2026-02-27
Blog Page 914

Abiadura Handiko Trenak ez duela onura sozialik ekarriko berretsi dugu

0

Abiadura Handiko Trenaren etorkizuna izan dute hizpide gaur Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak direla eta. Arratsaldean, hitzaldi bati ekin diote, eta, hizlarien artean, LABeko idazkari nagusi ohi Ainhoa Etxaide egon da. Proiektua beharrezkoa ez dela ohartarazi du sindikatuko ordezkariak. 

EKOPOLek, EHUko Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikorako Ikerketa taldeak, AHTri buruzko lan bat egin du, LABek eta ELAk eskatuta. “Euskal Y-a: irtenbide gabeko atakan” da txostenaren izenburua, eta azterketa honen ondorioei buruz hitz egin du Ainhoa Etxaidek arratsaldeko saioan, joan den otsaila hasieran txostenaren aurkezpen agerraldian nabarmendutako argudioei helduta.

Etxaideren hitzetan, "lehentasuna ezin da izan abiadura, onura soziala baizik", eta, zentzu honetan, azpiegiturak ez duela printzipio hori betetzen azpimarratu du, beharrezkoa ez delako.

Hain justu, AHTak ez dituela garraio arazoak konponduko esan du, eta, gainera, izugarrizko kalte ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoak eragingo dituela; onura sozialik, berriz, ez du ekarriko.

LAB eta ELAren ekimenez osatutako azterketa Eusko Legebiltzarrean erregistratu genuen ekaina hasieran. Hala, talde politikoen eskura utzi genuen txostena. Gaur txostenaren egileetako batzuk hartu dute hitza; Roberto Bermejok eta David Hoyosek, kasu.
 

 

 

Munduko Sindikatuen Federazioak elkartasuna adierazi digu

0
Altsasun izandako polizia jazarpenagatik elkartasuna erakutsi digu Munduko Sindikatuen Federazioak (MSF). Erakunde honek "ozen" adierazi du eskubide demokratikoak eta askatasun sindikala "ez direla negoziatzen", eta LAB sindikatuari bere lana egiten utz diezaiotela eskatu du.

MSF-k ohar bat kaleratu du Altsasun gertatutakoa salatzeko. Hain zuzen ere, sindikatuko zuzendaritzako sei kidek jazarpen poliziala pairatu zutela salatu genuen joan den astean, Guardia Zibilak Altsasun jarritako kontrol batean.
 

 

 

Iraultzen 174

IRAULTZEN 174
LABen aldizkari nazionala 174. alea 2017ko uda

 

“Perikoren borroka eredugarria izan da”

Ekainaren 24an egin zioten Periko Solabarriari omenaldia, bere heriotzaren bigarren urteurrenean, bere izena daraman elkartearen eskutik. Barakaldoko Rontegi zubian izan zen ekitaldia, bere irudia eta esaldi famatuenetako bat batzen dituen horma-irudian: “Ametsik egiten uzten ez badigute, ez diegu lorik egiten utziko”.

Ekitaldia Periko Solabarria elkartearen jardueraren aurkezpenarekin abiatu zuten. Herri desberdinetan egindako aurkezpenak, “Periko gazteekin hizketan” Ernaik bere egunean argitaratutako bere biografiaren itzulpena gaztelaniara (“Periko hablando con la juventud”) edota 1997an Solabarriaren alde egin zioten aldizkariaren berrargitalpena, zeinen 2.000 ale argitaratu dituzten eta 2 eurotara salgai jarri.

“Borrokalariei hitza ematea” izan zen aurten antolatzaileek omenaldirako finkatutako helburua. Eta horrela entzun genituen Errekaleor, Ongi Etorri Errefuxiatuak, borrokan dauden zamaketariak, presoen senideak eta beste borroka batzuetako lekukotzak.

Dantzarien agurraz gozatu eta kanturako tartea egon zen, “Txoria txori”-rekin. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere hitza hartu zuen omenaldian, “Zer esan berari buruz, erreferente bat izan dela. Perikoren borroka sindikatuko kideontzat eredugarria izan da, eta baita langilearentzat ere” nabarmenduz. “Periko ez zen inoiz borrokatik jubilatu, inoiz ez zen baztertuen aldeko borrokatik jubilatu, eta horrek eraman du egon den lekuetan hain maitatua izatera”.

