2026-06-21
Blog Page 923

Salatu dugu CENek lan arriskuei buruzko akordioari betoa jarri diola, enpresek prestakuntza-plana bete beharra saihesteko

0
LABek eta ELAk eskatzen diogu Nafarroak Gobernuari aipatu lanbide arteko akordioaren izenpea susta dezala aktiboki, eta 2018.rako haren diru-laguntzen politika berrazter dezala, non haien bidez, CENek, 2016 eta 2017. urteetan, eskuratu izan dituelako milioi erdi euro baino gehiago Laneko Arriskuak Prebenitzeko Proiektuei eman zaizkien laguntza publikoen kontzeptuan.

Urte hasieran eta LABek eta ELAk 2017-2020 urteetarako egin zen Lan Osasunaren Egintza Planari egin ekarpenen harira, Nafarroako Gobernuak proposatu zien Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluan diren erakunde patronalei eta sindikatuei Lan Arriskuen Prebentzio-Ordezkarientzat Prestakuntza Egitasmoa onar zedila.

Lehen uneaz geroztik, Prestakuntza Plana betetzen zela berma zedin, helburua Lanbide arteko Akordioa lotzea izan da, EAEkoaren antzekoa, zeina duela 20 urte indarrean dagoen. Haren bidez, besteak beste, ordezkarientzat sorospen eta ordu-kreditua eskuragarri izateko bermeak dituen eta haren betearazpenean administrazioa kontrolatzen duen Prestakuntza Plana ezartzen da.

Gogoan izan behar da aipatu prestakuntza eta hark eragin kostua enpresen lege-betebeharrak izanik, Nafarroan ez direla osoki betetzen. CEN patronalak bere burua ezgaitzat jotzen du enpresak alor honetan loteslea den itun batean nahasteko, baina era berean, haren ordezkapenaz baliatzen da (ematen zaion arren, ez da inoiz egiaztatu, sindikatuena bai ordea) prestakuntza planari betoa jartzeko.

Nafarroan, langileen osasunari egin kalteak gaitz enkistatuak dira; honez gain, gaur egun ezbehar-kopurua handitzen eta handitzen ari da. Honek eskatzen digu prebentzio politikak berraztertu behar direla, eta erabili beharreko neurrien artean, zeregina eta parte-hartzea sustatzeaz gain, funtsezkoa suertatuko zaigu Prebentzio ordezkariak trebatzea eta gaitzea.

Horrengatik, LABek eta ELAk salatzen dugu CENek adierazi duen ukoa lanbide arteko akordio sinatzeko, urtean zehar, lan istripuen eraginez dozenaka hildako baino gehiago suertatzen direnean eta Nafarroan, ezbehar-kopuruen tasa guztiak, lanbide gaixotasunek eragindakoak aintzat hartu gabe, handitzen ari direnean.
 

 

 

Kataluniari buruzko hitzaldi bat egingo dugu bihar, Beasainen

0

Erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala izango ditu ardatz bihar, irailak 26, egingo dugun hitzaldiak. Beasaingo Igartzan izango da, 18:30ean, IAC sindikatuko Edu Lucas eta Intersindical-CSCko Eduard Suarezen eskutik. Hitzaldia eta gero, 20:00etan, elkarretaratze bat egingo dugu Kataluniako prozesuaren alde.
 

 

 

Exijitzen dugu azpikontratatutako langileak ere alderdi inplikatutzat aitortuak izatea eta mahai negoziatzaileetan parte hartu ahal izatea La Navalen

0

La Navaleko egoeran jazo den azken gertakariaren harira, LABek adierazi nahi du armadoreak egin duen lapurreta-saiakerari oso larria deritzagula, hala ere, honekin egiten ari den erabilerari sentsazionalista hutsa deritzagu, ez direlako azpimarratzen langileek jasan behar izan dituzten ondorio zuzenak eta berehalakoak, azpikontratatukoen zein La Navaleko langileen artean. Itsasontzia eraikitzeko lanetan ziharduten 300 bat langileak ezin daitezke itzuli euren lanpostuetara, eta ez dakite noiz itzuli ahal izango diren ere. Langile hauetako gehien-gehienak ontziolatik kanpo daude, eta hauetako gehienak kaleratu egingo dituzte. Enpresa horietako batzuk ixteko ere arriskua dago.

