2026-06-21
Blog Page 925

Nafarroako Kontratu Publikoetako Foru Legea: patronalaren onurarako egina

LAB sindikatuaren iritzian, Nafarroako Gobernuaren Kontseiluan Kontratu Publikoetako Foru Lege berria onartu izana Nafarroako langileriarentzat berri txarra da.

Arrazoi honengatik da txarra:

1.- Lege berri honen bidez, Nafarroako Gobernuak ez duelako aintzat hartu LAB sindikatuak, herritarrek parte hartzeko prozesuaren baitan, txosten zabal eta landu batean Kontratu Publikoetako Foru Legearen Aurreproiektuaren harira aurkeztu zituen ekarpen bakar bat ere.

2.- LAB sindikatuak agertu zituen neurriak aintzat hartu gabe, 2015. urtean Legegintzako Herri-Ekimen baten bidez, Kontratu Publikoetako Legea aldatzean suertatu zen antzera, oraingoan, Nafarroako Gobernuaren Kontseiluak onartu duen lege berri hau berriro eznahikoa suertatuko delako langile nafarren eskubideak bermatzeko. Honela, erremediatu ezean, aukera galdu berri baten aitzinean egonen gara.

3.- Beraz, aurreko guztia kontuan hartuz, Kontratuen Lege berriak eusten dielako eta betetzen dituelako patronalak ezarri marra gorriak eta haren irizpide ekonomikoak. Honen harira, onartezina deritzagu Nafarroako Gobernuak sindikatuen iradokizunak kontuan hartu ez izanari eta hortaz langileenak, eta aitzitik, patronalaren ezarpenak bere egin izanari.

LAB sindikatuak egin proposamenean, nafar langileen eskubideak egiaz babes daitezen, ondorengo edukia izanen duten klausula sozialak barne hartzen dira: balizko eta kontratu mota guztien SUBROGAZIOA, enpleguari egonkortasuna emanez; HITZARMENA BETETZEKO BETEBEHARRA; LAN ZAMARI EGOKITUTAKO LANGILE KOPURUA BERMATUKO DA, azpikontratek ez dezaten areagotu haien irabazi-marjina langileak muturreraino ustiatuz eta esplotatuz. ORDEZKAPENAK BERMATU BEHAR DIRA, gainerakoei lan-zama handiagoa egokitu ez dakien. KONTRATATZEAN EZ DA INOR BAZTERTU BEHAR, sexu, arraza eta ideologia arrazoiengatik edota sindikatu batean zein bestean afiliatuak egoteagatik. BERMATU BEHAR DA KONTRATUAK EZ DIRELA LOTZEN KOSTU-PREZIOAREN AZPITIK, bertzela, azkenean, zerbitzu berak eta langileek ordaintzen dutelako prezio-jaitsiera. ADMINISTRAZIOAK BERE GAIN HARTU BEHAR DU DAGOKION ARDURA ARRISKUEN PREBENTZIOAN ETA BERDINTASUN POLITIKETAN EZ BETETZEAK SUERTATZEN BADIRA. Nafarroako bi hizkuntza ofizialen PRESENTZIA ETA ERABILERA BERMATU BEHAR DA. Sindikatuen eta langileen ordezkaritzaren PARTAIDETZA BERMATUKO DA lizitazio eta esleipen prozeduretan, baita Kontratazio Publikoetako Batzordean eta Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegian ere.

Espero dugu laster hasiera emanen zaion parlamentu-tramitean, Nafarroako Parlamentuan ordezkatuak dauden alderdi politikoek Nafarroako gizartea eskatzen ari den aldaketa sozialaren egiazko zentzua aintzakotzat hartuko dutela, langileoi eragiten dizkiguten eztabaidagaiak aldatuz. Bertzela, LAB sindikatuak sustatuko eta parte hartuko du, aipatu xedea erdietsiko duen mobilizazio sindikalaren dinamikan.
 