Hitzartze eta maitasun keinu ugariak etorri ziren jarraian. Eta amaieran, “Internazionala”, “Eusko gudariak” eta “Santa Barbara”, meatzarien himnoa.
 

 

 

Astearteko istripu hilgarriaren ostean azaldu du Jaurlaritzak beroaren aurrean zer egin

Ekainaren 21ean jakin genuen bezperan lan istripua gertatu zela, eta horren ondorioz 45 urteko langile bat hil zela. Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko langilea zen. Enpresa honi esleitu zitzaizkion URAk bultzaturiko Mundakako itsasadarreko ezkerraldean kolektora egiteko lanak, Sukarrieta eta Lamiarango hondakin uren araztegiaren arteko tartean. Bada, elkarretaratze bat egin dugu gaur LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok, “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lemapean, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

LABeko Lan Osasun arloko kide Ibon Zubielak adierazpenak egin ditu gaurko elkarretaratzean, eta istripuaren atzean azpikontratazioa berriro dagoela nabarmendu du. "Istripu hau azpikontrata batean gertatu da, eta, are larriagoa dena, administrazio publikoaren azpikontrata batean, URA Uraren Euskal Agentziaren azpikontrata batean", zehaztu du.

Lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio salatu du: "Lan baldintza zehatzen ondorio dira. Horren adibide da 15:30ean eguzki betean lan egitea, 35 gradutik gorako tenperaturekin. Horrela, langile bat hil egin da oraingoan, bero kolpe baten ondorioz".

Zubielaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak alerta egoera ezberdinak zehaztu ditu beroarengatik, baino inongo momentutan ez du zehaztu nola egin behar den lan bero hauekin. Osalan eta Laneko ikuskaritzatik ez da ezer egin honen inguruan".

LABeko ordezkariak jakinarazi du Osalanek bere webgunean atzo jaso zuela estres termikoaren aurrean nola jokatu behar den, istripua gertatu ondoren, eta soilik gaztelaniazko bertsioan: "Horrek esan nahi du korrika eta presaka egin zutela eta itzultzera bidali, horregatik ez dago euskaraz".
 

 

 

EITBren Estilo Liburuak ez ditu asebetetzen Euskal Herriak behar dituen hedabide publikoaren irizpide komunikatiboak, edukiz eta formaz

0

Badira aste batzuk EiTBren Estilo Liburua aurkeztu zenetik. Euskal kazetaritza eta ikus-entzunean aritzen diren langileentzako oso tresna garrantzitsua behar luke. Ordu askotako lana dagoela nabari da, baina liburuaren erditze prozesuak korapilo eta argi ilun asko izan ditu.

Estilo Liburua profesional eta langile askoren eskaera historikoa izan da. Bere sorrera EiTBko Estatutuei eta Erredakzio Kontseiluen jaiotzari loturik dago. Baina ez dago soberan Estilo Liburuaren sortze prozesua Surioren garaietatik datorrela gogoratzea eta garai hartan Euskal Herriak pairatzen zuen egoeraren emaitza partziala dela. Horrela uler daitezke batez ere, Liburuko lehen kapituluak, non kazetariari posizionamendu irmo batzuk eskatzen zaizkion, bai Euskal Gatazkaren inguruan zein munduko beste edozein gatazkaren inguruan. Eta hor koka ditzakegu Surio zein Iturberen zuzendaritzak aurrera ateratzeko erakutsi zituen grina eta presak.

LABen iritziz EITBk ezarri nahi dituen irizpide komunikatiboak barne biltzen dituen Estilo Liburu honek ez du lan-tresna izaera. Zuzendaritzak zenbait alderdi edo sektore politikoen kezkak asetzeko argitalpen bat dela dirudi hainbat ataletan. EITBko Erredakzio Kontseilu ezberdinek ere formak salatu izan ditu, eztabaida serioen gainetik Zuzendaritzaren presak gailendu baitira. Horrela, ekarpen ugari ukatzeaz gain, azken orduko eta alde bakarrez ezarritako aldaketa sakonak jasotzen ditu testuak. Beraz Estilo Liburu bat baino, «Zirriborro» gisa hartu behar da baliagarritasun praktiko eskasa duen argitalpena.

