2026-09-06
Blog Page 907

Urondo eta Urertza ontzien salmentak 25 lanpostu suntsituko lituzkeela ohartarazi dugu Ondarroan

0

Elkarretaratze bat egin dugu Ondarroan, Urondo enpresako bi arrantza ontzi horien salmentak ekarriko lituzkeen ondorioen berri emateko. "Ondarroako portuari eta herriari buelta ezina den galera lazgarria datorkio gainera berriro", adierazi dugu.

25 arrantzaleen lanpostu zuzenen galerak, berorrek ekarriko dituen beste hainbat zeharkako lan eta aberastasun galeraz hitz egin beharrean gaude (saregileak, mantenimendukoak, deskargatzaileak, garraiolarirak, enpakatzaileak,…), hau da, lanpostu eta aberastasun zuzenaren galera sortuko du Urondo eta Urertzaren salmentak beste herrialde batetara.

Gai traumagarri honez gain, ontzien salmenta honek gure herriari eskubideak kentzea dakar. Arrantza baimenak, arrantza eskubideak saltzen ditu Urondo enpresak Galiziara, eta behin saldu ostean ezin izango ditugu berreskuratu, saldu egingo dira armadore lapurren patriketara diru mordoa joanaz, ze diru hori, arrantzatzeko eskubideak saldu osteko dirua, armadoreen patriketara doa soilik.

Zergatik eduki behar du armadore batek arrantza egiteko eskubidea bere menpe? Eskubidea unibertsala da, eskubideak eta baimenak publikoak behar dituzte izan publikotasunetik lortu baitzituzten enpresek eskubide horiek, Europar Gobernuak doan emana bere garaian, arrantzatu ahal izateko Europako uretan.

Jaurlaritzak, Gobernuek, Urkulluren Industria 4.0 Plan ospetsuak, zer egiten dute kontrol publiko hori bermatzeko? Zergatik ez dugu Euskal Herrian kontrol publikoa egiten unibertsalak eta publikoak izan beharko liratekeen eskubideak defendatzeko? Zer egingo dute guztiek lanpostu horien galeren aurrean?

Hitz asko eta ekimen gutxi lanpostuen defentsan, bermerik ez eskubide galeren aurka.

Gauza asko ditugu egiteko:

– Arrantza eskubideak eta baimenak berton mantendu orain eta gerorako.
– Langileen lanpostuak bermatu.
– Euskal Herrian ditugun arrantza eskubideak bertotik ez direla aterako/salduko ziurtatu.
– Itsasoko lan arautu, Lan Hitzarmenak arrantzaleentzat, soldatak eta nominak bermatu, lan atsedenak, oporrak, kaladeroen zaintzak, … eta abar luzea, guzti hori dago egiteko.

 

 

 

Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez duela langileontzat aldaketa handirik ekarri adierazi dugu Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta, dinamika horietan gauden eragile sozial, politiko eta sindikalok aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko ekitaldi bat egin dugu gaur, Iruñean, Labrit pilotalekuan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza bertan, besteren artean, eta salatu du Nafarroako aurrekontuak ez direla burujabeak eta ez dutela aldaketa sozialean sakontzen. Ekitaldia amaituta, manifestazio bat egin dugu Iruñeko kaleetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Nafarroan 2015ean, erregimena instituzioetatik bota eta eman zen aldaketa politikoa. Sekulako aurrera urratsa izan zen. Gehiengo sozialak aldarrikatzen dugun aldaketa sozialerako ezinbestekoa da erregimenarekin amaitzea. Asko aurreratu da demokratizazioan. Azken astean, urrutira joan gabe, beste urrats bat eman da. UPNk ezabatu zuen irakasleen Zerrenda Bakarra berreskuratu egin da. Irakasle euskaldunen diskriminazioari amaiera eman zaio. LABek lan handia egin du azken bi urteetan norabide horretan eta ospatzeko moduko albistea iruditzen zaigu. Aurreratu da, bai, demokratizazioan. Baina motz geratu da aldaketa soziala. Motz lan harremanetan eta eredu sozioekonomikoan, Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez du aldaketa handirik ekarri langileontzat".

Hain zuzen ere, aldaketa soziala motz geratuko dela esan du aurrerantzean ere aurkeztu duten aurrekontu proiektua bere horretan, hobekuntzarik gabe, aurrera ateratzen bada. Aldaketaren gobernuak bi muga nagusi izan ditu, LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera:

-Burujabetzarik eza.
-Geroa Bairen gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren mugak. Etengabe CEN patronalarekin aurrez aurre jartzea ekidin dute Ayerdi jaunaren politikek.