 

 

Gure Esku Dagoren larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei

Kataluniako herriari gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Bi herri desberdin gara, bi errealitate desberdin ditugu baina baditugu batzen gaituzten gauzak ere. Bi herriok gara erabat antidemokratikoa den estatu baten parte, bi herriok gara Espainiako estatuaren errepresioaren jomuga, bi herriok gara erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu baten parte.

LABek ere Kataluniakoaren moduko burujabetza prozesu bat bultzatzen du Euskal Herrirako, hangoaren antzerakoa izango den burujabetza prozesu bat, bertako errealitateari egokitua izango dena. Duela bi aste ELArekin adierazpen bat kaleratu genuen Euskal Herrian burutu beharreko prozesuaren ezaugarriak jasotzen zituena, “Aldebakarreko burujabetza prozesu baten alde” izenburupean.

Sindikatu independentista da LAB. Urriaren 1ean bozkatu beharko bagenu, baietz bozkatuko genuke. Urriaren 1eko erreferenduma ariketa demokratikoa da. Emaitza edozein delarik ere demokrazia ariketa bezala ulertzen dugu eta herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen duen orok, Katalunian bizitzen ari den prozesuarekiko posizio argiak izan beharko lituzke. Anbiguetaterako tarterik ez dago.

Diadaren bezperan Bartzelonan egon ginen sindikatu soberanistekin batera manifestu bat onartu genuen prozesuari babesa ematen. Diadan ere egon zen LABen ordezkaritza bat. Euskal Herrian ere mobilizatu ginen egun horretan eta indarrez salatu nahi dugu Espainiako estatuak hartutako bidea, komunikabide eta hautetsien aurkako erasoekin. Errepresioarekin erantzun du estatuak eta aurrean herri antolatu eta aktibatu bat dauka. Errepresioa antzua da herri baten askatasun nahiak mugatzeko orduan. Herriak baitu hitza eta erabakia.

Kataluniako herriari elkartasuna adierazten jarraituko dugu. Jarraituko dugu mobilizazioetan eta ekimen ezberdinetan parte hartzen.

Larunbatean Gure Esku Dagok Bilbon “Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko” lemapean deitutako manifestazioan izango da LAB (17:30ean abiatuko da, La Casillatik). Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritzarekin parte hartuko du sindikatuak eta langileei ere bertaratzeko deia egiten die.
 

 

 

PP eta EAJren politikak aldatu nahi baditugu kalera irten beharko dugu gure eskubideen defentsan

Azken egunetan ozen aldarrikatzen ari da Eusko Jaurlaritza bere langileekiko daukan eskuzabaltasuna. Zenbait komunikabideren bierartez iragarri du hilabete honetan langile publikoei %1eko soldata igoera egingo zaiela. Komunikabideetan oso ongi arduratu egin dira gobernuaren eskuzabaltasuna ariketa bat bezala aurkezten. Langile publikook ordea, badakigu gauzak horrela ez direla izan. Eusko Jaurlaritzak lan harremanen atalean eskuzabaltasuna baino inposizioa eta negoziazio eza erakusten dituela, alegia.

Iragarpen honen harira LAB Sindikatuak zera adierazi nahi du:

-%1ren igoera Espainiar aurrekontuetan planteatzen den gehienezko igoera da. Euskal Autonomi Erkidegoan beraz, ez da inoiz planteatu Estatutik datorrenari aurre egitea.

-Igoera hori 2017ko urtarrilak 19an egindako Mahai Orokorreko bileran sindikatuoi komunikatu zitzaigun. Hortik aurrera ez dugu inolako negoziazio saiorik egiteko aukerarik izan.

-Sindikatuok ez genuen igoera hori onartu, langile publikoen eros ahalmenaren galeran sakontzen jarraitzen duelako.

-Igoera hori 2017ko Aurrekontuetan jasota dago eta orain egitea erabaki dute.