Gauzak horrela, heldu zaigu liburua, eta onartzekoa da zenbait atal interesgarriak eta baliagarriak direla. Baina beste hainbat ataletan zurrun, beste batzuetan herren, eta beste zenbaitetan praktikotasuna falta du. Gure ustez, Euskal Herriko Komunikabide Publiko batek behar duen Estilo Liburutik urrun dago oraindik ere. Hola nola, Euskal Herriko aniztasuna onartzen den arren, oreka horretan bizkarra ematen zaio gizarte honetan bizi den gehiengoaren nazio sentsibilitateari: nazio komunikabide bat baino, komunikabide autonomikoaren papera garatzen duela dirudi. Hizkuntza Tratamenduaren gaian ere euskararen aldeko benetako apustu sendo bat falta dela deritzogu, zeren eta berriz ere, orekaren aitzakia hartuz, EiTBren existentzia zilegitzen eta zutabe behar lukeen gure hizkuntza, gaztelaniaren plano berberean geratzen den. Non eta egoera diglosiko batean.

Genero ikuspuntuaren atalean proposamen interesgarriak biltzen dira Estilo Liburuan, baina aipagarria da Feminismo hitza bazterturik geratu dela azken testuan. Gai honetan abangoardista behar luke Estilo Liburuak. Feminismoak klabe eta proposamen ugari uzten dizkigu egunez egun. Gure ustetan, benetako berdintasun eta emakumeen boteretzean oinarri izanbeharduEiTBk.

Estilo Liburua aldakorra eta dinamikoa izango dela azpimarratzen da eta Erredakzio Kontseiluen partaidetza eta ekarpenez aldatzen joango omen da, sortzen diren beharren arabera. LABek moldaketa eta eguneratze benetako prozesu parte-hartzaile hori lehenbailehen abia dadila exijitzen du.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ezkerreko eragileen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua”

9. Biltzar Nagusian LABen Idazkari Nagusi berria izateko aho batez hautatua izan da Garbiñe Aranburu. Etxeko lanak eginda iritsi da sindikatua Biltzar Nagusi honetara eta beste horrenbeste jarri dizkio bere buruari datozen urteei begira. Arlo politiko, sindikal eta sozialari begira lan egiteko borondatea du LABek eta guztiak izan ditu aipagai Garbiñe Aranburuk, "Iraultzen" aldizkariaren azken zenbakian egindako elkarrizketan.

LABeko idazkari nagusi berria zara, nola ikusten duzu zure burua?

Ardura eta erantzukizun handiarekin, baina era berean ilusioz betea. Hasteko, azpimarratu nahiko nuke sindikatua dagoen lekura iritsi dela aurretik beste batzuk lan asko egin dutelako. Konkretuki, pertsona batzuk aipatu nahiko nituzke, haiekin egin dudalako nire ibilbidea zuzendaritzan eta haiekin konpartitu ditudalako azken urteak eta militantzia. Lehenik, Rafa Diez aipatu nahiko nuke. LABeko Idazkari Nagusi zela sartu nintzen zuzendaritzan, 2004ean. Ez du Biltzar Nagusian parte hartzeko aukerarik izan berriro. Jabi Garnika eta Ainhoa Etxaidek egindako lana ere ez dut ahaztu nahi, Biltzar Nagusi honetan zuzendaritza ardurak utzi dituzte eta haiekin ibilbide luzea egitea tokatu zait. Aipatu ditudan lagun horiek eta beste batzuk egindako lanagatik ez balitz, sindikatua ez litzateke egongo gaur egun dagoen lekuan.

Eta sindikatua?

Sindikatua osasuntsu ikusten dut. Ordezkaritza mailan eta ordezkaritzari dagokionez hazten joan da. Momentu honetan bigarren sindikatua gara EAEn, Nafarroan ere inoiz baino ordezkaritza altuagoa dugu %15eko langa gaindituta eta Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeetan oso emaitza onak lortu ditugu. Niri egoera hau egonkortzea gustatuko litzaidake, atzera pausorik ez ematea. Bestalde, sindikatu kohesionatu bat ikusten dut. Eredu sindikala berritzeko eztabaida prozesu oso bat martxan jartzeko gai izan den sindikatua da gurea.