"Azken urteak, inboluzio urteak izan dira. Inboluzio bikoitza, soziala eta politikoa, eta beste hainbat neurriren artean konstituzioaren bi artikulutan jarri behar dugu arreta, 135.ean eta 155.ean. Biak ala biak erabaki ahalmena, burujabetza mugatzeko neurriak; inboluzio sozialaren adierazle nagusiena lehena eta inboluzio politikoaren adierazle nagusiena, bigarrena. Krisiaren ekonomikoaren aitzakiarekin, erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu zaizkigu azken urteetan. Konstituzioaren 135. artikulua era erreformatu dute, zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko eta zorpetze mugak ezartzeko. Hitz potoloak, sarri ulertzeko zailak diren kontzeptuak, hitz xaloetan esan daiteke. Nafarroak duen dirua, berak nahi duenerako ezin duela erabili esan nahi du eta politika sozialetarako diru gutxiago dagoela", azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Inboluzio politikoari dagokionez, estatua 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan dela esan du; birzentralizazioaren aldeko apustu argia, alegia. "Estatu espainiarrak erabakitzeko eskubidea ez du onartzen, ez du errespetatzen. Guk erabakitzeko eskubidea nahi dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, Nafarroako Gobernuak inboluzio eta mugapen hauen guztien barruan planteatzen du aurrekontuen eztabaida, dagoen markoan egin dezakeguna egitera mugatzen da. Nafar langileek zilegitasuna eta eskubidea dute nahi dituzten aurrekontuak eta nahi duten eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Hala, Garbiñe Aranbururen hitzetan, "ezinbestekoa iruditzen zaigu, Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua. Ezinbestekoa da markoaz hitz egitea. Ezinbestekoa da joko arauak auzitan jartzea. Zergatik ezarri behar du Madrilek Nafarroako aurrekontuen zenbatekoa? Zergatik eman behar zaio lehentasuna zorraren ordainketari? Zergatik ezin zaizkie administrazioko langileei soldatak igo, estatuak finkatutakoaren gainetik? Argi eta garbi esan beharra dago: Nafarroako autogobernua erabat mugatua dagoelako. Eta horixe da ireki beharreko eztabaida politiko eta soziala".

Hitzaurreak hitzaurre, Labriten ere bozkatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde ote dauden galderari erantzun baitiote. 

Ekitaldia eta gero, manifestazio bat egiten dute, Nafarroako Parlamentua helmuga.

 

 

 

Administrazio Auzitegira jo dute Labo-APSP elkarteko langile ohiek

Baiona, Biarritz eta Angeluko barrutiko elkarte horretako 33 langile kaleratu dituzte, eta LAB sindikatuko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur Baionan, euren egoeraren berri emateko.

Kaleratutako langileak ekonomikoki ondo zegoen elkarte baten parte ziren, bi urtean elkarteak berak legezko likidazioan bukatu duen arte. Formakuntza, elbarriei laguntza eta karrikako heziketa lantzen zuten, baina erakundeek aplikatutako murrizketek kalera eraman dituzte hezitzaileak. Legezko likidazioaren ondorioz izandako kanporatze ekonomikoak Lan Zuzendaritzak onartu ditu; hezitzaileek, orain, Administrazio Auzitegira jo dute onarpen hori bertan behera gera dadin.
 

 

 

Landa eremuko haurreskola txikien inguruan hausnarketa egin eta hauen biziraupena ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzen dugu

0
Haurreskolak Partzuergoari bideratzen zaion aurrekontua handitzeko eskatzen dugu, aukera berdintasunean oinarrituko den administraziopeko Haur hezkuntzako lehenengo ziklo duina, doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa lortzeko.

Haurreskolak Partzuergoa bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzeko jaio zen, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko, bereziki landa eremuetan.

Landa eremuko haurreskolen egoerak urtez urte okerrera egin du eta urtez urte haur-eskola hauek irekita mantentzeko irizpidea aldatu egin da, hainbat kasutan berauen biziraupena kolokan jarriz, herri txikietan ematen den hezkuntza zerbitzua ukatuz eta kasu askotan, hezkuntza zerbitzua mugatuz.

Zuzendaritza batzordeak landa eremuko haurreskola txiki hauekin zorrotz jokatzea erabaki du. Hezitzaileen jarduna 7 ordukoa izanik, 7 orduz zabalik mantenduko dira 5 haur matrikulatuta egon arte, familiei ematen zaien ordutegia mugatuz, nahiz eta 8 orduko zerbitzua ordaindu.

Azken urteetan udal batzuek ahalegin handiak egin dituzte 0-3 hezkuntzako ziklo hau eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen baldintzetan instalazio egokiak finantziatzen, eta ez daude prest, Haurreskolak Partzuergoaren erabaki honengatik, haien haurreskolak itxita ikusteko. Horretarako, kasu batzuetan Haurreskolak Partzuergoaren erabakiekin bat etorri ez, eta bereak eta bi egiten ari dira Haurreskolak zabalik mantentzeko. Txarrena da Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza, horren jakitun direla eta erabaki ausartak hartu beharrean, beste aldera begira daudela.