Argi eta garbi esan behar dugu beraz, soldata igoera hori euskal langile publikoen eskubide galeran beste mugarri bat izango dela. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren jarrera zuritzailea salatu behar dugu, komunikabideen bitartez eman nahi duen eskuzabaltasun irudia itxurakeria besterik ez delako. Beraien jarrera Alderdi Popularrari segidismoa egitea besterik ez da, eta horretarako negoziazio eza eta inposaketa erabiltzen ditu.

Nahiko balu, badauka Eusko Jaurlaritzak Alderdi Popularraren agenda alboratzeko asmoa. Horretarako bertako sindikatuekin murrizketak atzean utzi, eros ahalmena berreskuratu eta behin-behinekotasunarekin bukatzeko negoziazio prozesu bat abiatzea derrigorrezkoa da. Itxurakeriak utzi eta Mahai Orokorra lehen bai lehen deitu dezan eskatzen diogu gobernuari. Ez dugu berriro ere urteroko antzerkia onartuko, estatutik sukaldatutako negoziazio hain zuzen.

Bitartean mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen. PP eta PNVren politikak aldatu nahi baditugu kalera irten beharko gara gure eskubideen defentsan.
 

 

 

Euskal Herriko Unibertsitatean oro ez dela urre salatu dugu

0

Egun hauetan Urkullu Lehendakariari entzun diogu Goi mailako Irakaskuntzak eta Ikerkuntzak bikaintasunerantz jarraitu behar duten ahaleginean bidelagun izan nahi duela Eusko Jaurlaritzak. UPV/EHU bide horretan ari da ere. Denek bolo-bolo erabiltzen dituzten hitzak dira “bikaintasuna”, “kalitatea”, “lehiakortasuna”, “rankingak”, “emaitza hobeak”, “prestigioa”, “kontratazioen malgutasuna”, “finantziazio pribatuari aukerak zabaltzea”… Dudarik ez dago. Goi mailako irakaskuntza eta ikerkuntza ezinbesteko tresnak dira euskal jendartearen egungo eta etorkizuneko bizitza-kalitatea bermatzeko. Hori guztia baina, ez da doakoa, ezta langileon eskubideen lepora bermatu daitekeen ‘miraria’. Esfortzu hori ez dute makinek egiten, euskal unibertsitate publikoaren langileok baizik: irakasleek, ikerlariek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek. Baina gutaz ez dute gehiegi hitz egiten gure agintari politikoek, ezta, zoritxarrez, UPV/EHUkoek beraiek ere. Eta gutariko askoren lan egoera ez da bikaina, askok kontrakoa uste badute ere.

UPV/EHUn partzialtasuna eta behin behinekotasuna betikotze joera hartzen ari da lanpostu gehiegitan, eta egoera horietan dauden irakasle, ikertzaile eta langileen lan baldintzak eta soldatak ezer gutxi dute bikaintasunetik, kalitatetik edo duintasunetik. Hona hemen zenbait adibide:

IRI alorrean:
Irakasleen artean, 200 pertsonatik gorako “itxaron zerrenda” dago, eskakizun guztiak bete ondoren, plaza finkoa ateratzeko zain urteak daramazkienak; 1.150 behin behineko ikertzaile inguruk ez dute batere argi zein izango den euren etorkizun hurbila; irakaskuntzako jarduera erdiko kontratua duten irakasleen soldata gordina 492 €-koa da (jardun osoko soldataren %22a); eta unibertsitateko irakasle askoren urteko oinarrizko soldata, ertainetako irakasleena baino 6.000 € baxuagoa da.