9. Biltzar Nagusi honetan erronka mardulak jarri dizkio LABek bere buruari. Prozesua bera ezberdina izan da parte hartzea bultzatzeari begira.

Biltzar honetan hainbat berritasun izan dira. Gure helburua ahalik eta prozesu partehartzaileena izatea zen. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi genuen. Eztabaida prozesua jarraitzeko bideak erraztu asmoz, bitarteko berriak eskaini dizkiegu militanteei. Aplikazio berezi bat martxan jarri dugu afiliazioari prozesuaren jarraipena errazteko asmoz eta Biltzar Nagusiaren inguruko informazio guztia eskura izan zezan. Horrez gain, solasaldi sorta bat ere egin dugu Biltzar Nagusiko eztabaidan landu izan ditugun gai nagusien inguruan gehiago sakontzeko. Aurtengoan zuzendaritza aukeratzeko modua ere berria izan da, hau da, azken bi Biltzar Nagusietan zerrenda itxien bidez aukeratu zen Nazio Komitea eta oraingo honetan hautagaitza alternatiboak aurkezteko aukera egon da. Uste dugu aldaketa hau modu positiboan baloratu dela.



Ponentzietan hala jasotzen zen eta hala onartu da: feminismoruntz urrats berriak emango ditu sindikatuak. Zehaztuko al zenizkiguke?

Berritasun nagusia kapitalarekin dugun gatazka birdimentsionatzea izango da. Birdimentsionatze horrek eramango gaitu feminismoan sakondu eta urrats berriak ematera. Gure burua feministatzat aldarrikatzetik praktika feministaruntz urrats berriak emateko erabakia hartu dugu Biltzar Nagusi honetan. Urrats berri horiek emateko aipatutako kapital/bizitza gatazkari erantzungo dion estrategia sozio-sindikala garatuko dugu.

Bestalde, antolakuntza mailan ere erabaki berriak etorriko dira. Alde batetik, idazkaritza feminista indartuko dugu bitarteko gehiago jarriz, eta, bestalde, eskola feminista bat martxan jartzea erabaki dugu. Eskola hau formakuntzarako gune bat izango da, sindikatuko kideak lerro feminista horretan sakontzeko aukera emango diena.

Diozun bezala, Biltzar Nagusi honetako aldaketa handietariko bat kapital/lana gatazkatik kapital/bizitza gatazkara pasatzea izan da. Zer esan nahi du horrek?

Momentu honetan kapitalismoarekin dugun talka horri dimentsio berri bat eman nahi diogu. Kapitala eta lanaren arteko talka bere horretan mantendu baino, areagotu egin da azken urteetan. Horregatik iruditzen zaigu dimentsio berri bat eman behar diogula. Hain zuzen ere, garbi dago kapitalarentzat errentak eskuratzeko eremu nagusia lan harremanetan dagoela, lan harremanak prekarizatuz, soldaten eta lan baldintzen eraispenaren bidez. Lan harremanetan ematen ari den desarautze horren bitartez kapitala aberastasuna eta boterea pilatzen ari da.

Gure iritziz, egoera aztertzerako orduan bestelako faktoreak kontutan hartu behar dira. Hala nola, kontutan izan behar dugu lanak bere osotasunean aitortu gabe jarraitzen duela. Hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketak bere horretan jarraitzen du eta horrek emakumeenganako zapalkuntza bat suposatzen du. Gainera, lan mundura sartzen garenean bigarren mailako langile gisa kontsideratuak gara eta horrek dakar prekarietate maila altuagoa pairatzea eta soldata baxuagoak izatea.

Kontuan izan behar dugu ere sektore publikoan ematen ari den pribatizazio eta merkantilizazioa, baita aplikatu diren murrizketak ere. Bestalde hainbat eskubide, etxebizitza eskubidea adibidez, garatzeko aukerarik ere ez da egon. Gainera ez dago babes sozial sistema egokirik eta inoiz behar beste garatua izan ez den ongizate estatu horretan azken urteetan murrizketak izan dira. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den diru sarrerak bermatzeko errentarekinarekin. Honekin guztiarekin batera naturaren neurrigabeko ustiapen baten aurrean gaude.
Horrek guztiak eredu hau ez dela jasangarria, ez dela bizigarria, esatera garamatza, eta, horregatik, kapitaralarekin daukagun gatazka kapitala eta bizitzaren arteko gatazka gisa ezaugarritu behar dela diogu.

