handiz jaso dugu Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetan egindako kontsulta errolda. Bertan informazioa eskatzen da Korrikaren inguruan, hain zuzen ere AEKk eta Ikastolen Elkarteak sortutako material didaktikoaren erabilpenari buruz. Ikuspegi hezitzaile batetik biek ala biek berme osoko eragileak izaki. Harritzekoa, kontsulta hau sortzen delako UPNek parlamentuan plazaratutako galdera batzuei erantzutera datorren jarduera bezala eta ez hezkuntzaren arlo didaktikoari dagokion zerbait bezala.

Ezin dugu ulertu, ezta onartu ere, nola azken garai honetan euskararekiko eta irakaskuntzarekiko alderdi batzuek duten ildo ideologikoak baldintzatu eta kontrolatu egiten duen zabala eta plurala izan behar duen hezkuntza jarduera.

Berriz ere, kezkaz ikusten dugu nola UPN- PP pinpinela duetoak bere ideologia interesatua agertzen duen euskarazko ekimen eta jarduera ororen kontra.

Gaur egun euskararen alde atxikimendurik zabalena jasotzen duen ekimen kultural anitza den Korrika kutsatzeko eta nahasteko nahian agertu dira eskuindar ultramontano hauek, horretarako Nafarroako Parlamentua erabiliz.

Ezin da onartu behin eta berriro euskararen kontrako jarrera hauek Hezkuntza Departamentutik eta Nafar Gobernutik erantzun tinkorik ez jasotzea eta, hein handian, haien trikimailuei bidea erraztea, euskararen inguruan zalantzak sortuz.

Hezkuntza Departamentuaren lana ikastetxe eta irakasleen jarduera pedagogikoa babestea da, ikastetxeetako proiektuak bultzatzea eta irakasleriaren jarduera didaktikoari laguntza ematea, katedra askatasuna babestuz eta ez eragotziz. Euskal eta euskarazko irakaskuntza behin eta berriro erasotua edota kolokan jartzen denean ezin da beste aldera begiratu.

LABek UPNek eta PPek euskararekiko duten etengabeko fobia geldiarazteko konpromisoa garbi utzi nahi du eta Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko apostua berresten. Era berean Gobernu honi, aldaketa bidean, hezkuntzaren eta euskararen egoera hobetzeko hartuta dauden edota hartuko diren erabakiak inongo konplexu eta injerentziarik gabe aurrera eramateko konpromiso tinkoa exijitzen diogu.
 

 

 

Gasteizko Udalean benetako negoziazioa eman dadila eskatuko dugu bihar

Hitzarmenaren negoziazioan inposaketak ez ditugu onartuko, eta, hori dela eta, manifestaziora deitu dugu. Protesta 19:00etan irtengo da San Anton plazatik.

Proposamen berri horren izenburu batzuk aurreratu zizkiguten, Gasteizko Udaleko hitzarnenaren negoziazioa dela eta:

-Bere momentuan adostu genuen aurtengorako %2ko eroste ahalmenaren berreskurapena ez da posible izango. Lehen bai, orain ez.

-Murrizketen zati baten berreskurapenarekin, garaile atera gara langileak, beraz, ezin kexatu,…beti ezin dugula irabazi esan ziguten…

-Egin ahal dutena, Estatuaren Gobernutik ezartzen dute, …eta kitto.

-Negoziatzen duen ekipoa aldatu dutenez, orain arte eginiko 16 bilera eta sinaturiko akta guztiek ez dituzte ezertara konprometitzen.

LABetik hauexek dira azpimarratzen ditugun titularrak:

Negoziazioari mesprezu izugarria: 

Gobernu talde bera da, EAJ (orain PSEren laguntzarekin). Bere garaian hitza bete ez zuen zinegotziak ez zen agertu. Pertsonak aldatzen dituzte, bigarrenez adostutakoa pikutara bidaltzen dute…eta zerotik hasten gara berriro…

Udaleko langileei eta langilego osoari mesprezua: 

Lapurtu ziguten zati bat berreskuratzea langileen garaipena izan dela esatea onartezina da. Oposizioan zeudenean kendu zigutenaren zatia bueltatzeko hartutako konpromisoa ere ez dute bete. Murrizketa horiek guztiak ofizioz bueltatu behar zizkiguten.