AZP alorrean:
Administrazio eta Zerbitzuetako langileen egoera ez da askok uste bezain ona: langile mota hauen arteko behin- behinekotasun tasa gure inguruko administrazio publikoetan parekorik ez duten kopuru lotsagarrietan dago: funtzionarioen artean %53,4koa da, eta %85,2 laboralen artean! Osotara, AZPko langile guztien %61,2 behin behinean ari dira. Horien artean badaude 6, 9, 12 eta 15 urte baino gehiago kontratuz kontratu ibili direnak, Europako arauek eta epaiek dioten guztiaren gainetik pasatuz. Gainera, behin betikoek dituzten zenbait eskubide ukatu egiten zaizkie behin behineko askori.

Orokorrean:
2010etik aurrera soldata jaitsierak pairatu ditugu: %5 batez beste jaitsi ziguten hasieran; 2012an kendu ziguten ezohiko paga, inguruko administrazioan itzulia izan bada ere, gurean ez digute oraindik %25a itzuli; gure lansariaren % 3 suposatzen zuen Itzarriri egiten zitzaion ekarpena ezabatu zuten, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko neurriak bultzatu ordez – inguruko administrazioetan egin bezala- %1 igoko digute soldata…

Aurrekoaz gain, Eusko Jaurlaritzak EHUrekin hitzartutako konpromisoak ez ditu bete, aurreko Unibertsitate Planean zein oraingoan ezarritako diru-ekarpenak urterik urte murriztuz joan dira eta. Honek irakaskuntzaren kalitatea gutxitzea (praktiketarako eta bestelako ekimenetarako dirurik eza…), ikerkuntzarako baliabideak urritzea eta azpiegituretan (noizko
Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria?) eta eraikinetan egin beharreko inbertsioetarako edota eraikinen mantentze- lanetarako diru eskasia nabarmena eraginez.

Honengatik guztiagatik diogu ez dela nahikoa finantziazio publikoaren %5eko igoera, errektore andreak lehendakariari eskatzen diona, UPV/EHUk 2010ean jasotzen zuen finantziazio mailaren azpitik utziko lukeena; prekarietateari eta behin- behinekotasun tasa izugarriei aurre egiteko neurriak hartu behar direla ahalik eta azkarren (egonkortasun akordio berriak adostuz eta birjartze tasak albo batera utzita ganorazko Lan Eskaintza Publikoak ahalbidetuz IRI eta AZP alorretan, besteak beste); eros-ahalmena berreskuratzeko edota kolektibo batzuen soldata iraingarriak duintzeko KPIren gainetiko igoerak egin behar direla (ezohiko paga osoa itzuliz 2017an, Itzarriri ekarpenak berriro eginez, osagarrien auzia konponduz eta beren deialdiak normalizatuz, bosturtekoak eta seiurtekoak ordainduz behin-behineko IRIei, Lan Postuen Balorazioa burutuz AZP- koenean…), lan baldintza duinak kolektibo guztietara zabalduz eta UPV/EHUk dituen behar ezberdinei ganoraz heltzeko (irakaskuntzan, ikerkuntzan, transferentzian, inbertsioetan, euskalduntzean eta, nola ez, bere langileekiko konpromisoetan), finantziazio publikoa, egonkorra izateaz gain, igo egin behar dela, Europako batez bestekoetara hurbiltzen joan gaitezen, orain arteko Eusko Jaurlaritzaren kontrako norabideari buelta emanez.

Honek guztiak, ez besterik, berma baitezake benetan bikaintasun eta kalitateranzko urrats sendoak eman ditzala UPV/EHUk esparru guztietan eta, ondorioz, Euskal Herriari eta bere jendarteari merezi eta behar duen ekarpena egin diezaiola. Guk argi adierazi nahi diegu Nekane Balluerka Errektore andreari eta Iñigo Urkullu Lehendakariari zer nahi dugun: Egonkortasuna orain, soldata eta lan-baldintza duinak guztiontzat eta UPV/EHUren finantziazio publikoa igotzea.
 

