2026-09-06
Blog Page 905

Lan munduan baietz 24 orduz euskaraz!


LABeko kideok, abenduaren 1ean, gure lan esparruan eta bizitzan 24 orduz euskara hutsean aritzeko erronka hartu dugu, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta. Euskara LAB sindikatuaren hizkuntza dela erabaki genuen 2000. urteko Biltzar Nagusian eta harrez gero, etengabean ari da LAB sindikatua helburu hori betetzeko ahaleginean.

Euskara lan-munduko hizkuntza izan dadin EUSLAB egitasmo estrategikoa onartu eta martxan jarri genuen LABen. Interbentzio estrategiko horrek bi lerro barnebiltzen ditu. Batetik, LAB sindikatuaren barruko hizkuntza euskara izateko SINEUS egitasmoa, eta lan munduan euskararen normalizazioa lortzeko LANEUS egitasmoa.

LABeko kideok, SINEUS egitasmoaren barruan eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat egoitza eta sail sindikaletran adostu dugu abenduaren 1ean kide guztiok 24 orduz euskara hutsean arituko garela. Erronka zaila bezain itxaropentsua esku artean hartu duguna, izan ere, oraindik orain, oso zeregin zaila baita euskararen lurraldean euskaraz bizitzea, eta are zailagoa euskaraz lan egitea.

Ilusioa eta gure kemen guztia jarriko dugu gure erronka benetan gauza dadin. Euskal Herrian 365 egunez euskaraz bizi nahi dugu eta!

LAB sindikatuak beste urte betez berretsi egiten du euskarern normalizazioarekiko sindikatu gisa hartutako konpromisoa, eta lan horretan aurrera jarraitzeko determizazio irmoa erakusten du, alegia, langileon hizkuntza eskubideak azaleratu eta defendatzeko hautua egiten dugu.

Langileok eskubidea dugu euskara jakiteko.
Langileok eskubidea dugu lan euskaraz egiteko.
Langileok eskubidea dugu lan harremanak euskaraz burutzeko.

KALEAN, ZEIN LANEAN, EUSKARAZ ASKATASUNEAN!
 

 

 

Pentsionistek DSBEren osagarria eta kopagorako laguntza eskuratzea erraza eta berehalakoa izatea proposatzen dugu

Pentsionstentzako DSBEen datuek erakusten du asko direla gutxieneko soldata duina izatera heltzen ez diren pentsiodunak. Hilean 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa eskatu zuten Parlamentuan plataformek, 71.724 sinadura aurkeztuta. Baina ez hori bakarrik, pentsionista horietako asko ez dira DSBEan zehaztutako 775,87 euroetara iristen.

EAEn 547.221 pentsionisa dago, hauetako asko DSBEko 775,87 eurotako kopuruaren azpitik kobratzen dutenak, baina 9.780 pentsiodun soilik dira aurtengo urrian, DSBEri osagarria jasotzen dutenak, %68,49 emakumezkoak izanik.

Gainera, zerbait arraroa ari da gertatzen, DSBEren osagarria eskuratzera iritsi diren pertsonen kopuruak behera egin baitu urtean zehar. Urtarrilean 15.799 ziren eta 9.780 pasa den urrian, DSBEren laguntzen ia %40 gutxiago. Zerbait arraroa ari da gertatzen eta horregatik premiazkoa da diru-sarrera hauek eskuratzeko eredu irisgarriagoa zehaztea.

Antzerako zerbait geratzen da osasun kopagoaren laguntzaz, orain ordaindu behar dituzten botika horiengatik. Urteko 18.000 eurotik behera kobratzen dutenek eskuratu dezakete laguntza hau. Arlo honetan ere asko dira laguntzat eskuratu ahalko lituzketen pertsonak baina benetan eskuratzen dutenak oso gutxi dira. Gainera, Gasteizko Gobernua bera kopagoari eskainitako partida murrizten ari da. 2014an 18 milioi izan ziren eta datorren 2018rako 7,3 baino ez daude ikusita.