LABen ustez, itsasontzigintza bezalako industria estrategikoari eutsi beharraz mintzatzen garenean, onartezina da azpikontratatzen diren langileen esplotazioan oinarrituz egitea. Horrengatik eskatzen dugu erakundeek eta eragindako gainontzekoek alderdi inplikatutzat har ditzatela, eta La Navaleko gatazka konpontzenko martxan jar daitezkeen negoziazio mahaietan parte hartu ahal izatea. La Navalek 2.000 langileri ematen dio lana zuzenean, azpikontrata eta kontrata bidez. Hauetako inor ezin daiteke baztertu irtenbidetik.
 

 

 

Asteasuko Siemens-Gamesan greba egingo dugu bajan egoteagatik langile bat kaleratzearen aurka

0
Asteasun Siemens-Gamesek duen lantegian greba egingo dute langileek bajan egoteagatik egindako kaleratze baten kontra, LABek eta ELAk deituta. Udan izan zen kaleratzea. Greba irailaren 24an hasiko da, igande honetan, eta urriaren 1era arte luzatuko da.

Joan den irailaren 14an LAB eta ELAk osatutako enpresa-batzrodeak asanblada egin zuen kaleratutako langilea berriro lanera bueltatzeko helburuarekin mobilizazioak proposatzeko. Asanbladak irailaren 24tik urriaren 1era greba egitea erabaki zuen.

Batzordearen iritziz onartezina da enpresak modu arbitrarioan langileak kaleratzea eta garrantzitsua da mobilizatzea, ez soilik kaleratze zehatz honen aurka, baita lantegiko enplegua bermatzeko helburuarekin ere.
 

 

 

Irailaren 28rako mobilizazioak deitu ditugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniari babesa emateko

0

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuok urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesten dugu, eta bere emaitzak onartzeko konpromisoa adierazten dugu. Demokrazia eta herrien autodeterminazio eskubidea da urriaren 1 honetan jokoan dagoena. Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu elkartasunetik eta klase aliantzatik, Kataluniako prozesuaren aurrean konpromisoa hartuz eta honen parte aktibo izanez.

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin dugu gaur, Bilbon, Kataluniaren erreferendumaren aldeko mobilizazioen berri emateko. Irailaren 28an irtengo gara kalera, eta hauek dira hitzorduak:

BILBO. Moyua plazan.11:00
DONOSTIA. Alderdi Eder, 11:00
GASTEIZ. Gobernuko Azpiordezkaritzan. 12:00
IRUÑA. Gobernuko Ordezkaritzan.12:00

Lehenik eta behin, konbentzituta gaude mobilizazioari eta herri aktibazioari esker bakarrik lortu daitekeela urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea. Bigarrenik, ulertzen dugu Kataluniak irekitako bideak beste ate bat ireki dezakeela Espainiar estatuko gainontzeko nazio eta herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte demokratiko eta justuagoa lortzeko.

Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, Kataluniako gizartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.

Horregatik, Espainiako Gobernua komunikabideen, alkateen, Generalitatearen eta oro har Kataluniako herriaren kontra gauzatzen ari den eraso antidemokratikoa irmoki salatzen dugu. Sistema demokratiko batekin baino frankismoaren garaiarekin zerikusi handiagoa duen salbuespen egoera ezarri du PPk, PSOE eta Ciudadanosen laguntzarekin.

Era berean, deitoratzen ditugu bi jarrera: alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonda ere, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioek PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako.

Gainera, PPrekin lortutako akordioek, antisozialak izateaz gain, autogobernua mugatzen dute. Euskal gizartean kontrapisu eraginkorrik behar du, bestela propaganda ofizialak bidea irekita dauka Kataluniarekiko ustezko elkartasuna eta PPrekin akordioak aldi berean defendatzeko. Bestela, jarrera tinkoagoa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, demokraziaren aldeko prozesuaren kontrako errepresio bortitza ikusita, inork ezin duelako beste aldera begira egon.

Beraz, agiri hau sinatzen dugunok mobilizatu eta erreferendumaren defentsaren parte aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, betiere, urriaren 1 honetan herri katalanak botoa ematera joateko aukera eduki dezan modu libre eta demokratikoan. Gauzak horrela, Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, irailaren 28an.

Aranburu: "Atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu"
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitz hartu du agerraldian. "Tinkotasunez salatu nahi dugu aste honetan Espainiako Gobernuak emandako jauzi errepresiboa. Generalitateko 14 goi-karguren atxiloketa eta miaketekin koska bat estutu dute bide errepresiboa. Lehenik eta behin, atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu", nabarmendu du Aranburuk.