 

 

Kataluniako alkateen aurkako jazarpena eta CUPeko militanteen aurkako mehatxuak salatu ditugu

0

Kataluniako erreferenduma babesten duten alkateen aurka Estatuko Fiskal Nagusiak martxan jarri duen jazarpena salatzen dugu; hala nola, epailearen aurrean deklaratzeari uko eginez gero berauek atxilotzeko emandako agindua ere. Aldi berean herriaren gehiengoak adierazitako askatasun egarria gauzatzeagatik mehatxatuak diren pertsona guztiei gure elkartasunik beroena bidaltzen diegu.

Valentzian CUPeko militanteen aurka agerturiko mehatxu faxisten aurrean gure gaitzespen guztia adierazten dugu, eta mehatxaturiko pertsonei gure elkartasun guztia bidaltzen diegu.

Espainiar Estatuko Gobernuari Kataluniako herriaren gehiengoak bere etorkizun politikoa erabakitzeko adierazitako nahiaren aurkako makinaria errepresibo hau geldiaraztea exijitzen diogu.

LAB Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidearen alde gauden sindikatuok 2017ko irailaren 10ean harturiko konpromisoetan berresten da. Herrialde Katalanetako herri langileak beti izanen du LABen lagun bat Independentzia eta Sozialismoa eraikitzeko bidean.

Bukatzeko idatzi hau aprobetxatzen dugu Euskal Herriko langilegoari dei egiten diogu erabakitzeko eskubideari eta Katalunian urriaren 1ean eginen den erreferendumari babesa emateko.
 

 

 

Irailaren 17rako martxarako deia egiten dugu, CELerako konponbidea eskatzeko eta Enkarterri bizirik behar dugulako

0

Herri edota eskualde baten bizi-mailaren adierazgarriak haren ekonomia garapenean datza, eta hura bereziki baldintzatzen du haren industria garapenak. Enkarterrietan ez dago ez bata, ez bestea. Eskualdeko egoerari buruzko analisia egingo bagenu, ikus genezake Enkarterrian geratzen den enpresa handi bakarra CEL dela. Hura, hala ere, ixteko arriskuan dago erakundeen konfiantza izan zutenek egin kudeaketa txarragatik eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Bizkaiko Aldundiak nagikeriaz jardun eta baztertu zutelako.

CELez gain, enpresa txiki batzuk besterik ez dira geratzen (Mondi, Glefaran eta beste gutxi batzuk). Bertako altzairugintza, etengabeko gainbeheran dabilena, ezin daiteke Enkarterriko ekonomia-garapenaren eusletzat har.

Hirugarren sektorea ez dago hobeto: nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak testigantzako izaera hutsa dute, gure eskualdeak dituen gaitasun eta baliabideekin alderatuta. Eta azkenik, zerbitzuen sektorea, izugarri prekarizatua dago, eta neurri handi batez aurreko biren garapenaren menpekoa denez, haren etorkizuna zalantzagarria da, eta aukera urriak ditu. Egoera honen arduradun argiak daude. Enkarterrietarako aisian eta atsedenaldian oinarritzen den etorkizuna aspaldi diseinatu zuten horiek. Hauen planetan ez da sartzen industria jarduera, eta ez sartzeaz gain, 2009/10erako Enkarterria Lurraldeplan Partzialean egin proposamenetan eskualdeko enpresak urruntzeko, ezkutatzeko edota ezabatzeko beharra agertzen zen. Haien planen arabera, Enkarterri atseden leku bihurtu nahi dute, kapitalekoek lo egin dezaten, bigarren egoitza izan dezaten, aisia-leku izan dadin (golf zelaiak barne).

Enpresa handi guztiak desagertu badira ere (Mure, Reckitt, Pastguren,…), EAJk gobernatzen dituen erakundeak ukatu dira egoera hau irauliko duen eta Enkarterriko herritarrei lan etorkizuna bermatuko dien berrindustrializatzeko plana lantzera eta gauzatzera.