Iragarri duten moduan lagundu nahi den pertsonen kopuruak gora egin badu, nabarmena da zerbait ez dabilela ondo. Argi geratu da Eusko Jaurlaritzan botiken kopagoari laguntzeko erabiltzen duen “eredua” ez dela egokia. Jarritako sistemak asko zailtzen dio pertsona askori laguntzok eskuratzea, eta horregatik, behin baino gehiagotan eskatu da pentsionisten plataformetatik sistema erraz eta irisgarriagoa, farmaziara botikak eskatzera doazenean ezarriko dena. Botikak gure osasun txartelean jasota baldin badaude, formula automatiko bat zehaz liteke eta horrela, benetan lagundu laguntza hauek eskuratzeko eskubidea duen jende guztia.
 

 

 

Beste industria politika bat aldarrikatu dugu Sestaon

LABen ekimen ibiltaria, “Lan duina, bizi duina” lemarekin Euskal Herri osoa zeharkatzen ari dena, Ezkerraldean gelditu da gaur. Hain zuzen ere, Sestaon, Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza salatu dugu, eta industria politika eza hori estaltzeko Eusko Jaurlaritzak propaganda ekitaldiak bakarrik egiten dituela. Azken adibidea pasa den asteko Basque Industry 4.0 kongresua izan da. Salatu nahi dugu propaganda honen guztiaren atzean dagoen industriaren benetako errealitatea oso larria dela. Arduragabekeria itzela da Eusko Jaurlaritza egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean.

Saltzen ari diren ke guzti honen atzean, GENERAL ELECTRIC, GAMESA SIEMENS, ARCELOR MITTAL, CEL TALDEA, EDESA INDUSTRIAL, XEY, LA NAVALeko AZPIKONTRATETAko eta beste hainbat enpresetako langileak daude.

Eta gainera;
• Espainiako lan erreformaren bidez enpresa ehuna txikitzen ari dira multinazionalak, nahi dutena egin dezakete.

• Industriak egiturazko arazoak ditu, balio erantsian lehiatu beharrean kostuetan lehiatu nahi duelako, prekarietatearen bidez. “Basque” izena jarriko diote baina Espainiako eredua da.

• Enpresen deslokalizazioak ematen ari dira, eta erabakiguneak kanpora ateratzen ari dira, geroz eta gehiago dira kanpoko funtsen esku dauden enpresak.

• Aberastasuna ez da banatzen: inoizko irabazi handienak biltzen ari diren garaietan, lotsagarria da negoziaketa kolektiborako eskubidea ukatua egotea industriako langile askorentzat. Irabaziak eta prekarietatea gora doaz, baina inbertsioak eta aberastasunaren banaketa behera.

Eusko Jaurlaritzak, eztabaida publikoari bide eman gabe, alde bakarrez hurrengo 5 urteetako industria plana onartu du. Guk uste dugu gauzak beste era batetara egin litezkeela, 10 neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatzen du LABek, bestelako industria politika bat egingarria dela frogatzen dutenak. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bertan behera uzteko multinazionalentzat egin duen bere industria plana, “PREKARIETATEA 4, INDUSTRIA 0” plana, eta eztabaida ireki dezala eragile guztien artean.

Euskal Herriak etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida ematea eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin beharrezkoa da. Baina ez dago horretarako borondaterik.

Tapia, Rementeria, propaganda gutxiago eta industria gehiago!
 

 

 

Gasteizko BSH Bosch-eko enpresa batzordeak bermeak eskatu ditu lantegiaren etorkizuna ziurtatzeko

0

Gasteizko Legebiltzarrean egin du agerraldia, alderdiekin izandako bilerei buruz hitz egiteko. Bitartean, langileek bi orduko lanuztea egin dute euren ezinegona adierazteko.
 

 

 

Etorkizuna bermatuko duen plan bat eskatu dute Bergarako Arcelor Mittalen

0

Elkarretaratze bat egin dute Bergarako lantegiaren aurrean. Enpresa batzordeak salatutakoaren arabera, berriro enplegua suntsitzen ari dira Bergarako lantegian eta, horretaz gain, ez dute etorkizuna bermatzen. Horiek dira elkarretaratzea deitu izanaren zergatiak.