Azkenengo adibidea, Arteako Haurreskolan gertatu da. Bi hezitzaile zeuden premia bereziak zituen haur bat matrikulatuta zegoelako. Haurreskolak Partzuergoa, 8 orduko zerbitzua eskaintzen ari zirela konturatu denean (bi hilabete beranduago), haurreskola 7 orduko hezkuntza zerbitzua ematera derrigortu du, familia eta Udalean ezinegona sortuz. Partzuergoaren jarrera itxia ikusirik, Udaletxeak ordubeteko zaintza zerbitzua jarri behar izan du, bi ume ondoko herriko haurreskolara ez joateko eta haurreskola irekita mantentzeko.

Horrez gain, Gipuzkoan azken bi urteetan 3 haurreskola txiki itxi dira eta beste batzuen biziraupena kolokan dago. Araban ere ikasturtero kolokan dago hainbat haurreskolen biziraupena, udal ezberdinetatik Zuzendaritza Batzordeari kezka eta kexa azalduz.

Hau da Eusko Jaurlaritzak Haur hezkuntzako lehenengo zikloarekin egiten duen apustua? Aplikatzen den politika honek ez ditu haurreskola txikiak babesten, askotan familiak hurbilen dagoen herrietara joaten dira eskaintzen den hezkuntza zerbitzua 8 ordukoa delako. Horrelako egoerek kolokan jar dezake haurreskola batzuen etorkizuna eta biziraupena.
 

 

 

Galletas Artiacheko langileek lanuzteak hasi dituzte kaleratzeen kontra

0

Atzo, azaroaren 27an, hasi ziren lanuzteak, Enpresa-batzorde osoak deitutakoak UGT kenduta. Jarraipena arrakastatsua izan zen, zuzendaritzak zenbait langile presionatu arren. Lanuztea egin zuten bitartean, lantokiaren kanpokaldean kontzentrazioa egin zuten Orozkon kokatuta dagoen enpresa honetako langileek. Hurrengo lanuztea biharko dago deitua, azaroaren 29rako, eta txanda bakoitzeko ordubetekoa izango da, 9:00etatik 10:00etara eta 17:00etatik 18:00etara.

Duela urtebete, gutxi gora-behera, Galletas Artiacheko langile bat kaleratu zuten kontratu amaiera batekin. LABek gertatutakoa salatu eta Lan Epaitegiak ebatzi du kaleratzea ez zela bidezkoa izan.

Azaroaren 9an epaia jaso eta hurrengo egunean, Enpresa-batzordearen gehiengoak (LAB, ELA, ESK eta CCOOek osatua) bertan behera utzi zuen negoziazio kolektiborako mahaia, mahai-gainean kaleratze bat izanda lantegian dagoen behin-behinekotasunaren inguruan hilabetez hizketan egon ondoren, ez delako posible akordio hau momentu hauetan.

Enpresa-batzordearen gehiengoak hartu zuen erabaki hau langileen asanbladak berretsi zuen azaroaren 15ean. Asanblada honetan lanuzteei ekitea erabaki zen, txanda bakoitzeko ordu betekoak, progresiboki gero eta luzeagoak egiteko. Helburua, kontratazio politika salatzea eta kaleratutako langilearen berronartzea eskatzea.
 

 

 

Lanpostuen defentsan mobilizatu dira Tubos Reunidos enpresako langileak

0

Lanpostuen suntsiketa salatu zuten atzo arratsaldean Amurrion, zuzendaritzaren asmoa dela eta. Goizean, berriz, Gasteizera eraman zuten euren ezinegona; Arabako Batzar Nagusien atarira, hain zuzen ere.
 

 

 

Hitzarmenaren hileta eszenifikatu dute Bizkaiko bulego eta langeletako langileek

Bizkaiko bulegoetako eta langeletako langileak borrokan dira, hitzarmenaren defentsan. Hala, negoziazioaren blokeo egoera ikusita, mobilizatzea erabaki dute eta, bide horretan, protesta egitarau bat prestatu dute. Mobilizazioen artean lehena gaur egin dute Bilbon. Hain zuzen ere, BBVA, Kutxabank eta LANTIKen aurrean egin dute protesta. 

Abenduaren 13an egingo dute hurrengo mobilizazioa. Enpresa bakoitzaren aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte. Urtarrilaren 18an, berriz, 19:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik hasita, Gran Vian CEBEK patronalak duen egoitzaraino, sektorearen manifestazioa egingo dute. Azkenik, otsailaren 1erako grebara deitu dute.
 