Gauzak honela, eskualdeko biztanleoi uzten diguten aukera bakarra, bizitza duina bermatuko digun lanpostua bilatu nahian lan bila emigratzean datza. Eta hortaz, epe motzean, bizilekuz aldatzera ere behartuko gaituzte, gazteek ahalik eta gertuen dagoen herria aukeratuko dutelako lanpostura iristeko. Horrela, egoera aldatu ezean, industria-basamortua jasan behar izateaz gain, etorkizunak, ziuraski, Enkarterriko despopulatze progresiboa ekarriko digu.

LABek Enkarterriko herritar oro animatzen du planifikatu diguten etorkizun horren aurrean etsipenean eror ez gaitezen, lan-etorkizuna bermatuko digun berrindustrializatzeko plana eska dezazuen, non baldintza duinak beteko diren gure ingurunean, ez gaitzaten behartu lanpostua bilatzera handik urruti, ez eta erabateko prekarietatean bizitzera, dagoen lan eskaintza mugatua delako.

Hau guztia eskatzeko eta lehen urrats moduan, alegia, CEL taldearen geroa bermatuko duen irtenbidea bilatze aldera eta hari eutsi diezaiogun, dei egiten diegu langile eta herritarrei irailaren 17an egingo den ibilaldi-manifestazioan parte hartzera. 11:00etan abiatuko da, Zallatik Gueñesera, CEL taldea osatzen duten enpresa batzordeek egin deialdiarekin bat eginez.
 

 

 

Premiazkoa da AHTren lanen gaineko auditoria egitea

0

ELA eta LAB sindikatuok otsailean egin genuen publiko EHUko Ekopoli, Ekonomika Ekologiko eta Etakologia Politikorako Ikerketa Taldeari eskatutako txostena, AHTren bideragarritasunaren inguruan. Mundu akademikora gerturatu ginen AHTren inguruko eztabaida hauspotu asmoz. Txosten horren ondorioa argia izan zen: AHTren lanetako gastuek kalte izugarria ekarri digute eta aurrerantzean ere egiten jarraituko digute langileoi eta euskal herritarroi orohar, eta ez ekonomikoki bakarrik, bai sozialki eta baita ingurumenari dagokionez ere.

Txostena jendaurrean aurkeztu eta jarraian, Eusko Legebiltzarreko talde guztiei helarazi genien erakundeetan erabaki berriak har zitezen, aurrekaririk ez zeukan azterketa zeukatelako eskuetan.

Txosten hori landu eta publiko egin dugun hilabete horietan, prebarikaziorik kontratazio iruzurrik, fondo publikoen erabilera bidegaberik eta dokumentu ofizialak faltsutzerik izan den ikertzen aritu dira Ertzaintza eta Guardia Zibila. Komunikabide batek publiko egin duen informazio honek gainkostuen arrazoia argituko luke. Frogen artean, bost ordutako elkarrizketen grabaketak ageri dira. Horietan, gainkosteetako irregulartasunez gain, komisioak eta eroskeria ere ageri dira adjudikazioak emateagatik. Euskal jendarteari azalpenak eman beharko dizkiete AHTaren bultzatzaileek, epaitegietatik libratzen badira ere.

Gure aldarrikapenek pisu gehiago hartzen dute horrelako ustezko gertakarien aurrean. AHTaren lanen gaineko auditoria egitea premiazkoa dela deritzogu. Auditoria horrek gure ustez, egoera finantzieroa, ingurumenari dagokiona eta soziala jaso behar ditu. Lan hori egin bitartean, obrak gelditu behar dira, eta ezin daiteke euro bakarra ere lan horietara bideratu aurrekontu publikoetatik. Era berean, ikerketa horrekin jarraitzea exijitzen dugu modu garden batez. Kasua artxibatzea ez zaigu inola ere onargarria iruditzen. Ustez desbideratu diren diru kopuru horiek, urgentziaz behar ditugu herritarrok zerbitzu sozialetarako, osasungintzarako eta hezkuntzarako.
 