Erreferendumari baldintzarik gabeko babesa adierazten diogula adierazi du: "Espainiako estatuak erakutsi du ez dela posible adostutako bidea egitea, ez duela herri langileen erabakitzeko eskubidea bermatzen. Kataluniako herriak zilegitasun osoa du erreferenduma deitzeko".

Euskal Herrian ere gauza asko jokoan daudela aipatu du: "Bi errealitate ezberdin bizi dituzten bi herri gara. Baina bi herriok nahi dugu erabakitzeko eskubidea egikaritu, aipatu eskubidea egikaritzea eragozten duen Estatu guztiz antidemokratiko baten barruan. Katalunia 78ko erregimena zalantzan jartzen ari da eta Euskal Herria bigarren fronte bat irekitzeko gai izan behar gara. Antzerako burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan Euskal Herrian. Erakitzeko eskubidearen alde dago gehiengoa".

EAJrentzat hitzak ere izan ditu idazkari nagusiak: "Ez du ematen hau denik EAJren gobernuaren bidea. Atzo bertan entzun genuen Urkullu berriro aldebikotasunaz hitz egiten. Erabakitzeko eskubidea errespetatuko ez deula erakusten ari den estatu bati aldebikotasuna eskatzea herri honetan burujabetza-prozesuaren aldeko apustua egiten ez dela esateko izkutuko modua da, jendarteak dituen burujabetza nahiak lokartarazteko modua".
 

 

 

David Rincon eta Hanburgoko G20ko bileran kartzeleratuak askatzearen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

0
Uztaila hasieran, G20ak goi bilkura egin zuen Hanburgon (Alemania). Bertan, munduko langileon eta oro har, munduko herritarron kontrako politikak diseinatu eta adostu zituzten; horrela, berriro ere, gutxiengo batek gehiengoaren etorkizunaren gain erabakitzeko oinarriak jarri zituzten.

Bilkura hori salatzeko asmotan, protesta ugari gauzatu ziren Hanburgon. Protesta horietako batean, David Rincon bilbotarra atxilotu zuten; egun, oraindik atxilotuta jarraitzen du, dagoeneko 2 hilabete baino gehiago eman dituelarik espetxe barruan. Irailaren 25ean bere kontrako epaiketa gauzatuko da, muntai polizial eta judizial honen azken kapitulua hain zuzen ere.

Zentzu horretan, LABetik David eta beste guztiak askatzeko exijitzen dugu eta irailaren 22an 19,30etan Arriagatik irtengo den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Gainera, kapitalismoak eta heteropatriarkatuak eragiten dituzten politiken kontrako borrokan berresten gara eta beste mundu bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu.
 

 

 

Zerbitzu publikoetako delegatuak, Catalunyarekin bat

0

Catalunyako erreferendumaren aldeko alea jarri nahi izan dugu zerbitzu publikoetako LABeko delegatuek. Hala, elkarretaratzeak egin genituen atzo egin genituen delegatuen batzarrak zirela eta; Lasarten, Irakaskuntzako Nazio Komitea egin zela aprobetxatuta; Lakuan, ELArekin batera, Adiministrazio orokorreko batzarra zela eta; eta Altsasun, udal eta foru administrazioetako delegatuen batzarraren ondoren.


 

 

 

“Etsigarritzat” jo dugu Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk “etsigarritzat” jo du Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko plenoan egindako irekiera agerraldia, Gasteizko Legebiltzarrean. Kataluniako egoeraren aipamena egiten hasi du bere hitzartzea lehendakariak, baina esandakoak “ez gaitu batere ase”, Katalunian bizi den egoera oso larria baita, “eta bestelako erantzun bat behar du bere aldetik; argi eta ozen esatea PPren Gobernuarekin apurtzen duela, hain zuzen ere”, adierazi du Aranburuk.

Katalunian atzo beste urrats bat eman zuen Espainiako Gobernuak bere bide errepresiboan. Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela berarekin bide adostu bat egitea, Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela erabakitzeko eskubidea adostasunaren bidetik eraikitzea, eta PPren Gobernu hori sostengatzen egotea, erabat antidemokratikoa eta erabat korruptoa denean, zentzugabekeria handi bat da”.