 

 

35 orduko asteko lanaldia aldarrikatu dugu Mungian

Bilbo atzean utzi eta Mungiara iritsi da gaur Ekimen Ibiltaria. Hala, industriaguneak bisitatu ditugu, eta enpresa txiki eta ertainetan gure aldarriak zabaldu ditugu, "Lan duina, bizi duina" leloa oinarri. 35 orduko asteko lanaldiaren aldarrikapena izan da zabaldu dugun mezuetako bat.

Goizeko lanketaren ostean, jarduera gehiago egingo ditugu arratsaldean Mungian. Hain justu, Infogunea muntatuko dugu Matxin plazan, 18:00etan. Ordubete geroago, mahai inguru bati ekingo diogu leku berean, "Mungiako enpresen egoera eta herriarekiko lotura" izenburupean.

Ekimen Ibiltariak Bizkaian jarraituko du bihar:

-13:00etan, auto karabana eta ekitaldi bat egingo dugu Zamudioko Teknologia Parkean.

-18:00etan, Getxoko Txiki eta Otaegi plazan, Infogunea egokituko dugu.

-19:00etan, Getxoko Txiki eta Otaegi plazan, mahai inguru bat egingo dugu, "Zaintza lanik gabe ez dago bizitzerik. Nork egiten ditu eta zein baldintzetan" izenburupean.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Confebaskek lortu du eskatzen zuena”

Sozietate Zergaren jaitsieraren inguruan gure iritzia emateko agerraldi bat egin dugu gaur LAB eta ELA sindikatuok. Iragarritako jaitsiera ez dela bidezkoa salatu dugu, antisoziala dela nabarmentzeaz gain. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, "EAJk desberdintasun sozialak areagotzea ontzat ematen du, Confebaskeri alfonbra gorria jartzen dio, langiloen mesedetan erabaki politiko bat ere ez, prekarietatea eta pobrezia sustatzen ditu. Hau da EAJren herri eredua".

"Confebaskek lortu du eskatzen zuena". Halaxe baieztatu du Garbiñe Aranburuk, gaurko agerraldian. LABeko idazkari nagusiak ez du zalantzarik: "Patronalak presionatzen jarraituko du zerga gutxiago ordaintzeko, hazkunde garaian lehiakorragoak izateko dela esango digute eta atzeraldi garaian enpresak erakartzeko. Bere azken helburua zerga desagertzea da. Jarraituko du, bere estrategia babesten duen klase politikoa badu".

Erabaki hau aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan kokatu behar dugula esan du Garbiñe Aranburuk: "EAJk aurkezturiko aurreproiektua neoliberala eta antisoziala da, 135 eta 155 artikuloen aldekoek bakarrik babestu dezaketena. Inboluzio sozial eta politikoaren erantzule diren PSE eta PP".

LABeko ordezkariaren arabera, "EAJk bere lehentasunak argi ditu eta ez ditu ezkutatu, ez da saiatu ere egin beste babes batzuk bilatzen. PSEren babesa bazuen eta gusto handiz ari da PPren exijentziak betetzen".

EAJ beti egon da sozietateen gaineko zerga murriztearen alde, beti Confebasken eta orain PPren eskaera honen alde. Eskuineko alderdi bat da. Eredu ekonomiko eta sozial neoliberala defendatzen du, Confesbasken eredu bera. Eta PPren eredu bera euskal labelarekin: "PSEk erakutsi du, EAEn duen proiektu politiko bakarra, bai ala bai, gobernuan mantendu eta karguak mantentzea dela. Beraientzat gaindiezina zirudien marra gorriak aste gutxitan marra gorri izateari utzi dio".

Patronalari zergak murriztearen aldekoek, enpresen gaineko zergaren murrizketen gezurrezko onurak kontatzen dizkigutela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk. Baina zer ez dute esaten?

1. Zerga hau murrizketa nazioarteko tendentzia da eta horrela ez da egia enpresa berriak erakartzeko onurarik duenik

2. Eztabaida errenten gaineko zergaren tipo nominalean kokatzea tranpa egitea da. Dagoen kenkari sistemaren bidez, dagoeneko euskal enpresek ordaintzen dutena Europako baxuenetakoa da, orain baxuagoa izango da

3. Errenten gaineko zergaren bidez jasotzen ez den dirua, zeharkako zergen bidez konpentsatzen da gehienetan, BEZaren bidez normalean. Errenten gaineko zerga 2007an ere murriztu zen eta BEZa azken urte hauetan igo egin da. Hau langile klasearen kaltetan da, BEZ guztiok ordaintzen dugu

Ondorioa argia eta kezkagarria dela ohartarazi du LABeko idazkari nagusiak: "Neurri hauek eta orokorrean bultzatzen ari diren politika publikoek errenten eskualdatzea posible egingo dute. Sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatuz. Hazkunde ekonomikoak jarraituko du langileena iritsi gabe. Langileak prekarietate eta pobreziara kondenatzea, erabaki politikoa da. Salatzen jarraituko dugu eta mobilizatzen jarraituko dugu".