Ildo honetatik iritsi da ekintza soziala garatzeko beharra?

Bai. Bizitza duinerako eskubidea jarri behar dugu erdigunean eta horrek lan munduan ematen den prekarizazio prozesuari aurre egin behar izatea dakar. Horrekin batera, argi dugu ezin dugula mugatu soldatapeko langileen lan baldintzen hobekuntzara, langile kolektibo guztiei eskaini behar dizkiegu alternatibak. Eta LAB izan behar da erreferente bat langile kolektibo horientzat guztientzat. Alde batetik, gure praktika sindikalak eta antolatzeko moldeak egokituz, eta, bestetik, bizitzaren prekarizaziori aurre egingo dion eredu alternatibo baten, bestelako eredu sozio-ekonomiko baten eraikuntzan sakonduz. Horrek ekintza sozialeko egitura garatzeko beharra eskatzen du.


Horrek guztiak antolakuntzan eragina izango du. Zein izango dira aldaketa nagusiak?

Aldaketa nagusia egitura bera sortzea eta indartzea izango da, federazioen pare jartzea ekintza sozialeko egitura hori. Federazioen pare jartzeak esan nahi du zuzendaritzatik eskualdeetaraino izango duela garapena. Bertan Karta Soziala, ekosozialismoa, politika publikoak edo pentsiodunena bezalako gaiak landuko ditugu. Horrez gain, kolektibo ezberdinekin aliantzak eraikitzeko bidea izango da. Gai hauek orain arte landu badira ere, egitura honen sorrerarekin lanketa indartzea erabaki dugu.

Eskubide Sozialen Kartaren bidez zabaldutako bidea ere erabakigarria izango da egoera sozialari aurre egiteko orduan?

Guretzat, eta ponentzian hala jasotzen dugu, tresna estrategiko bat da. Burujabetza prozesuak eratzailea izan behar du, hau da, estatugintza prozesu bat. Eta, gure ustez eraldatzailea ere izan behar du, gaur egungo eredutik eredu berrira eramango gaituen prozesu bat izan behar du eta horretarako iruditzen zaigu karta soziala bitarteko ezinbestekoa dela. Hau diogu Eskubide Sozialen Kartan gehiengo sozial eta sindikal zabal bat elkartzen garelako eta gehiengo horrek eraldaketaren aldeko apustu argi bat egiten duelako. Gainera, Karta osatzen dugun eragileok eraldaketa horretarako burujabetza beharrezkoa dela defenditzen dugu. Iruditzen zaigu, burujabetza prozesua aldarrikatzen dugunean, kartak paper garrantzitsua duela. Beraz, gure apustua Eskubide Sozialen Karta indartzea izango da.

Azken hilabeteetan ELArekiko gerturatze bat egon da. Bide honetatik jarraitzea garrantzitsua da?

Egia da azken urteetan ELArekin desberdintasun handiak izan ditugula, estrategia ezberdinak eraman ditugula aurrera. Ponentzian azaltzen genuen bezala, kapital/bizitza gatazkaren aurrean beste eredu bat eraiki behar da, eta, horretarako, estatu propio bat behar dugu, euskal errepublika. Gure ustez, burujabetza prozesu oso bati esker iritsiko gara helmugara, eta erronka horretarako aliantzak behar ditugu.

Aliantzen atalean ELA da gure aliatu nagusia. Esparru politikoan zein esparru sozial eta sindikalean elkarlanean aritzeak aukera handiak emango lituzkeela uste dugu. Patronala eta kapitalaren aurrean konfrontazioa indartu behar dugu, baita instituzioen aurrean interpelazio gaitasuna handitu ere, bestelako politika publikoak egitera behartzeko. Horrez gain, sindikalgintza abertzaleak zer esan handia du herri honek behar duen burujabetza prozesua sustatu eta ardatz sozialaren gainean garatu dadin.

ETAren armagabetzea burutu ostean, zer nolako urratsak eman beharko lirateke, zuen ustez, euskal gatazkaren konponbidean.