 

 

Irizpide gardenak exijitzen ditugu Mercedeseko kontratu mugagabeetan

0

MERCEDES BENZeko Zuzendaritzak eta UGT, CCOO, EKINTZA eta PIM sail sindikalek atzo sinatutako kontratazio mugagabearen inguruko akordioaren aurrean, LAB sindikatuak 600 kontratu mugagabe horiek egiteko irizpide gardenak aplikatzea eskatzen du. Akordioaren aurretik, sindikatu ez-sinatzaileek (LAB, ELA eta ESK) behin eta berriro salatu dugu Lan Ikuskaritzan behin-behineko kontratazioan egondako iruzurra.

Lehenik eta behin, gure erabateko harridura adierazi nahi dugu zenbait sindikatu sinatzailek akordioaren berri emateko mezuetan afiliatuei kurrikulumak eskatu dizkietelako. Ohiko susmoa egon da aspalditik MERCEDESen: enpresak zenbait sail sindikal “saritzen” dituela, hauek murrizketak eta lan baldintzetan atzerapenak onartzearen truke. Hori dela eta, gure kezka agertu nahi dugu, ea akordio honen atzean UGT, CCOO, EKINTZA eta PIMi emandako sari bat egon daitekeen, azken hitzarmenean lan baldintzak kaskartzea onartu dutelako. Besteak beste, kontratazio berrien diskriminazioa eta prekarietatea handitu eta malgutasuna areagotu zituztelako.

Gainera, ezin dugu ahaztu akordioa langileen ordezkaritzatik kanpo dagoen gune batean gauzatu dela, hain zuzen ere Batzorde batean non Hitzarmena sinatu ez genuen sindikatuok baztertuta baikaude. Beraz, obskurantismoa erabatekoa izan da, langileentzako ezezik, beraien ordezkarientzako ere.

Gauzak horrela, LABek exijitzen du kontratu ebentualak mugagabe bihurtzeko irizpideak publikoak, objektiboak, gardenak, komitearentzat egiaztagarriak izatea eta plantilak ezagutzea. Aurreikusitako produzkioa handitzearen ondorioz, langileak kontratatatzeko irizpide berdinak aplikatzea ere planteatzen dugu. Horixe da, gure ustez, MERCEDESen gardentasuna bermatzeko modurik eraginkorrena, baita diskriminazio eta faboritismoaren susmoa uxatzeko ere.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu Lan Ikuskaritzak duela hilabete batzuk MERCEDES BENZi 550 kontratu mugagabe eginarazi zizkiola, plantila estruktural barruan zeudelakoan. Era berean, sindikatu “ez-sinatzaileok” (LAB, ELA eta ESK) behin eta berriro salatu dugu behin-behineko kontratazio masiboan egondako iruzurra, gaur egun ehunka ebentualek lanpostu estrukturaletan daudelako eta hauetako asko kaleratzen ari dira, kontratatutako beste langile ebentualek berain lanpostu bera betetzeb dutelarik. Beraz, gure susmoa da MERCEDESek akordio honen bidez Lan Ikuskaritzaren ebazpen gehiago ekidin nahi izan duela, ebentualen egoera tamalgarria baita.
 

 

 

Portugaleteko manifestazioarekin egin dugu bat

‘Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera’ lelopean, manifestazio bat antolatu du Kalera Kalera dinamikak irailaren 17rako Portugaleten, estropadak direla eta. Ezker abertzalearen dinamikak euskal presoen auziarentzat behin betiko irtenbidea aldarrikatu nahi du manifestazioaren bitartez.

Mobilizazioa 13:30ean abiatuko da, Portugaleteko Solar plazatik. Joan den igandean presoen alde atera ziren kalera herritarrak, Donostian kasu honetan, Kontxako bigarren jardunaldian egin ohi duten manifestazioa dela eta.