Errealitatetik oso urrun
Bestalde, LABetik ere baloratu dugu lehendakariak egindako agerraldi orokorra. Zentzu honetan, sindikatuarentzat Urkulluren diskurtsoa hutsa, konformista eta euskal gizarteak bizi duen errealitatetik gero eta urrutiago dago. Estatutua ez da bete, baina, are eta gehiago, Konstituzioaren eta oinarrizko legeen erreformekin eskumenak txikitu dituzte arlo guztietan, aldebakartasunetik gainera, EAJren bazkide PSE edo PPren eskutik.

Zintzilik dauden eskumenei buruzko 1993ko Zubia txostena 2017an berreskuratzeak garbi uzten du aldebikotasunaren estrategiaren porrota, estrategia horrek behin eta berriz talka egiten baitu Espainiako totalitarismoarekin. Gertatzen ari denarekin, lotsagarria iruditzen zaigu lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa eskatzea arazo politikoak konpontzeko, Estatua autodeterminazio eskubidea erasotzen ari denean.

Lehendakariak, gaur, Estatu konfederal baten proposamena mahai gaineratu du, baina proposamen hori kezko hesi bat besterik ez da, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubideari buruzko konpromiso argirik ez hartzeko. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko aukera era mugagabean atzeratzen du, euskal gizarteak bere oinarrizko eskubide sozial, politiko eta ekonomikoak bermatuko lituzkeen erakundeei buruz erabakitzeko aukera, alegia. Lehendakaria bere inguruan dabil bueltaka, norabide bat duenaren itsura emateko. Lehendakariak berak daki berak babestutako euskal bideak ez duela inora eramaten.

Gai ekonomikoen inguruan egindako proposamenei buruz, gauza bera: ezintasun eta borondate
politiko falta handia du bere gobernuak, fiskalitate eta aurrekontu arloetan gurearen antzeko per capita errenta duten herrialdeetako BPG mailara iristeko, eta, hori dela eta, Espainiara begira jartzen da hobeto gaudela harro esateko; I+D+I esparruko hiru plan egin dituzte, berrikuntza arloan BPGren %3aren inbertsioa proposatuz, eta ez dute bete. Gero eta urrutiago gaude punta puntan dauden Alemania, Frantzia eta Txinatik. Sortzen den enplegua prekarietatean oinarrituta dago oraindik orain; gure ekoizpen sareak inbertsio fondo eta espekulatzaileei saltzen die bere burua, eta enpresen itxierak eguneroko ogi bilakatu dira; bazterketak eta prekarietateak aurrera jarraitzen dute, eta gero eta jende gehiagok, lana izan edo ez, ez du bizitza duin bat egiteko baldintzarik.
Lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen ditu negoziazio kolektiboa izoztuta duenean bere langileekin eurekin, eta euskal gehiengo sindikala baztertzen du elkarrizketa eta negoziazio esparrutik, bere gobernuaren enplegu, gizarte eta ekonomia politikei dagokienez.

Lehendakariak esandakoaren arabera, euskal preso politikoen kolektiboaren urgentziazko aldarrikapenek ere ez dute instituzioen babesik izango.

Azken finean, ohiko diskurtsoa egin du, herri honen errealitatetik urrun, eta azaletik begiratu dio Katalunia pairatzen ari den eraso totalitarioari.
 

 

 

Macron Legearen aurka irten gara kalera

Macron Legeak prekarietatea besterik ez duela ekarriko salatu dugu berriro, joan den irailaren 12an, Baionan, egin bezala. Oraingoan, sindikatuok deitutako manifestazioaren aurretik, LABek ekintza bat egin du Biriatuko ordainsarian. Autoei eta kamioiei ireki diegu bidea, eta Euskal Herria Macronen Legearen eremutik kanpo behar duela egon aldarrikatu dugu. Hendaiako Joncaux industriagunean abiatutako manifestazioarekin egin dugu bat ondoren, eta, bukaeran, Irungo Ficoban, sindikatuko ordezkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Ficoban, Frantziako hainbat herritako topagune bat antolatu dute, eta bertan egon da Frantziako Gobernuko ordezkari bat. Hori dela eta, garbi eta ozen esan diogu Parisi Euskal Herriak ez duela Macron Legerik onartuko.

Irungo Ficoba aretoaren kanpoaldean egindako agerraldian, Garbiñe Aranburuk adierazi du Macron Legeak ondorio oso larriak izango dituela lan harremanetan: "Langileak euren eskubideen defentsarako dituzten bitarteko kolektiborik gabe utzi nahi dituzte. Lege honen bidez, patronalari ahalmen gehiago ematea dute helburu".