Zentzu horretan, Biltzar Nagusian ebazpen bat onartu dugu. Ebazpen horretan elementu desberdinak jasotzen ditugu, baina, gure ustez, momentu honetan lehentasunezkoa da preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea, hau da, larriki gaixo dauden preso guztiak baldintza gabe askatzea eta euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatzea. Beraz, datozen hilabeteetan gure indarrak horretan jarriko ditugu.

Zentzu honetan, zer lanketa aurreikusten da?

LABen datorren urteko plangintzan lerro nagusienetariko bat izango da honako hau, baina ikusi beharko da zer urrats emango ditugun. Gai honen inguruan, kurtso honetan hainbat ekimen burutu dira. Besteak beste Ireki ekimena aipatuko nuke. Datorren kurtsoari begira presoen aldeko lerroarekin lanean jarraitu behar dugula eta lantokietan presente egon behar duela argi dugu. Horrez gain, gure apustua izango da beste sindikatuak borroka honetara batzea.

Burujabetza beharra azpimarratzen du maiz sindikatuak. Zer ekarriko dio euskal langileriari?

Gaur egun bizi dugun oldarraldi neoliberalari aurre egiteko ezinbestekoa da burujabetza prozesua martxan jartzea eta, burujabetza prozesu horren bidez, Estatu batera iristea. Egunero lantoki zein kalean ikusten dugun bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko eredu ekonomiko eta sozial berri bat beharrezkoa dela diogu, baina ezinezkoa ikusten dugu aldaketa sozial hori bere osotasunean gauzatzea aldaketa politikorik gabe. Estatu egiturak behar-beharrezko ditugu herri honek eskatzen duen aldaketa eraiki nahi badugu.

Bien bitartean, gaur egungo politika publikoek beste norabide bat hartu behar dutela diogu, eskuduntza mugatuak izan arren urratsak emateko aukera baitago borondatea izanez gero. Hala ere, benetako eta sakoneko aldaketa nekez lortuko dugu erabakitzeko ahalmenik gabe. Horregatik diogu langileek egunerokoan dituzten arazoei irtenbidea topatzeko modu bakarra burujabetza prozesu hori martxan jartzea dela.

Zein da LABek langileei egiten dien eskaintza datorren kurtsoari begira?

Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinaren aldeko borroka egiteko ekintza sindikal eta soziala indartu behar dugu. Soldatapeko langileen lan baldintzen defentsatik harago, LABek lanaren aitortza osoa egin eta langile kolektibo guztientzat izan behar du eskaintza sindikala. Datorren kurtsoari begira  LABentzat langile klasea berrosatzea lehentasunezko erronka izango da. Azken batean, kapitalismoak langilegoa zatitzea lortu du, klase gisa gure indarra ahulduz. Guk argi dugu gure indarra kolektiboan dagoela, eta, beraz, gure eskaintza langile klasea osatzen duten kolektibo ezberdin horiek LABen parte sentitu eta batzea da. Helburu honekin, kolektibo ezberdinak saretzeari begira, hain zuzen ere, antolakuntza mailan erabaki berriak hartu ditugu.

Ezinbestekoa da langileen mobilizazio eta aktibazioan urrats berriak ematea, kalean eta lantokietan. Langileon kontrabotere gaitasuna handitu behar dugu, patronalaren asmoei aurre egin eta instituzioak herritarren gehiengoaren mesedetan izango diren erabaki politikoak hartzera derrigortzeko.

Ezkerreko eragile sindikal, sozial eta politikoen artean aliantzak eraikitzea da gure apustua; ardatz soziala nagusi izango duen burujabetza prozesu bat martxan jarri behar dugu.

Aliantza berriak eraikitzeko urratsak ematen ari gara, bidea egiten ari gara eta LABentzat garrantzia berezia du ELArekin eta euskal gehiengo sindikalarekin egin beharreko aliantzak. Patronalarekin dugun borrokan indar harremana askoz hobean kokatzen garelako; herri honek behar duen burujabetza prozesuari eduki soziala emateko eta langileek burujabetza prozesu horrekin bat egin dezaten.
 