Bergarako Arcelor Mittaleko enpresa batzordearen hitzetan, "ezinbestekotzat jotzen dugu errelebuak mantentzeko eta gaur egun adina tona laminatzeko palankila kopurua bermatzea. Enpresak dio Bergararen aldeko apustua egiten duela, hori horrela bada, bada garaia horretarako inbertsioak eginten hasteko eta horrela langileen baldintzak ziurtatzeko".

Era berean, enpresa zuzendaritzak Euskal Herriko lantegietan aurrera daraman desindustrializazio politika salatu du: "Ez da inbertitzen eta bitartean enplegua galtzen da edo zuzenean lantegiak ixten dituzte".
 

 

 

Garraiolari bat hil da Erriberagoitian


Gaur jakin dugu atzo Araban, Erriberagoitian, gidari bat hil zela kamioia errepidetik irten eta istripu baten ondorioz. 

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diogu garraiolariaren senide eta gertukoei.

Azken heriotz honekin gutxienez 52 langile dira istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenak urtea hasieratik, Euskal Herrian.

Garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartuak daude kasu gehienetan, ezinezko ordutegiak dituzte, kamioian lo egitera behartuak daude, prezio baxuak …..

Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Arazo hauek behin eta berriz ezkutatzen saiatzen dira Administraziotik, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein prezioan.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia egiten dugu datozen egunetan gehiengo sindikalaren eskutik deituko diren deialdietan parte hartzeko.
 

 

 

Irakasleen %70 baino gehiagok egin du greba

0

Donostian deitutako manifestazioa.

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 26.000 langile ingurutik %70 baino gehiagok egin du greba. Jarraipen bereziki handia izan du Haur eta Lehen Hezkuntzan. Grebarekin bat eginez milaka lagun irten da kalera Hezkuntza Publikoan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Gasteizen egindako mobilizazioa.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzun eta garatzeko LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.

• Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

• Ikasle-ratioak %10 murriztea. • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea
(gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

• Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa,
aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Irakasleentzat ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hezkuntza Sailari irakasleon eta Hezkuntza Publiko osoaren egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

Antolakuntza eta borrokaren aldeko apustua berretsi dugu Lisboan

0

LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz Portugalen dago, herrialde horretako CGTP IN sindikatuak antolatutako lanaren etorkizunari buruzko konferentzian parte hartzen, Europa, Asia, Afrika eta Amerikako hainbat sindikatuetako ordezkarirekin batera. Lisboan egiten ari diren jardunaldietan hitza hartu du LABeko ordezkariak, eta, Euskal Herria "saldu nahi diguten oasia ez dela" argi eta garbi utzi eta gero, nabarmendu du antolakuntza eta borroka direla egoerari buelta emateko bideak: "LABek langileei eskaintzen dien alternatiba antolakuntza da, patronalari botere eremuak irabazteko".
 

 

 

Igor Urrutikoetxea omenduko dute, larunbatean, Lezaman

Oxangoitin jarri dute hitzordua, 13:00etan, familiaren etxe aurreko zuhaitzara joateko. Ekitaldi bat egingo dute bertan. 14:45ean, berriz, bazkari bat egingo dute Oxangoitin eta, bazkalostean, CUPeko kide batek solasaldi bat eskainiko du.

2013ko azaroaren 28an hil zen Igor Urrutikoetxea Bilbao, Brasilen. Ibilbide luzea zuen LAB sindikatu barruan. Aholkularitza juridikoan hasi, Hego Uribe Arratiako arduradun, metalean gero, Nazioarteko idazkaria zen hil zenean. Hori sindikatu barruan, Lezama jaioterrian saltsa guztietan ibilitakoa zelako aurretik: euskalgintzan, herrikoan, presoen aldeko mugimenduan, internazionalismoan…

Hala, bere heriotzaren 4. urtemugan, hainbat jarduera egingo dituzte Lezaman, bere ekarpena eta ibilbideari ohore egiteko.