Apur horien berreskurapenaren inguruan eginiko bozketan, baietzak negoziazioaren blokeoa gainditzera lotuta zegoen. Udal langileek horrela bukatuko genuela jakin ezkero, bozketaren emaitza beste bat izango zen.

Inoiz ezagutu ditugun murrizketak inposatu eta gero, %20ko eroste ahalmena galdu eta gero, prekarietatea eta enpleguaren suntsiketa gurean zabaldu eta gero, negoziazio kolektiboa lurretik bota eta gero eta Gobernu Espainarraren inposaketen jokora kondenatu eta gero…nola da posible langileok irabazi dugula esatea? Nola da posible berreskuratutako apur batzuekin irabazi egin dugula esatea?

LABek ez ditu joko arau hauek onartuko, eta ziur gaude, inposaketen aurka hainbestetan duintasuna erakutsi duten udal langileek ez dituztela onartuko ere. Horregatik, LABek tinko bultzatuko ditu udal langileen batzarretan eta Langileen Batzordean erabakitako mobilizazioak.
 

 

 

“Haserre entzun ditugu Urkulluren propaganda hitzak”

Aurrekontuen eztabaida honetan, zerbitzu publikoen defentsarako izpirik sumatzen ez dugula salatu genuen Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, joan den martxoaren 30ean. Eusko Jaurlaritzak ez du zerbitzu publikoen aldeko inbertsiorik egiten, eta aurrekontuetan ikusi ahal izan dugu zein den gobernuaren jarrera. Hortik aurrera dena propaganda hutsa da. Horixe nabarmendu genuen joan den asteko mobilizazioan. Irakaskuntza, Administrazioa, Osakidetza, EITB… zerbitzu publikoetako zenbait ordezkariren iritzia jaso dugu erantsitako bideoan.
 

 

 

“Prekarietateak industria hartu du”

0


Bilbon atzo egin bezala, LABek manifestaziora deitu du gaur industriaren defentsan, “Prekarietatearekin Industria 4.0rik ez dago. Aberastasuna banatu” leloarekin. Mobilizazioa Gipuzkoa plazan hasi eta Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren aurrean amaitu da. Industriaren etorkizuna kolokan dagoela salatu dugu bertan, eta Confebask eta Eusko Jaurlaritzarentzat izan ditugu hitzak: “Inoiz baino aberastasun gehiago sortzen ari den honetan, lapurreta erraldoi bat egiten ari dira, egun argiz eta begibistan”.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean hartu dugu hitza, eta Confebask eta Jaurlaritzaren beraren apustuaren aurka aritu gara: “Industria 4.0 bultzatzen ari zaretela diozuen bitartean, Prekarietatea 4 Industria 0 eredua ari zaretete sustatzen”. Negoziazio kolektiborako eskubidearekin amaitu nahi dutela ohartarazi dugu: “Langileen artean lehia sustatu nahi duzue, ikusteko nor dagoen prest baldintza txarrenetan eta soldata eskasenaren alde lan egiteko”.

Hazkunde ekonomikoaren garaian, patronalak eta agintariek aberastasuna banatzeko inongo asmorik ez dutela nabarmendu dugu, eta langileen lan baldintzek okerrera egin dutela ohartarazi: “Lan baldintza okerragoak ezartzen dituzue kontratazio berrietan, eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa betikotu duzue. Pobreziak eta berdintasunik ezak gora egin du. Lana ez da jada pobrezia saihesteko berme bat. Prekarietateak industria hartu du”.

Hala, industriaren defentsan borrokatzen jarraituko dugula berretsi dugu.