 

 

XEYko langileek greba eta lanuzte berriak deitu dituzte enpleguaren defentsan

0

Azken aldian salatzen ari garen moduan, XEYko langileok gure lanpostuen bermea eta enpresaren etorkizunaren alde borrokan dihardugu. XEY hartzekodunen konkurtsoan dagoen Zumaiako enpresa da. Langileek hiru soldata dituzte kobratu gabe eta egungo zuzendaritzak ez du enpresaren egoeraren inguruko informaziorik ematen, ez eta etorkizunaren aldeko konpromisorik hartzen ere. Horregatik mobilizazioak areagotzea erabaki dugu.

Hau dela eta, bizi dugun ezjakintasun egoera salatzeaz gain, irtenbide baten alde mobilizazio planteamenduak areagotzea erabaki dugu langileok gaurko batzarrean. Ekainaren 27an, asteartea, egun osoko greba burutuko dute, 28 eta 30ean lanuzteak 8.30etatik 13etara eta uztailaren 3tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.
 

 

 

Ezinbestekoa da eztabaida sozialeko aroa lurperatu eta lan harremanetarako esparru propio baterako oinarriak jartzea

Nafarroako CCOOeko idazkari Chechu Rodriguezek adierazi du bere sindikatuak interesa duela ELA eta LAB partehartze instituzionaleko organo guztietara sar gaitezen, aurrez aurre dauden bloke sindikal bi egotea gainditzeko. Interpelazio honen harira LABek adierazi nahi du zorigaiztoko eztabaida sozialeko aroa lurperatu eta lan harremanetarako esparru propio baterako oinarriak jartzea ezinbestekoa dela.

Interpelazio horren aurrean, LABek termino hauetan erantzuten du:

1. Diskurtso aldaketa somatzen dugu CCOOen, neurri handi batean egoerak behartuta. Nafarroa aldatu da eta CCOOek bere posizionamendu eta proiekzio sozialean aldatzeko beharra ikusten du. Hala ere, diskurtso aldaketez harago, ez dugu inolako aldaketarik ikusten sindikatu honen lerro sindikal eta politikoan.

2. 60ko hamarkadatik 80koaren erdialdera arte batasun sindikala zegoen Nafarroan lan eskubideen, askatasun sindikalen eta demokrazioaren alde, Nafarroak hitza izan zezan bere etorkizun politiko eta sozialaren inguruan. Batasun hori apurtu zuena CCOO eta UGTk hartutako erabakia izan zen, Del Burgo eta Urralburuk prestatutako Foru Hobekuntza onartzeko, eta 90eko hamarkadatik aurrera “eztabaida sozialaren” klubera sartzea, Patronalarekin batera. Gaur egun, CCOOek ez du bere ibilbidearen inguruko irakurketa kritikorik egin eta indarrean daude orduko erabaki politikoak. Ez dugu somatzen inolako aldaketa estrategikorik CCOOen jarrera.

3. Desegokia iruditzen zaigu CCOOek LAB eta ELA partehartze instituzionaleko organo guztietan sartzea panazea bezala planteatzea. Diskriminazio sindikalaren amaiera, CCOOek 20 urtez babeste eta justifikatu duena, ekinaren poderioz Nafarroako aldaketaren alde apustu egin zuten herritarrek irabazi duten zerbait da. Hala ere, aurrerakuntza horrek ez ditu langile-klasearen arazoak konpontzen eta engainagarria da horrela planteatzea. Arazo nagusia da Estatu espainolean
patronalaren esku utzi dela boterea eta indar korrelazioan dagoen desberdintasun basatiari aurre egiteko ezinbestekoa da honekin konfrontatzea kontrabotere klabeetan. Azken 20 urteetako itxurazko “eztabaida sozialak” ez du Patronal aseezinaren aurpegia garbitzeko besterik balio izan. Lan erreformak baliatuz lan-baldintzak prekarizatzen ari da hau.

4. Guzti honengatik, ezinbestekoa irizten diogu zorigaiztoko eztabaida sozialeko aroa lurperatu eta lan harremanetarako esparru propio baterako oinarriak jartzea. LABek bere prestasuna erakutsi du lan honetan inplikatzeko, baina argi utzita ezin dela aro berririk eraiki zaharra itxi gabe. Ondorioz, beharrezkoa da Eztabaida Sozialarek Kontseilua indargabetzea eta langile-klasearen mesedetan egongo diren neurrien agendari ekitea, maila guztietan Patronalarekin konfrontatzea ekarriko
duena.